angle-left Hezkuntzak laguntzen deialdi bat aurkeztu du, atzerrian 234 prestakuntza egonaldi egiteko 2022-23 ikasturtean

Erasmus + programaren barruan dago, eta zuzentzen zaie ikastetxe publikoetako LHko eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko ikasle, irakasle eta langileei

2021/07/14

Hezkuntza Departamentuak laguntzen deialdi bat iragarri du, gehienez ere 234 prestakuntza egonaldi egin ditzaten ikastetxe publikoetako LHko eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko ikasle, irakasle eta langileek Europar Batasuneko herrialdeetan, 2022-2023 ikasturtean.

Deialdia Erasmus + programaren barruan dago eta zuzentzen zaie Lanbide Heziketako erdi mailako eta goi mailako zikloetako irakasle eta ikasleei. Erdi mailako zikloko ikasleentzat, 65 egonaldi aurreikusi dira, 3 hilabetekoak; eta 50, 2 astekoak. Goi mailako zikloko ikasleentzat, 75 egonaldi eskaintzen dira, 3 hilabetekoak. Erdi-mailako Lanbide Heziketako irakasle eta ikasleentzat, 42 egonaldi, aste 1etik 6 astera bitarteko iraupena dutenak. Atal honetan sartzen dira, era berean, Oinarrizko LHrako eta LH Berezirako eskainitako plazak (aurtengo berritasuna). Eta goi mailako zikloko irakasleei dagokienez, astebeteko 2 egonaldi eskaintzen dira irakasle eta langileentzat.

Laguntza horiek sartuta daude Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuari (SEPIE) aurkezten dizkion mugikortasun-proiektuetan; helburua da hein batean diruz laguntzea LHko ikasle eta irakasleek enpresetan egiten dituzten egonaldien gastuak (garraio, ostatu eta mantenuaren ondoriozkoak).

Hiru modalitate

Hiru egonaldi-modalitate daude LHko ikasleek laguntzak eskatu ditzaten, betiere azaroaren 8tik abenduaren 10era bitarte:

- A modalitatea: erdi mailako eta goi mailako ikasleentzat da; 13 edo 14 aste iraunen du eta Lanbide Heziketako Zerbitzuak kudeatuko ditu aste horiek. Interesdunek ondoko inprimaki elektronikoaren bidez aurkez dezakete eskaera.

- B modalitatea: bakarrik erdi mailako ikasleentzat da eta 2 edo 3 aste iraunen du; horien aurretik Lanbide Heziketako ikastetxe baten proposamena izanen da. Modalitate hau nahi duten ikasleen kasuan, beraien LHko ikastetxeak parte-hartzaileen zerrenda bat emanen du eta haiei eskatuko die Departamentuak emanen duen eskabidea bete dezatela.

C modalitatea: Bakarrik goi mailako ziklorako. Iraupen luzeko egonaldiak egin daitezke (6-9 hilabetekoak) graduatu ondoko gisa. Parte hartzaileak lantokiko prestakuntza eginen luke Nafarroako enpresa batean, eta gero 6 eta 9 hilabete arteko praktikak eginen lituzke enpresa horrek atzerrian duen eskumendeko enpresa batean.

A eta C modalitateetan interesaturik dauden ikasleek inprimaki elektroniko baten bidez aurkezten ahalko dute eskaera.

Bigarren motako egonaldien kasuan (B modalitatea), Lanbide Heziketako ikastetxeak parte-hartzaileen zerrenda bat emanen du, eta haiei eskatuko die Hezkuntza Departamentuak emanen duen eskabidea bete dezatela.

LHko irakasle eta langileek ere bi modalitate hauta ditzakete, beren atxikipenaren arabera:  erdi mailako zikloa edo goi mailakoa. Bi maila horietan aritzen badira lanean, bi modalitate horietako edozeinetan sar daitezke. Interesdunek beren ikastetxean aurkeztu beharko dute eskaera, azaroaren 2tik abenduaren 15era bitarte, deialdiaren eranskinean datorren formatuan; gainera, Europass curriculum vitaea aurkeztu beharko dute, Europass aplikazioaren bidez izapidetua, beste dokumentu batzuen artean.