angle-left Hezkuntzak 666 irakaslerekin indartuko du 2020-2021 ikasturtea

Kontratuen erdiak dagoeneko esleituta daude, eta gainerakoetatik, 140 itunpeko sarerako dira, eta 170 irailean esleituko dira sare publikoan

2020/08/28

Hezkuntza Departamentuak 666 irakaslerekin indartuko du 2020-2021 ikasturtea. Izan ere, abuztuan sare publikorako 356 kontratu egin dira edo egiteko bidean daude. Gainerako 310 lanpostuetatik, itunpeko sarerako izanen dira 140 kontratu berri, eta sare publikorako beste 170, irailean esleituko direnak. 

Hala adierazi du Carlos Gimeno Hezkuntzak kontseilariak, “azken orduetan egin diren interpretazio makur eta okerrekoei” erantzunez. Ildo berean, argitu du “Departamentuak hezkuntza-sistema indartzen jarraituko duela, ikasgeletara itzultzeko orduan COVID-19 pandemiaren ondorioei aurre egiten ahal izateko”.       

Gaurkoan, abuztuak 28, tokiak esleitzeko sistema telematikoak (ATP) bete gabeko 173 irakasle-lanpostu eskaini ditu, horietatik 112 Haur eta Lehen Hezkuntzako zikloari dagozkionak, eta 61 dibertsitateari arreta emateko PROA+ programaren barnekoak. 

Kontratazio berri horiek Hezkuntza Departamentuak iragan ekainean eginikoei gehitu behar zaizkie. Orduko hartan 33 kontratazio berri egin ziren Partekatutako Hezkuntza Programarako; 40, hezkuntzako orientatzaile-lanpostuetarako; pedagogia terapeutikoan espezializaturiko 91 hezitzaile; 6 irakasle laguntzaile, eta beste 10 kontratu, arreta terapeutikoko programarako. Orotara, 183 hezitzaile gehiago 2020-201 ikasturterako; gaur eskaini diren 174 kontratu baliokideei gehiturik, heldu den ikasturterako hezitzaile-lanpostu berrien guztizko kopurua  356koa da. 

666 irakasle-lanpostu berrien kopurua osatzeko falta diren 310 kontratuetatik, itunpeko hezkuntza-sareko irakasle-kopuruaren gehikuntza kendu beharra dago; gehikuntza hori ikastetxe horien finantzazio-moduluak handituz finantzatuko da. Zehazki, 110 irakasle gehiago izanen dira txanda-banaketetarako; 20, lantaldeak indartzeko; eta 10 zuzendaritza-taldeei laguntzeko.   

Mahai Sektoriala eta Kontingentzia Plana

Departamentuak irakasle-lantaldeak indartzeko esleipen-prozeduraren berri eman zuen ostegunean, abuztuak 27, sindikatuekin eginiko Hezkuntzako Mahai Sektorialean. Bilera hartan jakinarazi zen zer-nolako lana eginen duen Ikuskaritza Zerbitzuak ikastetxeekin, indartu beharrekoak aztertu eta eskatzen dituzten irakasleen soslaiak ezartzeko.

Irakasle horiek hartzeko jadanik existitzen diren kontratuak luzatuko dira, edo Hezkuntza Departamentuak ATP berriak eginen ditu.

Abuztuaren 21ean Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak esan zuen bezala, 254 kontratu baliokide ikasturte honetarako eginiko planifikazio- eta sendotze-lanaren emaitza dira; lan horren xedea iragan martxoan aginduriko ikastetxeen itxieraren ondorioei aurre egitea izan da. Beste 412 kontratu berri Lehen Hezkuntzako zikloan ratioa 20 ikaslera murrizteko erabakiaren ondoriozkoak dira. Txandak banatzeko beharra ekarri du horrek, baita laguntzeko eta zuzendaritza-lanak indartzeko kontratu berriak egitekoa ere, COVID-19 pandemiaren agertokian. 

Oroitarazi beharra dago iragan ekainean Nafarroa izan zela COVID-19rako Kontingentzia Plan bat egin zuen lehenbiziko autonomia-erkidegoa. Plan hori udan zehar eguneratu da, pandemiaren bilakabidearekin bat eginez eta osasun-gomendioei jarraikiz.

Denbora-tarte horretan Hezkuntza Departamentuak “legegintzaldia hasi zenetik, eta bereziki ikastetxeak itxi zirenetik etengabea izan den elkarrizketa- eta kontsentsu-prozesu bat garatu du hezkuntza-komunitateko eragile guztiekin”, azaldu du Gimeno kontseilariak. 

Orotara, Nafarroako Gurasoen Mahaiaren lau bilera egin dira urtebetean, eta batzar ugari, aurrez aurre eta bideo-konferentzia bidez, ikastetxeetako zuzendarien elkarteekin; Hezkuntzako Mahai Sektorialeko ohiko bilerak egin dira, CERMINekin elkarrizketak egin dira, eta Nafarroako Eskola Kontseiluaren batzarrak eta Batzorde Iraunkorrak beren jarduerari eutsi diote; azken horretan ordezkaritza zabala du hezkuntza-administrazioak. Horrez gain, hezkuntza-munduan dabiltzan beste entitate batzuekin lan egin da, eta horren emaitza hainbat “ekarpen garrantzitsu” izan dira, eskola-jardueraren prebentzio- eta antolaketa-protokoloetan gehitu direnak, eta “hezkuntza-sistemari onura ekarriko diotenak”, Gimenok adierazi duenez.