angle-left Hezkuntzak %15 murriztu ditu 0-3 eskolen tarifak

Tarifen kalkuluari aurten zaintza partekatuaren familia-egoera ere gehitu zaio

2019/02/14


 


 

Gaur argitaratu da Nafarroako Aldizkari Ofizialean Hezkuntzako kontseilariak emandako 2/2019 Foru Agindua, Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeentzat tarifak ezartzen dituena; ikastetxe horiek udal-titulartasunekoak dira eta Hezkuntza Departamentuak finantzatzen ditu. Foru Komunitatean titulartasun publikoko 101 zentro daude, udal-titulartasuneko 94 ikastetxe eta Nafarroako Gobernuak kudeatzen dituen 7 ikastetxe eta 4.363 umeri ematen die zerbitzua.

Haur-eskoletan haurrak hasi nahi dituzten familiek hilean ordaindu beharreko tarifen zenbatekoa nabarmen jaitsiko da 2019-20 ikasturtean. Bi gurasoko nahiz guraso bakarreko familientzat %15 jaitsiko dira hilabeteko tarifak lehengo ikasturtearekin alderatuta; beraz, Hezkuntza Departamentuak ekarpen handiagoa egingo du. Zehazki, 0-3 urte arteko haurrak eskolaratzeko Udalekin egindako hitzarmenetarako guztira 10.575.764 euro jarriko dira, iaz baino milioi bat euro gehiago, laukoak 2019. urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorren Legeari aurkeztutako zuzenketaren ondorioz. Nafarroako gobernuak 0-3 eskolekin duen konpromisoari erantzuten dio igoerak; %34 legegintzaldi honetan: ia 3 milioi euro 3 urtetan.

Tarifikazioaren oinarri berrietan esaten da tarifak bi parametroren arabera ordainduko direla: ikastetxe bakoitzean dagoen ordutegian hautatutako ordutegi-eredua eta familiaren diru-sarrerak. Modu horretan, tarifa kalkulatzeko, foru-aginduan agertzen diren kalkulu-taulak aplikatuko dira Edonola ere, hilabeterako, eskolatzearen eta jangelaren gehieneko tarifak ezartzen dira (ikus taulak). Ordutegi osoko eskolatzearen kasuan, tarifa gehienez 198 eurokoa izango da, 186 eurokoa ordutegi murriztuan eta hilean gehienez 142 eurokoa egun erdian joateagatik. Jangelaren tarifa gehienez 95 eurokoa izango da.

Haur-eskoletan, beste berrikuntza bat izango da familia-unitateko kideak zenbatzeko modua, bananduta dauden eta zaintza partekatua duten gurasoei dagokienean. Hortaz, tarifak kalkulatzeko, familia-egoera berri bat sartu da, zaintza partekatuarena, gurasoak bananduta edo dibortziatuta daudenean. Kasu horretan, tarifa kalkulatzeko, bien diru-sarrerak hartuko dira kontuan; neurri hori lehen ere bazegoen, eta orain Foru Aginduan jaso da. Berrikuntza hori guraso bakarreko familien kalkulu bereiziari gehitu zaio; egoera hori jada sartu zen 2017-18 ikasturterako araudian. Ondorioz, tarifa kalkulatzeko tauletan bi gurasoko edo guraso bakarreko familiak bereizten dira, behar bezala egiaztatuta (ikusi taulak).  

Era berean, hirugarren seme-alabaren edo hurrengoen eskolatze-tarifak bigarren seme-alabaren tarifa murriztura berdindu dira, eta kuotaren salbuespena egongo da arrisku psikosozialeko faktoreak dituzten eta garapenean atzerapena duten haurren kasuan. Ikasle horientzat, esku-hartze integrala proposatzen da, osasun, hezkuntza eta gizarte eremuetan, adin txikikoaren ingurune naturalean (familia, haur-eskola).

Nolanahi ere eta oro har, aurrematrikulazioa martxoaren 1etik 15era bitartean egin ahal izango da, biak barne. Modu horretan, 0-3 eskolak datorren astelehenean, otsailaren 18an, hasiko dira lehendik onartuta dauden eta jarraitu nahi duten ikasleentzako plazak erreserbatzen, eta ziklo bakoitzean zenbat plaza huts dauden jakin ahal izango da. Lehendabizi eskaerak eta dokumentazioa ondoren ikastetxean edo erakunde titularrean jaso eta entregatu ahal izango dira. Ebazteko prozesua maiatzaren 6an hasiko da, onartutakoen behin-behineko zerrendarekin, eta maiatzaren 20an amaituko da matrikula egitearekin.

0-3 urte arteko eskoletako inbertsioaren igoera orokorra

Legegintzaldian, 0-3 etapako inbertsioa gehitu egin da pixkanaka, eta, era horretan, ondorengoak egin ahal izan dira:

Eskolatze-tarifak oro har murriztea; beherapen horrek eragina izan du bereziki errentaren zati baxuenetan.

Funtsezko beherapena egitea jangelako tarifetan, per capita errenta txikieneko familientzat bereziki onura ekarriaz.

Guraso bakarreko familia egoera aintzat hartzea, errealitate sozialaren arabera, eta egoera orekatzea.

- Lehendik daudenei errenta-aitorpenean beste tarte bat sartzea, diru-sarrera gutxiagoko familiei mesede egitearren.

- Familiek emandako esnea soilik hartzen duten haurrek (adina kontuan izan gabe) jangelako gastuak ordaindu beharrik ez izatea harik eta jangela erabiltzen hasi arte.

- Eskolatze eta jangelaren tarifa aldatzea bigarren seme-alabatik aurrera.

Hobekuntzak onartzeko baremoetan

Hezkuntza Departamentuak, halaber, 0-3 eskoletan onartzeko prozesurako hobekuntzak sartu ditu. Horrela, hezkuntza-laguntza behar duten premia ezberdineko haurrak zuzenean hartzeko baldintzak ezarri dira; familia ugarien eta guraso bakarreko familien egoera kontuan hartu da, eta errenta baxueneko familiak bereziki baloratzen dira haur-eskoletan sartzea erraztearren.