Hezkuntzak hirugarren hiruhilekoko urruneko hezkuntza jarduerarako jarraibide berriak bidali dizkie ikastetxeei - Hezkuntzak hirugarren hiruhilekoko urruneko hezkuntza jarduerarako jarraibide berriak bidali dizkie ikastetxeei - Dpto
Orientabideak, besteak beste, ikasle guztiei ebaluazio zuzena eta bidezkoa bermatzera daude zuzenduak
2020/04/22
Carlos Gimeno Hezkuntza sailburuaren mintzaldia prentsaurrekoan.
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak ikastetxetako ekintzak bertan behera jarraituko duenez ikastetxeei hezkuntza jarduearen gaineko instrukzioak bidali dizkie gaur.
Agirian, egungo ikasturte akademikoko hirugarren hiruhilekoa garatzeko orientabideak agertzen dira eta bereziki hezkuntza-jarduerari buruzko alderdi garrantzitsuak; hala nola, egutegia, eskolaratzea, ikasleen parte-hartzea, curriculuma, programazioak eta ebaluazioa, sustapena eta titulazioa Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako eta Oinarrizko Lanbide Heziketako etapetan.
Ikasturtearen amaierako egutegiari dagokionean, oro har, 2019-2020 ikasturterako irakaskuntza ezberdinetako eskola-egutegia eta -ordutegia egiteko jarraibideak onartzen dituzten urteko ebazpenen arabera doituko da. Ez da eskola-egun osagarririk egongo ekainean eta uztailean.
Ikasleen parte-hartzeari dagokionez, urruneko hezkuntza-jardueran sartu ez den ikasle-kopuru ahalik eta handienari sartzen laguntzeko bitartekoak erraztuko dizkio Hezkuntza Departamentuak. Jada ikasleen eskura jartzen ari dira ekipo informatikoak eta txartelak eta routerrak, konektibitatea errazteko. Aurreko aukera ezinezkoa bada, ikasketa-prozesuarekin jarraitzeko ezinbesteko material didaktikoak entregatzen dira.
Ikasturteko hirugarren hiruhilekoko eskola-jarduera urruneko modalitatean garatuko da, edo aurrez aurre, posible denean, osasun-agintariek xedatutakoari jarraiki. Laguntza-baliabideak antolatu eta egokituko dira (pertsonak eta denborak), hezkuntza-laguntzako premia espezifikoak dituzten ikasleentzat, horrela behar duten ikasleei espezialisten laguntza ziurtatzearekin batera.
Curriculumari begira, hirugarren hiruhilekoan, irakasleek, orain inoiz baino gehiago ikasleen espezifikotasuna aintzat hartuta, aurreko ikaskuntzak errekuperatzeko, errepasatzeko, indartzeko eta, hala badagokio, gehitzeko jarduerak egingo dituzte ikasle guztiekin edo batzuekin, beharrezkoa izanez gero. Era berean, programazio didaktikoak berrikusiko dira hasiera batean aurreikusitako edukien, ikasketen eta gaitasunen garapena doitzeko.
Ikastetxeei jarraibideak bidali zaizkiela jakinarazi die gaur goizean Hezkuntza kontseilariak Foru Gobernuko kideei asteko lan-saioan. Carlos Gimeno kontseilariak ondoren esan du programazioak malgutu egingo direla bereziki etapa-amaierako titulazioa lortzera bideratzen duten mailetan, ikasleek hori lor dezaten.
Ebaluazioari dagokionean, Gimeno kontseilariak ondorengoa adierazi du: "irakasleek ikasketak ebaluatzeko sistema egokituko dute, ikasleek ikasturtea gal ez dezaten eta prestatzen jarraitzeko aukera izan dezaten, batez ere kontuan izanik ikasle ahulenen egoera". Maila bakoitzerako aurreikusitako ebaluazio-irizpideak aldatu egingo dira, horiek zehatz-mehatz bete beharrik izan gabe, maila ezberdinetako hezkuntza-prozesuarekin jarraitzeko ikasketa garrantzitsuenak eta ezinbestekoenak batik bat baloratuta eta mailari eta etapari dagozkien egokitzapenak eginaz.
