angle-left Hezkuntzak 3 milioi euro bideratuko ditu Udal Musika Eskolen mantenimendua diruz laguntzeko

Eskola horietako erakunde titularrek 3.000 eurorainoko laguntzak eskatu ahal izango dituzte ikasle bakoitzeko, maiatzaren 26ra arte

2022/05/05

Foru Komunitateko Musika Eskolen mantentze lanetarako eta funtzionamendurako laguntzen deialdia argitaratu du gaur Nafarroako Aldizkari Ofizialean Hezkuntza Departamentuak, 3 milioi euroko inbertsioarekin. Toki-administrazioek eta zentro horien erakunde titularrek maiatzaren 26ra arte aurkez dezakete eskabidea.

Oinarrietan jasotzen den bezala, musika eskola bakoitzak 3.000 euro arte jasoko du 20/21 ikasturtean zehar matrikulatutako ikasle bakoitzeko, baldin eta ikasturte horretan bertan lanbideko edo goi mailako musika-ikasketa arautuetako ikastetxe batean sartu bada. Era berean, 2021ean Nafarroako Gobernuaren Musika eta Dantza Eskolen Erregistro Espezifikoan harpa, kontrabaxu, fagot, tronpa, tuba-bonbardino, txistu, biola, biolin eta biolontxelo espezialitateren bat inskribatu dutenek eta, aldi berean, horietan ikasleak matrikulatuta dituztenek 2.000 euro arte jasoko dituzte ikasle bakoitzeko.

Ikastetxeen titularrek Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorreko bulegoetan, Hezkuntza Departamentuan edo deialdian zehaztutako edozein lekutan aurkeztu ahal izango dute eskabidea.

Musika-eskola bakoitzerako diruz lagundu beharreko guztizko zenbatekoa ezin izango da izan eskolaren erakunde titularrak 2021ean egindako ekarpena baino handiagoa, aurrekontu-ekitaldi horretan gauzatutako aurrekontuan sartuta. Ikastetxeren batek Hezkuntza Sailaren funtzionamendu-baimena lortu badu 2021/2022 ikasturtearen hasieratik, ez da kontuan hartuko ezarritako muga.

Era berean, Musika Eskola bakoitzerako diruz lagundu beharreko guztizko zenbateko hori ere ezin izango da ikastetxearen 2022ko ekitaldiko gastuen hasierako aurrekontuaren % 33 baino handiagoa izan.