angle-left Hezkuntzak 139 milioi bideratuko ditu itunpeko ikastetxe pribatuen sarera, 2019an baino %4,56 gehiago

Sare pribatuko irakasleen eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen soldata-igoerak 4,3 milioi euro kostako dira

2020/07/15

https://youtu.be/o1WmyWkhxo8

Hezkuntza Departamentuak 139.280.048 euro bideratuko ditu Nafarroako itunpeko ikastetxe pribatuen sarera, 2019an baino %4,57 gehiago, guztira 6.090.314 euroko igoera izanen da. Sare pribatuko irakasleen eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen soldata-igoerak 4,3 milioi euro kostako dira.

Horrela eman du ezagutzera gaur prentsaurrekoan Carlos Gimeno,Hezkuntza kontseilariak, non Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, Hezkuntza Departamentuari irakaskuntza pribatuko enpresetako (erabat edo partzialki funts publikoekin eutsiak) patronalaren eta sindikatuen ordezkarien eta Nafarroako ikastolen artean lortutako akordioaren edukia finantzatzeko, gauzatzeko eta horren segimendua egiteko emaniko baimenaren berri ere eman duen.

Akordio hori indarrean izango da pasa den uztailaren 1etik 2022ko abuztuaren 31ra bitarte.

Lan-baldintzen hobekuntza

Itunpeko irakaskuntza pribatuko enpresa-erakundeek eta USO eta CCOO sindikatuek sinatutako akordio berriari esker, lan-baldintzak hobetzeko ondorengo neurriak mantenduko dira:

-57 urte betetzen dituzten irakasleei 2 eskola-ordu murriztea zuzeneko irakaskuntzako asteko gehieneko eskola-lanaldia eta hori erretiro osoa hartu arte edo, hala badagokio, erretiro partzial aurreratua hartu ahal izan arte.

-Amatasunetik eratorritako kontratua eten ondoren, bularra emateko denborari 21 egun natural gehitzea, eta Hezkuntza Departamentuak ikastetxeei egun horietako ordezkapena ordaintzea.

-Etapa guztietan ordainketa eskuordetuko irakasleen ordezkapena Hezkuntza Departamentuak ordaintzea; ordainketa irakaskuntza publikoan egiten den modu berean egingo da, hezkuntza-arloko gastu publikoa arrazionalizatzeko premiazko neurriei buruzko apirilaren 20ko 14/2012 Errege Lege Dekretuaren aurreko baldintzetan.

-Akordioaren arabera, irakasleen enpleguari eutsiko zaio, erretiro partzial aurreratua ahalbidetzen du txanda-kontratuaren bidez, eta enpresako antzinatasunaren aparteko ordainsaria ordaintzea ere bere gain hartzen du, Gizarte Segurantzak baimendutako eta/edo VI. Hitzarmen Kolektibo Nazionalean ezarritako baldintzetan, betiere ordainketa eskuordetuko irakasleentzat.

Era berean, zuzendaritza eta pedagogia funtzioen finantzaketa jasotzen da, eta hori aurreko akordioetan bezala egingo da, "bestelako gastuak" moduluaren bitartez.

Azkenik, akordioak irakasleen prestakuntza bultzatzen du irakaskuntza publikoko irakasleen baldintza beretan.

Negoziazio-prozesua

2019ko abuztuaren 27an erabaki zen itunpeko irakaskuntzaren sektoreko Akordioa, funts publikoekin osorik edo partzialki eutsitako Irakaskuntza Pribatuko Enpresen VI. Hitzarmen Kolektiboak eta Nafarroako Ikastolen 2017ko irailaren 7ko Hitzarmen Kolektiboak eragindakoa, 2020ko ekainaren 30era arte luzatzea.

Itunpeko irakaskuntzaren sektorean negoziazioaren baldintza betetze aldera, Hezkuntza Departamentuak maiatzean bilera baterako deialdia egin zien sektoreko enpresa-erakundeei, COVID-19aren osasun-krisiaren gailurra gainditu eta gero.

Bilera hartan, Administrazioak enpresa-erakundeei adierazi zien aurrekontuaren igoera zekarten aldaketak egitea ezinezkoa zela, eta negoziaziorako prozedurak Administrazioaren eta sektoreko enpresa-erakundeen artean oinarrien akordio bat sinatzea eskatzen zuela, jarduteko esparru orokorra adostearren; akordioa ekainaren 23an sinatu zen.

Halaber, prozeduraren berri eman zitzaien sindikatuei. Esparru horretan, negoziazio-lanak egin dituzte sindikatu-erakundeek eta sektoreko enpresa-erakundeek, eta, ondorioz, akordio bat lortu da, Foru Administrazioari jakinarazitakoa. Azkenik, Nafarroako Gobernuak Hezkuntza Departamentuari baimena eman dio, gaur, asteazkena, uztailak 15, hartutako akordioaren bitartez, negoziazio horretatik etorritako neurrien finantzaketa bere gain hartzeko.

Aurrekontuaren eta ordainsarien igoera

2020ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan jasotako igoera hori egin da, besteak beste, itunpeko irakaskuntzako irakasleen soldata igotzeko Nafarroako Gobernuak aplikaturiko neurriak medio (%3,25eko igoera). Ehuneko horren barruan sartzen da soldatak %2 igotzea, funtzio publikoari aplikatutako ordainsari-igoeraren parean. Neurri horrek 2.697.266 euroko kostua du.

Horrez gain, Nafarroako Gobernuak bete egin du 2012ko soldata-murrizketak itzultzeko konpromisoa, eta, era horretan, sare horretako irakasleen soldatak beste %1,25 handitu dira. Kopuru hori itunpeko sareko irakasleak ez diren langileen ordainsarien hobekuntzari eta berehalako ordezkapenak aplikatzearen kostuari gehituta, 1.719.507 euroko kostua sortzen da, eta Nafarroako Aurrekontu Orokorrak bere gain hartuko du.

Halaber, Nafarroako Gobernuak 2019ko azaroan onartu zuen beste %0,25 igotzea itunpeko sareko irakasleen soldata, Foru Komunitateko itunpeko irakaskuntza pribatuko enpresen hitzarmen kolektiboko hamahirugarren xedapena betetzeko. Hitzarmen hori 2020ko ekainaren 30era bitarte luzatu zen, 80.760 euroko kostuarekin. Xedapen horretan ondorengoa jasotzen zen: “aurrekontua izateak horretarako aukera ematen zuen heinean, irakasleen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen soldatak 2018tik aurrera igo egingo ziren, funtzionario publikoentzat 2018 eta 2019 urteetarako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan onartutako portzentaje berean, hala badagokio”. Soldata-igoera horrek 852.782 euroko kostua izan zuen.

Azkenik, 2020. urterako Nafarroako Aurrekontuan 640.000 euro jasotzen dira itunpeko sarean unitateen igoera finantzatzeko.