angle-left Hezkuntza Departamentuak Batxilergoko 2. mailako ikasleak ekainaren 1etik aurrera ikasgeletara borondatez itzultzea proposatu du

Hizkuntza Eskola Ofizialak irekiko dira aurrez aurreko azterketak borondatez egiteko, ziurtagiri ofiziala lortzearren

2020/05/15

Hezkuntza Departamentuak gaur ezagutzera eman du Nafarroako Foru Parlamentuko Hezkuntza Batzordean II. Faserako hezkuntza-arloko deseskalatze-proposamena. Besteak beste, Batxilergoko 2. mailako ikasleak ekainaren 1etik aurrera ikasgeletara borondatez itzultzea proposatzen da eta hizkuntza-eskola ofizialak irekitzea ziurtagiri ofiziala lortzeko aurrez aurreko azterketak egiteko.

Proposamena parlamentuan eginiko agerraldian azaldu zen, Carlos Gimeno kontseilariak hala eskaturik, eta haren jakinarazpen publikoa Hezkuntzako Sektoreko Batzarren ondoren egin da, ostegun honetan. Batzar horretan Hezkuntza eta Lanbide Heziketa Ministerioak eta autonomia-erkidegoek hartu zuten parte. Bilera horren bidez burutu zen Hezkuntza Departamentuak Nafarroako hezkuntza-eragile guztiekin eginiko aldez aurreko elkarrizketa-prozesua, zeinean haien iritzia jaso eta ekarpen ugari bildu baitira 2019-2020 ikasturtearen bukaerari ekiteko.

“Normaltasun berrirako trantsizioko plan”-ean Hezkuntzari dagokion II. Fasera iristeko, Nafarroak Trantsizioko Departamentuarteko Batzordeari proposatu dio honako ikastetxeak irekitzea, pertsonen segurtasuna eta osasuna bermatuz Osasun Departamentuaren eta Osasun Ministerioaren irizpideen arabera: batxilergoko 2. mailako ikasleentzat, boluntarioki; hizkuntza-eskola ofizialak irekitzea borondatezko azterketak egiteko aurrez aurre eta hala ziurtagiri ofiziala eskuratzeko; eta helduentzako zentroak eta Zubiarte Euskaltegia (Huarte / Uharte) irekitzea aurrez aurreko eta egiaztatze-probak borondatez egiteko.  

Gainera, ikasleentzako honako borondatezko sarbide-probak antolatzeko eta egiteko behar diren ikastetxeak: Lanbide Heziketako, Arte Plastikoetako eta Diseinuko zikloetara sartzeko probak; Musikako Goi Mailako Arte Ikasketetara sartzeko probak; Diseinuko Goi Mailako Arte Ikasketetara sartzeko probak; Goi Mailako Arte Ikasketetara sartzeko heldutasun-azterketak; eta Musika Kontserbatorio Profesionaletarako sarbide-probak.           

Batxilergoko 2. mailaren kasuan, eta kontuan izanik goi-mailako graduetako zikloetara sartzea eta unibertsitaterako sarbide-proba prestatzea ahalbidetzen duen etapa-bukaera dela, garrantzitsua da ikasleei aukera ematea ekainaren 1etik aurrera joateko, USEko probak eta Batxilergoko 2. mailako ezohiko deialdia prestatzeko.

Era berean, beharrezkotzat jotzen da Hizkuntz Eskola Ofizialetan eta adieraziriko zentroetan matrikulatutako ikasleek dagozkien egiaztatze- edo titulazio-probak egiten ahal izatea. 

Baldintzak

Baldintzez den bezainbatean, ikastetxera joatea borondatezkoa da, eta ikasleak ez dira bertan izanen antolaturiko jarduerak egiteko behar dena baino denbora luzeagoan. Ikasgela bakoitzean 15 ikasleko gehienezko ratioa dagoela bermatuko da.

Gainerako ikasleentzat ez da hala izanen, ez haien itzulerak izan dezakeen garrantzi akademikoagatik, ezta pandemiari eusteko prebentzio-neurriak bermatzeko aukerarengatik ere. Ildo horretan, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleen adina eta Hezkuntza bereziko ikasleei lotutako egoera direla eta, ez dago bermatzerik pertsonen artean 2 metroko distantzia utziko denik, ezta norberaren babeserako ekipamenduak (gelak eta maskarak) behar bezala erabiliko direnik ere. Gainera, oso zaila da Osasun Ministerioak urruntzeaz eta eguneroko jardunaz emaniko gomendioak betetzea materialak partekatzen diren ikasgeletan, atsedenaldietan, ikastetxera sartzean eta bertatik irtetean, komunak erabiltzean, etab.  

Bestalde, institutuetako ikasleez den bezainbatean kontuan izan beharra dago, alde batetik, haiek itzultzeak eragotzi eginen lukeela Batxilergoko 2. mailako ikasle guztiak itzultzeko toki nahikoa segurtatzea. Gainera, maila horietan aurrez aurreko hezkuntzak garrantzi txikiagoa du akademikoki (Nafarroan maiatzaren 25ean bukatua izaten da hirugarren hiruhilekoa), eta horregatik, deseskalatzearen une honetan, haien osasunari eman behar zaie lehentasuna, ikastetxeetan aurrez aurreko arreta ematearen gainetik.  

