angle-left Hezkuntza Departamentuak aldi baterako kontrataziorako hautagaien zerrendetan sartuko ditu Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako lan-eskaintza publikoan onartutakoak

Hala jakinarazi die sindikatuei gaur eguerdian bideokonferentzia bidez egindako Mahai Sektorialaren bileran

2020/04/24

Hezkuntza Departamentuak, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan, Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako LEPen deialdietan onartutako hautagaiak sartuko ditu, baldin eta eskatutako baldintzak betetzen badituzte. 

Neurria salbuespenezkoa eta iragankorra da, COVID-19aren pandemiaren ondorioz oposizio-probak 20201era atzeratzeak eragindakoa. Modu horretan, Departamentuak behar adina hautagai eduki nahi ditu datorren ikasturtean hezkuntza-sisteman izan daitezkeen premiak betetze aldera. Erabakiaren berri gaur goizean eman diete Hezkuntzako arduradunek sindikatuei, bideokonferentzia bidez egindako Mahai Sektorialaren bileran.

Aldi baterako kontrataziorako hautagaiak izateko Departamentuak egingo duen zerrendan Bigarren Hezkuntzako eta LHko irakasleak hautatzeko deialdietako kidego, espezialitate eta hizkuntza bakoitza agertzen dira; deialdi horiek Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Hornitzeko Zerbitzuaren zuzendariak abenduaren 26an emandako 8/2019 Ebazpenaren bidez onartu ziren.

Hezkuntza Kontseilariak apirilaren 20an emandako 38/2020 Foru Aginduaren bidez, COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren ondorioen inguruko hainbat neurri onartu ziren, 2020/2021 ikasturtea behar bezala antolatzea bermatzeko helburuarekin. Besteak beste, 2021 urtera atzeratu da espezialitate berrietara sartzeko eta horiek eskuratzeko hautaketa-prozedurei dagokien oposizio-fasea; prozedurak Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Hornitzeko Zerbitzuaren zuzendariak abenduaren 26an emandako 8/2019 Ebazpenaren bidez onartu ziren.

Egoera hori medio, 2020an ez dira osatuko hautaketa-prozesutik eratorritako plazarik gabeko gaindituen zerrendak, eta ez dira zerrenda orokorrean sartuko hautapen-prozesuko hautagaiak, araudian ezarritako baldintzak beteta ere.