angle-left Hezkuntza Departamentuak laguntza emozionalerako gidak aurkeztu ditu Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat

Hainbat proposamen egin ditu, ikasleak ikasgeletara itzultzea errazteko

2020/09/18

Carlos Gimeno kontseilaria, Gizarteratze, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariarekin batera, prentsaurrekoan.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako zikloetarako akonpainamendu emozionaleko gida batzuk aurkeztu ditu gaur. Gida horien helburua da irakasleak eta ikasleak lan-tresnaz hornitzea, eskoletan presentziazko hezkuntzara itzultzeko, COVID -19ren pandemiaren ondorioz eskolak bat-batean eten ondoren.

Gidek hezkuntza-ziklo bakoitzerako hainbat ekintza bildu eta planteatzen dituzte, eta eskola-jardunaldia hasi eta ixtea dute helburu, ikasleen osasun emozionalari arreta eskainiz. Horrek eragina izango du kontzentrazioaren eta errendimendu akademikoaren hobekuntzan. Laguntza emozionalaren eremu guztietatik egiten dute (psikologikoa, soziala, bizikidetzakoa, hezkidetzakoa eta berdintasunekoa).

Egun batetik bestera presentziazko hezkuntza on-line hezkuntzara eramateko modu malkartsu, ustekabeko eta berriak nahaste orokorra ekarri die irakasle eta familiei. Baina, batez ere, ezinbesteko esperientzia izan da ikasleentzat, eta trantsizio-aldirik gabe egon zen aldaketa hori asimilatzeko, familia-, gizarte- eta hezkuntza-egoera berriarekin.

Ikasle gehienek aldatu egin dituzte bizikidetzako eta gizarte-, familia- eta eskola-portaerako jarraibideak, eta, gainera, behin betiko gal ditzakete maite dituzten pertsonak. Horregatik guztiagatik, Hezkuntza Sailak uste du 2020-21 ikasturtearen hasieran bizipen horiek guztiak emozionalki antolatu eta kudeatuko direla bermatu behar dela, izan ere, heziketa emozional on batek gaitasunak ikasteko jarrera proaktiboa sustatzen du, autokontzeptu pertsonala indartzen du eta ongizatea sortzen du.

Carlos Gimeno Hezkuntza sailburuak gogorarazi du ekainaren 23ko 216/2020 Ebazpenak, ikasturte-hasierako jarraibideak onartu zituenak, jakinarazi zuela Sailaren Laguntza programaren bidez irakasleek arlo emozionalean pixkanaka trebatzeko aukera emango zuela, eta Bizikidetzarako Aholkularitzak beste ibilbide bat hasi zuela 2020-2021 ikasturtean. Zehazki, Nafarroako hamabi ikastetxe Laguntza programaren barruan hezkuntza emozionala sustatzeko proiektu pilotu batean sartuta daude. Proiektu horrek ikuspegia aldatzea dakar, “ekologia emozionala” planteamenduarekin. Horrekin batera, berariazko prestakuntza emango da irailaren 24an zuzendaritza taldeentzat eta bizikidetzako arduradunentzat.

2020-2021 ikasturterako Hezkuntza Jarduera Presentziala Garatzeko Prebentzio eta Antolaketa Protokoloaren 5. puntua ere aipatu du Gimenok, Urrutiko Eskola Jarduerarako Tutoretza Ekintza Planari eta Ikasleak Hartzeko Prozesuari dagokienez. Puntu horrek hitzez hitz jasotzen duenez, "oso garrantzitsua da premia bereziak dituzten ikasleen harrera antolatzea, egokitze aldiak zailtasun gehiago izan ditzan". Gimenok esan duenez, "Hezkuntza Sailean, planteatutako erronka horiei erantzuteko, irakasletaldeen eskura jarriko den material egokia prestatzen ari dira".

Bestalde, Gizarteratze, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendari María José Cortések azaldu duenez, "Haur Hezkuntzan honako estrategia hauek proposatzen dira: harrera (aurkezpena eta erreferentziako pertsona helduekiko lotura afektiboa), joko librea, ezagutzako eta/edo talde-kohesioko jarduerak eta testuinguru fisikoa (bizikidetza-ingurunea ezagutzea)".

Lehen Hezkuntzako zikloari dagokionez, ongietorri-ekintzak, testuinguru fisikoa, materialak, bizikidetza (gelako eta ikastetxeko arauak), talde-kohesioa, bizitako esperientziari buruzko hausnarketak azaltzen dira.

Bigarren Hezkuntzan, tutorearen ongietorri-protokoloak, kontingentzia-planaren oinarrizko neurrien azalpena (ikastetxea espazio seguru gisa), bizikidetza-batzordeen aurkezpena eta talde-kohesiorako hainbat jarduera, gelako arauak lantzea, konfinamenduaren esperientzia Emozioen Taula Periodiko baten bidez lantzea.

Giden eduki osoa gaztelaniaz eta euskaraz kontsulta daiteke Hezkuntzako atarian (www.educacion.navarra.es)

 

Educación presenta las guías de acompañamiento emocional para el alumnado de Infantil, Primaria y Secundaria