angle-left Hezkuntza Departamentuak 21 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu aurkeztu berri duen 2021eko Hezkuntza Azpiegituren Planera

Gimeno kontseilariak proiektu nagusien berri eman du, besteak beste, Agoitzeko DBHI berriaren eraikuntza, Soto de Lezkairuko IP berria, Sesmako Virgen de Nievas IP berria eta Andres Muñoz Garde eskolaren egokitzapena eta handitzea

2020/11/02

Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno eta Azpiegituren Zerbitzuko zuzendaria, Eneko Ardaiz prentsaurrekoan.

Carlos Gimenok, Hezkuntza kontseilariak, gaur goizean aurkeztu du 2021erako Hezkuntza Azpiegituren Gida Plana; Departamentuak 21.569.362 euro bideratuko ditu guztira Foru Erkidegoko sare publikoko ikastetxeak eraiki, egokitu edo hobetzeko. Aurkeztutako proiektuen artean, aipatzekoak dira ikastetxe berriak eraikitzea, hala nola, Agoitzeko DBHI berria, Soto de Lezkairuko Ikastetxe Publikoa, Sesmako Virgen de Nievas IP berria eta Andrés Muñoz Garde Heziketa Bereziko Ikastetxea egokitzea eta handitzea.   

Planak izango duen zenbateko osotik, 10.655.401 euro jarriko dira Nafarroako Gobernuarenak diren ikastetxeetan inbertsioak egiteko, beste 9.263.961 euro udal-titulartasuneko ikastetxeetan inbertsioak egiteko, eta 130.000 euro gordeko dira Hezkuntza Departamentuan bertan hobekuntzak gauzatzeko. Zenbatekoetan, halaber, diru-laguntzak jasotzen dira Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetarako, 0-3 urte arteko etapako zentroetarako eta mantentze-laneko obra txikietarako.

Hezkuntza Azpiegituren Plana 2019-2023 Legegintzaldiko Akordio Programatikotik abiatzen da, eta, bertan, ondorengoa ezartzen da: “irakaskuntza publikoaren kalitatea bultzatzea hezkuntza-sistemaren ardatz egituratzaile gisa, landa-eremuko eskola babestea, Lanbide Heziketako ikastetxeak modernizatzea edota hizkuntza-eredu ezberdinak sustatzea eta instalazioetan energia-eraginkortasunaren eta irisgarritasunaren aldeko apustua egitea”, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak adierazi duen moduan.

Proiektuak

Azpiegitura Planean zenbait lehentasun ezartzen dira; hala nola, instalazioak segurtasun-arrazoiak medio egokitzea, espazioa behar izatea matrikulazioa gehitzeagatik, hizkuntza-ereduak eskaintzea edo bestelako metodologiak ematea eta espazioak hobetzea eta optimizatzea eta eragozpen arkitektonikoak ezabatzea.

Alderdi horiek guztiak kontuan hartuta, Hezkuntza Departamentuak datorren urtean hainbat proiektu amaitu edo hasiko ditu (horien gaineko xehetasuna esteka honetan kontsulta daiteke). Obra horiek gaur prentsaurrekoan aurkeztu ditu Hezkuntza Azpiegituren zerbitzuko zuzendariak.

Modu horretan, 2020ko urtearen amaierarako, ondorengo eraikinak eraikitzen amaitzea aurreikusten da: Iturengo Pulunpa IP berria, Ribaforadako El Cierzo DBHI berria eta Cascanteko Santa Vicenta Maria IP handitzeko lanak. Era berean, 2021eko ekainerako, Iruñeko Iturrama BHIren estalki berria egitea aurreikusten da.

Gainera, 2021. urtean zehar, ondorengo lanak egingo dira Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan: Zudaireko Ameskoa IP egokitzea; Iruñeko Soto de Lezkairuko IP berria eta Virgen de Nievas de Sesma IP berria eraikitzea; eta Murchanteko Mardones eta Magaña ikastetxe publikoak, Castejoneko Dos de Mayo, Fiteroko Juan de Palafox eta Tafallako Marqués de la Real Defensa handitzea. 

Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikastetxeei dagokienean, Agoitzeko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Institutua eraikiko da. Era berean, Oronozen Baztan Zentro Integraturako edo Iruñean dagoen Nafarroako Osasun Eskolarako (NOE) eraikin berrirako egikaritze-proiektuak erredaktatu eta lizitatuko dira. Horrez gain, Eguesibarko Sarriguren BHI, Barañaingo Alaitz BHI edota Iruñeko Iturrama BHI handituko dira.

Era berean, Hezkuntza Bereziko Ikastetxe Publikoa, Nafarroako hiriburuko Andres Muñoz Garde, handitu eta egokituko da.

Prentsaurreko osoaren bideoa