angle-left Hezkuntza Departamentuak Kimua Programa abiarazi du LHko metodologia aktiboak garatzeko

Programa honetan parte hartu eta "Kimua Zikloa" nahiz "Kimua Zentroa" deritzon ziurtagiri berria lortu nahi duten ikastetxeek izena eman dezakete gaurtik aurrera

2018/08/28

 

Hezkuntza Departamentuak bultzaturiko Kimua Programaren bitartez, metodologia aktiboak sustatu nahi dira Lanbide Heziketako zentroetan nahiz arte plastikoen eta diseinuaren arloko irakaskuntza profesionalak edota araubide bereziko kirol irakaskuntzak eskaintzen dituzten ikastetxeetan. Ekimen honetan parte hartu eta “Kimua Zikloa” zein “Kimua Zentroa” deritzon ziurtagiria lortu nahi duten ikastetxeek parte hartzeko eskaera aurkeztu ahal dute gaurtik aurrera, Nafarroako Aldizkari Ofizialean gaur bertan argitaratu denez.

Lanbide Heziketako irakaskuntzak etengabe indartu, berritu eta eguneratzea da Nafarroako 2017-2020ko Lanbide Heziketako Plan Estrategikoan bildutako ardatzetako bat, horietan metodologia malgu, praktiko eta dinamikoen erabilera bultzatuz eta irakaskuntza-ikaskuntzako metodologia aktiboen erabilera txertatuz. Horren harira sortua da Kimua Programa, Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza Kolaboratiboaren (ACPB) bultzadan oinarrituta. Hezkuntza programa honek ikaslea bihurtzen du ikasketa-prozesuaren arduradun eta ardatz, ezaguerak hartzeko prozesuaren ebaluazio jarraituaren aldeko jarrera kritikoa suatatuz. Ikasleei konpondu beharreko proiektu, arazo edo egoeraren bat edo lortu beharreko xede edo helbururen bat planteatzea da metodoaren funtsa. Honela, Kimua Programak arazoen zailtasunei neurri hartzeko trebetasunak, ordezko alternatiben erabilera eta bilakaera baloratzeko tresnak sustatzen ditu ikasleengan.

4 fasetan egituratutako sareko lana

Hezkuntza Departamentuak zein ikastetxeek eta ikasleek, irakasleek eta ingurune sozio-produktiboak parte hartzen dute hezkuntzaren garapenean, eta guzti-guztiek parte hartzen dute POIK prozesuetan. Hortaz, taldeko eta sareko lana ezinbestekoa da prozesuko partaide guztien arteko koordinazio sistematikoa bermatzeko. Ildo honetan, Hezkuntza Departamentuak lau mailatan egituratuko ditu metodologia aktiboekin lan egin nahi duten ikastetxeen sareak, aplikatu beharreko prestakuntza moduluen edota diziplina arteko lana egiteko moduaren arabera taldekatuz.

Kimua Programarekin bat egitea deliberatzen duten ikastetxeek era malguan egin ahalko dute, programa pixkanaka-pixkanaka ezarriz, lau fase hauen arabera: hasierako prestakuntza fasea, irakasleak metodologia aktiboen printzipioetan eta bereziki proiektuetan oinarritutako ikaskuntza kolaboratiboan (ACPB) trebatzeko; hezkuntza taldeen sorkuntza fasea, metodologia hainbat arlotan bultzatuko duten lantaldeak eratzeko, hainbat ikastaro, mintegi, berrikuntza-proiektu, jardunaldi eta abarretan parte hartuz; garatzeko fasea, ikastetxeek metodologia honen ezarpenean sakontzeko aukera izan dezaten, eta ikastetxeetan eredua indartzeko fasea.

Lanbide Heziketako ikaskuntzak dituzten ikastetxeek klaustroko pertsona bat hedapenaren dinamizatzaile izendatu beharko dute metodologia aktiboen sareetan sartzeko, eta pertsona hori arduratuko da eredu berria ezagutzera emateaz, irakasleei aholkuak emateaz eta beste ikastetxe batzuetako dinamizatzaileekin koordinatzeaz. Hezkuntza Departamentuak 5 pertsonaz osatutako taldea izendatu du, Kimua programaren koordinazioa metodologikoaz ardura daitezen, Nafarroan eredu metodologiko hau pixkanaka-pixkanaka hedatuko dela bermatzeko xedez.

Urteko ebaluazioa eta Kimua ziurtagirien banaketa

Kimua Programan parte hartzen duten ikastetxeen artean, Lanbide Heziketako Zerbitzuak emaitzen urteko ebaluazioa egingo du, eta horretarako, programaren funtzionamendu egokia bermatuko duten aldizkako bileren egutergia finkatuko da.

Gainera, parte hartzen duten ikastetxeek Kimua Zentroa delako aintzatespena jasotzeko aukera izanen dute, irakasleen % 70ek edo gehiagok aldaketa metodologikorako hastapenetako prestakuntza jaso dutela, zikloen % 70 edo gehiago ACPB ereduaren arabera gauzatu direla edota ikastetxearen eredu metodologikoa ikaskuntza kolaboratiboa dela aldarrikatuz. Gainera, Kimua Zikloa deritzon ziurtagiria emanen zaie irakasleen % 70i aldaketa metodologikorako hastapenetako prestakuntza eman dieten ikastetxeei, prestakuntza-zikloko moduluen % 70 edo gehiago eredu horri lotua dutenei edota programazio didaktikoetan ACPB ebaluazio-sistema txertatua dutenei.

