angle-left Hezkuntzak salatu egin du SKOLAE Hezkidetza programaz egiten ari den manipulazioa

Hezkuntza departamentuak berretsi egin du programak indarrean dagoen legediarekin betetzen duela eta guztiz ezeztatu ditu SKOLAEren kontra zabaltzen ari diren interesatutako baieztapenak

2018/10/22

Hezkuntza departamentuak manipulaziotzat jo ditu SKOLAE Berdin Bidean hezkidetza programaren kontra egiten ari diren salaketa larriak. Nafarroako gobernuak sustatzen duen programaren kontra esaten ari direnak guztiz faltsuak dira eta baieztatzen ari dena, baita parlamentuko hainbat ordezkariren aldetik ere, ez da inondik inora lotzen ez programaren literaltasunarekin, ezta izpirituarekin ere.

UPN eta PPren parlamentuko bozeramaileek SKOLAEz egin dituzten kritikak manipulatutako baieztapenak dira, eta programak egiten dituen proposamenen erabateko desitxuratzea. Haurren joko erotikoez mintzatzea ohikoa da sexologia eta garapenaren psikologiaren terminologian eta norberaren eta bestearen gorputza ezagutzeaz ari dira, besterik ez. Bestelako interpretazioa egitea hezkidetzan sinesten ez dutenek programa desprestigiatzeko darabilten hitzak dira.

SKOLAE programaren “Sexualitatea eta tratu ona” ardatzean jasotzen diren edukiak guztiz koherenteak dira, esaterako, UNESCOren “Orientaciones técnicas internacionales sobre educación en sexualidad” dokumentuarekin, eta Osasun ministerioaren sexu eta ugalketa osasunaren estrategiari jarraitzen diote. Ezin da helduen begiradatik aritu haurren sexualitatez.

Era berean, beharrezkoa da gogoratzea SKOLAE oinarritzen dela hiru lege organikotan (2/2006 hezkuntza legea; emakume eta gizonen berdintasunareko 3/2007 legea; genero indarkeriatik babesteko neurrien 1/2004 legea), LGTBI+ pertsonen gizarte berdintasunerako 8/2017 foru legean, laster onartuko den Berdintasunerako foru legean nahiz sexu eta ugalketa osasuna arautzen duen 103/2016 foru dekretuan, besteak beste. Lege horiek guztiek arautzen dute hezkuntzan, besteak beste, material didaktikoen erabilera, curriculumeko edukiak, gaitasun pertsonala; beraz, derrigorrez betebeharreko mandatuak.

Laburbilduz, legea betetzea, legezko babes nahikoa baitauka hezkidetza programak eta hala bermatzen du iazko ikasturtean egindako pilotatzeak. Haur eta lehen hezkuntza eta DBHko 16 ikastetxetan testatu zen programa eta ez zen inolako arazorik egon; are gehiago, edukiak finkatzeko eta ikasketa prozesuan hobekuntzak egiteko balio izan du, aurten modu progresiboan hasi den ezartze prozesua erraztuz. SKOLAE Hezkidetza programa berdintasunean, hezkidetzan eta hezkuntzan adituak diren pertsona teknikoekin diseinatu da eta estatuan aitzindaria den programaren ontasunak goraipatu dituzte, gainera. Bide horretan, datorren asteburuan Carlos III unibertsitatean egitekoa den Hezkidetzaren inguruko Nazioarteko lehenengo kongresuan aurkeztuko da Nafarroako Hezkidetza programa.