angle-left Hezkuntzak 130.000 euro baino gehiago jarri ditu ikertzaileen prestakuntza eta nazioarteko mugikortasunerako asteartea, 2019.eko urtarrilak 15

Doktoregoko hogeita bost ikaslek mugikortasun-laguntzak jasotzen dituzte doktoratu aurreko prestakuntza atzerrian osatzeko

2019/01/16

 

 

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak 2018ko nazioarteko mugikortasunerako doktoratu aurreko laguntzen deialdia ebatzi du, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiaren Prestakuntza eta Ikerketa eta Garapen Planaren barnean. Guztira, 130.000 euro baino gehiago jarri ditu doktoregoa egiten ari diren 25 ikaslerentzat.

Planaren helburua da laguntza osagarriak ematea doktoregoa egiten ari diren ikasleen nazioarteko mugikortasuna sustatzeko, egun doktoratu aurreko laguntza jasotzen duten ikasleentzat, haien prestakuntza-programa indartu eta tesia garatzea bultzatzeko edota Nafarroako ikertzaileek  eta unibertsitate-zentroek garatutako ikerketaren lehiakortasuna eta nazioartekotzea errazteko.

Deialdi honetan, doktoregoa egiten ari diren 25 ikaslek, 14 Nafarroako Unibertsitatekoak eta 11 Nafarroako Unibertsitate Publikokoak, doktoratu aurreko kontratua medio hilero jasotzen dutenaren laguntza osagarria jasoko dute, eta, horrekin batera, bidaiarako poltsa ere bai. Laguntza bakoitza batez beste 5.240 € ingurukoa da. Emandako laguntzen zenbateko osoa 131.000 €-koa da. Nabarmendu behar da horietako 17 (%68) emakumeak direla.

Laguntzak bi modalitatekoak dira: batzuk egonaldi laburretarako eta beste batzuk aldi baterako lekualdaketetarako.

Egonaldi laburrak

Lehen modalitatearen xedea da prestakuntza-programa zuzenean indartzea eta tesiaren garapena bultzatzea. Egonaldian zehar egin beharreko jarduerak, jarduneko ikerketaren izaeraren araberakoak (lana ikerketa-laborategietan, funts bibliografikoen edo dokumentalen kontsulta, teknika instrumental berriak ikastea eta/edo bestelako landa-lanak), zeharkako prestakuntza integralaren izaera dute, eta hori emandako laguntzen izaeraren funtsezko elementua da.

Egonaldi laburretarako laguntzen pertsona onuradunak ondorengo unibertsitate edo ikerketa-zentroetara joango dira: University of Lausanne, Université de Caen Normandie, Energia Berriztagarrien Institutu Teknologikoa, Gdsansk University of Techonology, Riken Center for Sustainbale Resource Science, Oviedoko Unibertsitatea, Biologia Molekularraren eta Medikuntza Erregeneratiboaren Andaluziako Zentroa, University of Sout-Eastern Norway, Universidade Federale do Rio Grande de Sul, Unitet States Department of Agriculture, Helmoltz Zentrum München, University Collage Dublin, Trinity College Dublin, Institut de Recherhe sur les Phénomènes Hors Équilibre, Università Ca’Foscari eta University of Wisconsin-Madison.

Bigarren modalitatean, diru-laguntzen helburua da doktoratu aurreko ikerlariei 4 eta 9 hilabete arteko egonaldia egiteko aukera ematea atzerriko zentro batean, han tesi-proiektua garatu ahal izateko, batez ere lankidetzako ikerketa-proiektu baten edo jatorriko eta helmugako unibertsitateen arteko doktorego-programaren esparruan.

Kasu honetan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta Nafarroako Unibertsitateko ikasleek honako unibertsitate hauetara joateko aukera izango dute: Universidade de Lisboa, Columbia University, King´s College London, University of Reading, Politecnico di Torino, University of Helsinki, Oxford University eta University of Notre Dame.

Aipatu behar da doktoratu aurreko mugikortasunaren deialdia egiten 2017an hasi zirela berriz, sei urteko etenaldiaren ondoren. Orain emandako laguntzak sartuta, 38 ikerlarik eskuratu dituzte Nafarroako Gobernuaren laguntza-programaren barneko laguntzak.

Unibertsitateko prestakuntza DUALA

Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendaria den Nekane Oroz gaur goizean Gasteizen izan da, ‘Unibertsitateko prestakuntza dualaren topaketa: harremanak estutzen lan-munduaren eta goi-mailako hezkuntzaren artean’ izeneko jardunaldian. Bertan, ikastetxeen eta enpresen arteko lankidetza izan dute aztergai, ikasleak enpresa-arloko premietara egokitutako gaitasunekin prestatzearren. Gainera, Unibertsitateko Prestakuntza Dualaren adibideak ezagutu dituzte, Makina Erreminta Institutuko eta Arabako hiriburuko Ingeniaritza Eskolako dekanoen azalpenekin eta Mercedes-Daimlerren fabrikara egindako bisitarekin.