angle-left Irakasleek euskara ikasteko edo hobetzeko ikastaroak egiteko laguntzak argitaratu ditu Hezkuntzak

2019ko irailaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean egindako ikastaroetara bideratuko dira dirulaguntzak

2020/07/21

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak irakasleek euskara ikasteko edo hizkuntza hobetzeko banakako laguntzak argitaratu ditu. Dirulaguntza 2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 30ra bitartean egindako ikastaroetara bideratuko da. 

Ikastetxe publikoetan edo helduei euskara irakasteko ikastetxe pribatuetan emandako ikastaroren batean parte hartu duten irakasleek irailaren 1etik aurrera aurkezten ahalko dute eskaera telematikoki. Diruz lagunduko dira ikastaro estentsibo nahiz intentsibo presentzialak, baita barnetegietan egiten direnak eta online ikastaroak ere, euskara ikasteko (2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31 bitarte egindakoak) edo hobetzeko helburua dutenak (denbora tarte horretako eskolarik gabeko aldietan eta oporraldietan egindakoak). Ikastaroen helburua izanen da lantzea irakasleen euskarazko hizkuntza gaitasuna bera edo irakas-praktika hobetzeko metodologia. Hortik kanpo uzten dira online egiten diren hobekuntza ikastaroak eta eduki metodologikoa duten prestakuntza ikastaroak, baldin eta 2019ko urriaren 1etik 2020ko maiatzaren 31ra egin badira; izan ere, Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroak (EIBZ) eta irakasleentzako laguntza zentroek doako prestakuntza eskaini dute aldi horretan. Eskaeran sartzen ahalko dira zentro horietan eman ez diren ikastaroak.

Onuradunak

Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako ikastetxe publikoetako eta itunduetako irakasleek eskatzen ahalko dituzte laguntzak, baldin eta matrikula egiten duten unean jarduneko zerbitzuan badaude edo administrazio edo lan kontratu bat badute.

Laguntzak matrikularen kostuaren %50 hartuko du. Barnetegietako ikastaroen kasuan, halaber, ostatu eta mantenu gastuen %50 ere ordainduko da, gutxienez.

Laguntzen %75 sare publikoko irakasleentzat izanen da, eta %25, sare itundukoentzat.