Ikaslearen ikasketen azken ebaluazioan, kontuan hartuko dira oro har ikasturte osoko ebaluazioak, eta aurrean definitutako ikasketen eta ezinbesteko gaitasunen garapen-maila baloratuko da bereziki. Hezkuntza kontseilariak nabarmendu du “kasu bakar batean ere ezin izango direla ikasleen azken emaitzak kaltetu hirugarren hiruhileko urruneko metodologia aldatzetik eratorritako zailtasunak medio”.
Azken kalifikazioa erabakitzeko, batik bat kontuan hartuko dira ikasleek lehen bi hiruhilekotan lortutako emaitzak, eta hirugarren hiruhilekoan zehar egindako lanari emandako balorazioaren arabera gorantz haztatuko da. Irakasle-taldeek banako txosten bat egingo dute ikasleek ikasturtean egindako lana baloratzeko; bertan, baita ere, gertatu ahal izan diren atzerapenak eta horiek berreskuratzeko plana jasoko dira.
Mailaz igotzea arau orokorra izango da maila eta etapa guztietan, errepikatzea salbuespenezko neurria izango da, eta irakasle-taldeak funtsez argudiatu eta modu kolegiatuan proposatu beharko du. Errepikatzea irakasle-taldeak proposatutako egoeretarako gordeko da.
Titulazioari dagokionez, hau izango da etapa ezberdinetako ikasleentzako ohiko praktika. Titulazioa lortzeko eska daitezkeen irizpideak egokituko dira, eta aukerako errekuperazio- eta titulazio-proba bereziak antolatu ahal izango dira, salbuespen posibleekin. Titulaziorik eza salbuespenezko egoeretarako gordeko da, irakasle-taldeak proposatuta. Titulaziorik lortu ez izana Hezkuntza Ikuskaritzako Zerbitzuari jakinaraziko zaio, dagokion justifikazio-txostenarekin batera.
Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan, pribatuetan eta itunpeko pribatuetan Lehen Hezkuntza egiten ari diren ikasleen ebaluazioa eta sustapena arautzen duen 72/2014 Foru Agindua aldatuko da, kalifikazio negatiboa duten arloen kopuruari eragiten dioten egungo mugak ezabatzeko.
Asmo berarekin, antzeko gaiak aldatuko dira Lanbide Heziketako 21/2019 Foru Aginduan, ikasleen ebaluazioari, titulazioari eta egiaztapen akademikoari buruzkoan, irakaskuntza terminalak, modularrak eta profesionalizatzaileak direla kontuan hartuta. Mailaz igotzeari dagokionean, irakasleei jakinarazi zaie ebaluazio esanguratsua lehen bi hiruhilekoetan egindakoa dela eta hirugarren hiruhileko honetan, irakaskuntza modularrak izanik eta bigarren ikasturteetan jarraipenik ez dutenak, jada emandako ikasketak indartu edo gehitu beharko dituztela eta, hala badagokio, horrekin inolako diskriminaziorik egin gabe, telematikoki bideragarriak diren ikasketa berrietan aurrera egin.
Halaber, eskatu zaie profil profesionalean ezinbestekoak diren bigarren kurtsoetan sartu beharreko eduki teknikoei buruzko txostenak egin ditzatela.
Gaur ikastetxeei bidalitako jarraibideetan ez dira sartzen araubide bereziko ikasketa hauek: goi mailako irakaskuntza artistikoak, kirol-ikasketak, hizkuntzen ikasketak eta Helduen Hezkuntza. Departamentuak zuzenean lan egiten du ikastetxe horiekin, eta horien jarraibide espezifikoak laster jakinaraziko dira.