Unibertsitateko nazioarteko mugikortasun programetan parte hartzen duten ikasleentzako laguntzen deialdia zabaldu du Hezkuntzak - Unibertsitateko nazioarteko mugikortasun programetan parte hartzen duten ikasleentzako laguntzen deialdia zabaldu du Hezkuntzak - Dpto
Aurten diru-laguntzaren zenbatekoa gehitzearekin bat eginez ikasleek iraupen luzeagoko egonaldietarako jaso ahal izango dute laguntza
2019/03/15
Nafarroako Aldizari Ofizialean gaur argitaratu da Nazioarteko Mugikortasunerako Unibertsitate Programaren Laguntza osagarrien deialdia 2018-2019 ikasturterako. Laguntzak eskatzeko epea apirilaren 15ean amaituko da.
Diru-laguntza eskatzeko aukera izanen dute nazioarteko mugikortasunerako programetan parte hartzen duten unibertsitateko ikasleek, deialdian jasotako ezaugarriak betetzen badituzte. Laguntza honen bitartez egonaldiaren hilabete bakoitzeko 100 euroko diru-laguntza emanen da, eta 25 euro asteko egonaldia amaitu bitartean. Kasu guztietan, egonaldia azaroaren 30ean amaitu beharko da. Aurten, diru-laguntza hauen gehienezko kopurua 30.000 eurotan igo da. Hala, 260.000 euro bideratuko dira; horietatik 240.000 euro Graduko ikasleentzako eta 20.000 Masterretako ikasleentzako.
Nazioarteko mugikortasunerako diru laguntza hauek Nafarroako ikasleek (edo Nafarroan errolda dutenek) unibertsitateen mugikortasun programetan parte hartzeagatik jasotzen dituztenekin gehigarria da. Ikasleen gehiengoak laguntza hauek Erasmus+ (Europar Batasuneko herrialdeetan), ISEP (AEB herrialdeetan) edota NUPek kudeatutako Hezkuntza Solidarioa, Palafox (Latinoamerikan) edo Martin de Rada (Asia) egonaldien gastuak kubritzeko erabiltzen dituzte.
Aurten egindako aurrekontu igoerari esker laguntza eskatu daitekeen hilabeteen kopurua luzatu da. Orain arte gehienez ere 9 hilabeteetarako eskatu zezaketen laguntza ikasleek eta orain 12 hilabetez eskatu ahal izango dute. Igoerari esker gainera aurretik laguntza jaso zuten masterretako ikasleek ere bigarrengo egonaldietarako laguntza jaso ahal izango dute.
Berrikuntzen artean nabarmentzekoa da diru-laguntza ematerakoan irizpideen artean hizkuntzen ezagutza zehaztu izana. Hala, atzerriko hizkuntzetan (ingelera, frantsesa, alemana edo italiera) C1 eta C2 hizkuntzen ezagutza dutenek puntu gehigarriak eskuratuko dituzte.
Datu horiek eta beharrezkoak diren gainontzekoak, www.navarra.es atarian kontsulta daitekeen eskaera orrian zehaztu daitezke. Laguntzaren eskaera eta eskatutako agiriak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean edo Nafarroako Gobernuko erregistroko edozein bulegotan aurkeztuko dira. Gainera, eskaerak hezkuntzaren atarian ere aurkeztu ahal izango dira.
Laguntzen onuradunek diru-kopurua behin egonaldia amaitzen dutenean jasoko dute eta horretarako egonaldiaren amaiera jasotzen duen dokumentua aurkeztu beharko dute.
Iazko ikasturteko onuradunak
2017-2018 ikasturtean 430 laguntza eman ziren, iazko ikastaroarekin alderatuz 30 gehiago. Emandako guztien artean 26 Masterreko ikasleentzako izan ziren eta 404 Graduko ikasleentzat. Emandako diru-laguntza guztien kopurua 229.800 eurokoa izan zen eta ikasle bakoitzak bataz-besteko 534 euro jaso zituen. Nafarroako ikasle gehien hartu dituzten herrialdeak, Italia, Alemania, Polonia eta Frantzia izan dira. Onuradunen artean %50 NUPeko ikasleak izan dira, %20 Nafarroako Unibertsitatekoak eta gainontzekoak beste unibertsitateetakoak. Laguntza jaso zutenen %61a emakumeak izan ziren.