Programa hau, Hezkuntza Departamentuaren lidergopean LH ikastetxeetan egiten ari zen lanari berariazko esparrua emateko beharrari erantzunez sortu da, irakasleentzako prestakuntzaren eta proiektu-lehiaketen bitartez:

- Prestakuntza: 2016-2017 ikasturteaz geroztik, ahalegin handia egin da irakasleak eredu metodologiko honetan trebatzeko: 2016-2017 ikasturtean 115 irakasle prestatu ziren eta beste 123 irakasle 2017-2018 ikasturtean. Aldi berean, prestakuntza trinkoa antolatu da koordinatzaileen taldea sortzeko, 20 pertsonaren parte-hartzeaz.

- Proiektuen lehiaketa: Ekintza honen bidez, aurreko atalean zehaztutako prestakuntza egin duten LH ikastetxeetako irakasleek ikasgelan garatutako lana biltzen da. Lehiaketaren bukaeran, LHko metodologia aktiboei dagozkien jardunbide egokiei buruzko jardunaldia antolatu ohi da. 2016-2017 ikasturtean 14 ikastetxek parte hartu zuten eta 12 ikastetxek 2017-2018 ikasturtean. Batean zein bestean, 120 pertsona inguruk parte hartu zuten.

Hezkuntza Departamentuaren lidergopean gauzaturiko ekintza horiez gain, ikastetxeek beste Departamentu eta erakunde batzekin batera lan egin dute metodologia aktiboak aplikatzeko: berariaz nabarmen daiteke “Artearekin Heztea” delako programa, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren, Nafar Lansarearen eta Barañaingo Auditorioaren lankidetzaz egindakoa, artearen bitartez lan eta osasun arloko arriskuak prebenitzeko; “ETESS proiektua” ANELekin batera gauzaturikoa, eta “Ekintzailetza LHan” deritzona, Gosearen Aurkako Ekintza eta Telefonica fundazioekin garatutakoa, gizarte ekintzailetza lantzeko.

Kimua Programa datuetan

Hezkuntza Departamentak 2016an ekin zion programa honen filosofía hedatzeari. Hartara, egun, ikastetxeen % 72k berrikuntza pedagogikoko metodologia eta programa berriak aplikatu ditu azken bi urteotan. Helburua, hala ere, Nafarroako 2017-2020ko Lanbide Heziketako Plan Estrategikoan zehaztutako eredu berriari atxikita dauden ikastetxe guzti-guztiek programa honekin bat eginda egotea da, hedapen fase desberdinetan bada ere.

Zehazkiago esanda, hauexek dira programa ematen hasiak diren ikastetxeak: Sakana LH IIP, Burlata II, Corellako Arte Eskola eta Diseinu Goi Eskola, Elizondo Lanbide Eskola IIP, Lizarrako II Politeknikoa, Uharte BHI, Energia Berriztagarrien Goi Ikastetxe Integratua, Lumbier IIP, Iruñeko Arte Eskola, Hezitzaile Eskola II, Nekazaritza-Basozaintzako II, María Ana Sanz Administrazio, Merkataritza eta Informatikako II, Donibane II, ESTNA Nafarroako Osasun Eskola Tekniko Profesionala II, Ega BHI, Tafalla IIP, Nafarroako Eraikuntzako Lan Fundazioa LHIP, Politécnico Salesianos II Pribatua, Carlos III LHIP, Ikastetxe Teknikoa, Nafarroako Eskola Politeknikoa LHIP, Cuatrovientos II Pribatua, María Inmaculada LHIP eta Santa Catalina Laboure Ikastetxea.

Ekimenak ikaskuntza kolaboratiboko proiektuak dira, eta ekintza hauen bitartez, prestakuntza modulu desberdinei dagozkien zeharkako gaitasunak eta emaitzak garatzen dira. Gizarte oihartzuna izan duten proiektuen artean, honako hauek nabarmen daitezke:

- Abentura ebakuntza-gelan (haurrentzako ospitale-gidaren bideoa)

- Phantasmagoriana (Iruñeko arteen eskolak landutako eskulturak, Zizur Nagusian finkatuta daudenak)

- Iruña beltza literatura jaialdia. Webgunearen sorrera.

- Erritmoa duten emaileak (ESTNA eskolak odol-ematea sustatzeko sortutako bideo musikala).

- Bertiz Proiektua (Idortuta dagoen izei bat eskultura erakusketa bateko osagai bihurtzea)

- 2016-17 ikasturtean, 14 ikastetxetako proiektuak lehiatu ziren.

- 2017-18 ikasturtean, 12 ikastetxetako proiektuak lehiatu ziren.

- Ezagutzen duzu bizi zaren ingurunea? Ingurumen hezkuntzaren museoak ESTNAren lankidetzaz sortua, ingurumen praktika onak sustatzeko asmoz.

Kontaktua: Hezkuntza Kabinetea