Aipaturiko jarduketa guztiak beharrezko prebentzio- eta antolaketa-neurriak ezarriz eginen dira, Laneko Arriskuen Prebentzio Zerbitzuaren eta osasun-agintarien gomendioak aintzat harturik, irakasle eta ikasleek norberaren babeserako ekipamenduak (gela eta maskarak) erabiltzeaz den bezainbatean.

Nafarroako ikasleei inkesta

Hezkuntza Departamentuak inkesta bat helarazi zion hezkuntza-komunitateari, jakiteko zein ikasle egonen lirateke prest ikasgeletara itzultzeko, osasun-agintariek hala baimenduz gero. Ikasle-taldeen tutoreei eta ikastetxeetako kudeatzaileei bidali zitzaien inkesta. Adierazi zitzaien, maila jakin batzuetan eta betiere familien zein ikasleen borondatearen arabera ikasgeletara partzialki itzultzeko aukera kontuan izanik, jakin beharra zegoela zeintzuk ikasle egongo liratekeen prest, eta zeintzuk ez, ikasturtea bukatzeko aurrez aurreko eskoletara itzultzeko. Azpimarratu egin zen erabaki hori ezartzen diren osasun-irizpideak zorrotz betetzearen araberakoa izanen zela, eta aldez aurreko kontsulta zela.

Sare publikoan matrikulaturiko 77.539 pertsonetatik, 47.805ek erantzun dute (%62k). Inkestaren emaitza da ikasleen %26 joanen liratekeela, %37,2 ez liratekeela joanen, eta %38,1ek ez dute erantzun. Portzentajea jasotako erantzun-kopuruari aplikatuz gero, %39,8 joanen lirateke eta %60,2 ez.

Hizkuntza Eskola Ofizialak

Hizkuntza Eskola Ofizialentzat azterketa-egutegi berria proposatuko da, osasun-larrialdiko egoeratik deseskalatze ordenatua egitearekin bateragarria dena, eta aldi berean USEko probetarako aurreikusi diren datak errespetatzen dituena. Egutegi berria eskolen webguneen bitartez argitaratuko da, eta idatzizko egiaztatze-probetarako azterketa-aldia ekainaren 8tik 23ra bitartean ezarriko du, bai ikasle ofizialentzat bai libreentzat.

Halaber, ahozko probak egiteko prozedurak aldatu eta telematikoki egitea errazteko neurri-sorta proposatuko da. Idatzizko egiaztatze-probetarako osasun-agintariek ezarririko ordutegiak eta baldintzak gutxienez azterketak hasi baino hiru egun lehenago jakinaraziko zaizkie ikasleei. Hizkuntza eta maila bakoitzaren ahozko proben azterketa-deialdien egutegia hizkuntza-eskola bakoitzak argitaratuko du bere webgunean.

Gainera, aukera ematen da Ahozko Adierazpen (AA) eta Ahozko Egokitze (AE) probetarako bitarteko telematikoak edo presentzialak baliatzeko, COVID-19ak eraginiko osasun-krisiaren testuinguruan hura egitea bermatzen dutenak. Osasun-egoerak aukera ematen dutenean, bitartekoak jarriko dira ahozko azterketak aurrez aurre egiteko. Hala ere, ikasleek, borondatez, ahozko proba telematikoki egiten ahal izanen dute. Aukera horrek ez du baztertzen ikasleek matrikulak bermatzen dizkien bi deialdiak izatea (ekaina eta iraila) ahozko proba aurrez aurre egiteko. 

Bestalde, egiaztatze-ikasturteetako ikasleei aukera ematen zaie aurrera egiteko, irakasleek horretarako ebidentzia nahikoa baldin badute, edo egiaztatze-probetan %50eko batez besteko nota lortzen badute. Ikasle horiek, bi azterketa-deialdietan probak egiteari uko egin ondoren aurrera egitekotan zein errepikatzekotan, salbuetsita izanen dira 2020-2021 ikasturtean matrikula-tasak ordaintzetik.    

2019/2020 ikasturte honetan egiaztatze-probetako bi deialdietara aurkezteari uko egiten dioten Pamplona / Iruñako eta Tuterako eskoletako ikasle ofizialek, eta EOIDNAko ikasleek, ikasturte honetako matrikula 2020/2021 ikasturterako erreserbatzea eskatzen ahal izanen dute, maila bererako edo hurrengo mailarako, matrikula-tasa gehigarririk ordaindu gabe. Eskari hori egiteko epea 3 egun  naturalekoa izanen da, ebazpen araugilea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasirik.

Azkenik, ikasle libreek matrikulari uko egiteko aukera izanen dute (tasak berreskuratuz) 3 egun naturaleko epean, ebazpen araugilea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasirik.