angle-left Lanbide Heziketako “Jarduera bikainen” jardunaldiak egingo dira asteazkenean, Nafarroako Museoan

2017/05/30

Proiektuetan oinarritutako Ikasketa-prozesua programan parte hartu duten proiekturik onenak sarituko dituzte: San Adriango Ega institutua, Iruñeko Hezitzaile Eskola eta Nekazaritza eta Basogintza eskola eta Tafallako eskola politeknikoa.

Asteazken honetan, “Jarduera bikainen” programaren amaiera-ekitaldia egingo da Nafarroako Museoan: urtean zehar Lanbide Heziketako hainbat ikastetxek parte hartu dute programan, ikastetxe publiko zein pribatuek. Ikasturte honetan garatu dituzten proiektuen artean bat aukeratu behar izan dute ikastetxeek lehiaketara aurkezteko eta, guztira 12 ikastetxek aurkeztu dute proiekturen bat. Esan beharra dago, gainera, epaimahai-kideek beren beregi azpimarratu dutela proiektu guztiek izan duten maila bikaina.

Hezkuntza departamentu honen lan-ildo estrategikoetako bat izan da, hasieratik, Lanbide Heziketari prestigioa ematea, ikasleei arlo profesionalera jauzia bermatzeko. Solana Hezkuntza kontseilariak adierazi duenez, “ ikasleen formazio prozesuaren egokitzapena errazteko ezinbestekoa da metodologia aktiboak sustatzen dituzten era honetako programak lantzea, jada indarrean dagoen Lanbide Heziketan dualarekin batera; eta bai ala bai, Nafarroako enpresekin elkarlanean egin behar dugula. Hau da, formazio eta produkzio prozesuak, biak, eskutik joan behar direla”.

2015-2016 ikasturtean hasi zen bide hori lantzen Hezkuntza departamentuko Lanbide Heziketa Zerbitzu Zuzendaritzatik- Esther Monterrubio zerbitzu-zuzendariak azaldu duenez, teknikoak eta formatzaile-taldea osatu zen orduan “arlo horretan hobekuntzak lortzeko diagnostikoa egin zezaten”. 2016-2017 ikasturtean, berriz, “asmo handiko metodologia aktiboen plana garatu dugu eta oso harro gaude izan dugun harrerarekin”.

Horren emaitza, justuki, asteazkeneko jardunaldietan ikusiko da. Izan ere, metodologia aktiboen programan Nafarroako 22 ikastetxek parte hartu dute eta 90 irakasle inplikatu dira lan horretan. Guzti-guztiei eskerrona adierazi nahi izan die Solana kontseilariak, “haiek gabe ezinezkoa izanen baitzen programak izan duen arrakasta bermatzea”.

Programa parte hartu duten ikastetxeak:

Proiektu bat baino gehiago landu dituzte programan parte hartu duten ikastetxeek, baina bakarra aukeratu behar izan zuten lehiaketara aurkezteko. Parte hartu duten ikastetxeak hauek izan dira:

Virgen del Camino, Donapea , María Ana Sanz, ESTNA osasun-eskola , San Juan-Donibane, Nekazaritza eta Basogintza eskola, Hezitzaile Eskola eta Arte eskola (guztiak Iruñekoak); Sakana LH (Altsasu), Toki Ona BHI (Bera), Tafallako eskola politeknikoa, Lumbier Lanbide Heziketa eskola, Ribera del Arga (Peralta), Tuterako eskola politeknikoa, Burlatako Lanbide Heziketa, Lizarrako politeknikoa, Ega (San Adrian), Salesianoak, María Inmaculada; Fundación Laboral de la Construcción; Cuatrovientos; Carlos III eskola teknikoa.

Saridunak

Lau sari emango dira asteazkenean. Izan ere, goi mailako ziklokoko proiektuen artean, bi lan aukeratu dira, eta beraz, ex equo emango zaie San Adriango EGA institutuari eta Iruñeko Hezitzaile Eskolari. Erdi mailako graduko proiektu onenaren saria Iruñeko Nekazaritza eta Basogintza zentroak jasoko du. “Baloraziorik onenaren” proiektua irabazlea, berriz, Tafallako eskola politeknikoak eskuratu du: goi eta erdi mailako graduko zikloetako eta Lanbide Heziketa Berezian ari diren ikasleak elkarlanean aritu dira proiektua garatzen “eta hori ere oso azpimarratzekoa da: kolaborazioan lan egiten ikasten dutelako ikasleek, enpresekin, lankideekin eta beste maila batzuetako ikasleekin: ezagutza konpartitzen eta elkarrekin ikasten”, adierazi du kontseilariak.

Solana kontseilariak gehitu duenez, “Hezkuntza departamentuak bide horretan jarraitzeko asmo osoa dauka, eta horren erakusle da laster ezagutzera emango dugun Lanbide Heziketaren Plan Estrategikoa, Garapen ekonomikorako kontseilaritzarekin eta Eskubide sozialen kontseilaritzarekin elkarlanean garatzen ari garen plana”.

Asteazkeneko hitzaldi nagusia

Goizeko 9etan hasiko diren jardunaldietan, sari banaketaz gainera, Durangoko (Bizkaia) Maristak ikastetxeko Daniel Irazolak hitzaldia eskainiko du. Ebaluaketan aditua da bera, eta ““La evaluación en el contexto del aprendizaje colaborativo basado en retos: diseño y secuencia de retos, cumplimiento del currículum y evaluación” saioa eskainiko du. Kontseilariak itxiko ditu aurtengo jardunaldiak.

Kontaktua: Kabinetea
Mezu elektronikoak: gabinete.educacion@navarra.es
Telefonoa:848426626