angle-left Hezkuntzak hitzarmena sinatu du Tinko Euskara Elkartearekin euskarazko zinema ikasleen artean zabaltzeko

A, B eta D ereduetako 5.000 ikaslek baino gehiagok filmeekin lotura duten eduki pedagogikoak landuko dituzte

2020/06/30

Gil Sevillanok, Hezkuntzako Zuzendari Nagusiak, eta Tinko Euskara Elkarteko Iñigo eta Izaskun Arandia ordezkariek hitzarmena sinatu dute euskarazko zinema zabaltzeko Nafarroako ikastetxeetan. Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako A, B eta D ereduetako 5.000 ikaslek baino gehiagok, horrela, euskarazko filmak ezagutuko dituzte, hizkuntzaren erabilera sustatuz eta gelan eduki pedagogikoak landuz. Hitzarmenaren zenbatekoa 30.000 eurokoa da 2020. urterako.

Hezkuntza Departamentutik azaldu dutenez, “ikus-entzunezko sorkuntzak gero eta garrantzi handiagoa du gaur egungo gizartean, eta frogatuta dago horren kontsumoak haurtzaroan eta gaztaroan daukan eragina. Horregatik, garrantzitsua da kontsumo praktika egokiak bultzatzea, gazteak giza balioekiko sentiberak izan daitezen, eta ikus-entzunezko ekoizpenaren ekarpenaz jabe daitezen”.

Hezkuntza Departamentuarentzat “oso garrantzitsua da” euskaraz ikasten duten edo ikasten ari diren ikasleek hizkuntza horretan sortzen eta ekoizten dena ezagutzea. Euskarazko zinemaren aldeko zaletasuna eta zuzenean ikasgelarekin lotuta ez dagoen kultur ekoizpen baten kontsumoa bultzatu nahi da horrela.

Plataforma digitala

Tinko Euskara Elkartea 1995etik ari da zinema eskaintza zabala egiten ikastetxeetan, Euskara Zinema Aretoetara egitasmoaren bidez. Elkarteak arrakasta handiko filmak aukeratzen ditu 3 eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzat; banaketa eskubideak erosten ditu; euskarara itzultzen ditu lanak eta zinema aretoetara eramaten ditu, propio egindako hitzarmenen bidez. Filmak aukeratzeko unean, gizatasunarekin lotutako irizpideek agintzen dute: elkartasuna, familia, animaliekiko eta ingurugiroarekiko errespetua, eta eskola jazarpenarekiko arbuioa. Emanaldiaz gain, Tinko Euskara Elkarteak fitxa pedagogikoak sortzen ditu, filmetan agertzen diren gaiak, ondoren, ikasgelan landu daitezen.

Tinko Elkarteak, gainera, aurten COVID-19aren ondorioz sortutako egoerari aurre egin nahian, ikasleak etxetik zinema euskara ikusteko aukera eskaini du, filmak online jarriz eta baliabide teknikoak eta antolakuntzakoak ziurtatuz.