angle-left Hezkuntza Departamentuak ikastetxe publiko eta pribatuetako zuzendaritzak bildu ditu, eskolara itzultzeko “behar den konfiantza” sortzeko asmoz

Departamentuak aurrez aurreko eskolen aldeko apustua berretsi du, eta ohartarazi du absentismoari buruzko protokoloak abian jarriko direla haurrak joaten ez badira

2020/09/01

Gimeno kontseilaria eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Begoña Unzue, bileraren hasieran.

Nafarroa osoko ikastetxe publiko eta pribatuetako zuzendariek Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak deiturako bi bileretan parte hartu dute gaur, 2020-2021 ikasturteaz jarduteko eta prebentzio-protokoloez eta hezkuntza-lanaren antolakuntzaz hausnarkertak partekatu eta zalantzak argitzeko.

Goiz osoan zehar, Nafarroa osotik iritsitako Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikastetxeetako zuzendariek elkarren segidako bi bileratan parte hartu dute Hezkuntza Departamentuko buruekin batera, Musikaren Hiriko entzunaretoan, Iruñeko Mendebaldea auzoan. Departamentuko ordezkaritzaren burua Carlos Gimeno kontseilaria izan da, eta harekin batera izan dira Hezkuntza zuzendari nagusia, Gil Sevillano, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza, eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Begoña Unzué. Ikasturte-hasierako bilera hauek eskolak hasi ondoren egin ohi dira, baina Hezkuntza Departamentuak, aurten, aurreratu egin ditu, hezkuntza-komunitatearekin elkarrizketa eta harremana hobeto bermatzeko. Ekitaldia streaming bidez ikusteko aukera izan da, Iruñera joan ezin izan diren zuzendaritza-taldeek informazioa jaso eta parte hartuko zutela segurtatzeko.    

Lehenik eta behin, departamentuko zuzendari nagusien azalpen teknikoen aurretik, Gimeno kontseilariak eskerrak eman dizkie Nafarroako ikastetxeetako zuzendaritza-taldeei azken hilabeteetan eginiko lanagatik, eta eskatu die “jarrai dezatela adosturiko elkarlana egiten, eskolara itzultzeko herritarrek orain behar duten konfiantza sortzeko mantendu behar duguna”, Gimenoren esanetan.   

Kontseilariak adierazi du pandemiak ikasleak kaltetu dituela gehien, eta hilabeteotan osasunaren eta ekonomiaren alorretan ezarririko neurrien ondoren “hau dela, hezkuntza-arloan, politika publikoen unea”.  

Foru Gobernua ikasturtea hasi aitzin ezarriko den galbahetze-plana biribiltzen ari dela jakinarazi die Gimenok ikastetxeetako zuzendariei. Osasun publikoko irizpideen arabera planifikatu da estrategia, irakasleei eta administrazio eta zerbitzuetako langileei serologia-probak egitea aurreikusten duena, zaurgarritasunezko osasun-ezaugarriak dituzten edo pandemiari buruzko datu epidemiologikoengatik gomendagarritzat jotzen den oinarrizko eremuetako ikastetxeetan. Era berean, Hezkuntza Departamentuak berretsi du ikasleei prebentziozko probak eginen zaizkiela, osasun-agintariek adierazten dituzten irizpideei jarraikiz. 

Absentismoa eta ordezkapenak

Mahai gainean jarri dituzten kontsultetako bitan, irakasleak ordezkatzea eta ustez familia batzuetan gerta daitekeen absentismoa izan dituzte hizpide zuzendariek.  

Azken horri dagokionez, Gimeno kontseilariak oroitarazi du Estatuaren zerbitzu juridikoek emateke dutela oraindik ebazpen bat, Hezkuntza eta Lanbide Heziketa Ministerioak gai horri buruz eskatu duen txostenaren bidez, baina berriz adierazi du derrigorrezko hezkuntza-etapetan (Haur hezkuntzako zikloa ez da horietako bat) absentismoa izatekotan Nafarroak ohiko protokoloa aplikatuko duela. “Ikasleek hezkuntzan parte hartzeko duten eskubidea babesteko helburuarekin egiten diren ekintzak martxan jarri behar ditugu nahitaez”, berretsi du Hezkuntza kontseilariak. Hezkuntza Departamentuak zuzendariei oroitarazi die beraien ikasleei beste ikasle batzuekin konkurrentzian esleitu zaiela eskolan duten tokia, eta zergen bitartez herritar guztien lanaz eta ahaleginaz ordainduriko tokiak direla. “Oinarrizko eskubidea ikasleek eskolara joateko dutena da, eta gaia adingabekoen babesaren eremukoa da”, esan du Gimenok.

Bestalde, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak, Begoña Unzuék, azaldu du uztailaren 2tik irailaren 10era bitartean 70 zerrenda ireki direla irakasleak kontratatzeko, eta atzeraturiko Bigarren Hezkuntzako LEPera aurkeztu ziren guztiak zerrenda horietan sartzea izan dela erabili diren irizpideetako bat, ordezkapen-kopurua handituko dela aurreikusi den ikasturte honetan ahalik eta azkarren egin daitezen ordezkapen horiek. Gainera, Gimenok berretsi du ikasturtea hasteko 666 irakasle gehiago izanen direla bi hezkuntza-sareetan, COVIDaren aurkako protokoloen eskakizunak betetzen ahal izateko.

Hezkuntza zuzendari nagusiak, Gil Sevillanok, ikasturtea antolatzeko protokoloekin zerikusia duten gai anitz argitu ditu. Hain zuzen ere, bizikidetza-talde egonkorren kontzeptua, ikastetxe bakoitzeko COVID arduradunak, irakasleen trebakuntza ikasturtearen hasieran, balizko on line irakaskuntzako agertoki bat bermatzeko eta ikasleen arteko arrakala digitala ezabatzeko baliabide teknologikoak, eta ikasleak beren inguruneetan (garraioa eta jantokia barne) banatzeko beharrezkoak diren mapak osatzea, Osasun Departamentuko aztarnariei aukera emanen  dietenak azkar eta eraginkortasunez sartzeko EDUCAren datu-baseetara. Base horien bidez, berehala ematen ahal izanen diete informazioa ikastetxeei eta familiei koronabirus-kasu positiboak agertuz gero.

Beste alde batetik, Lanbide Heziketaren zuzendaritza nagusiak berariazko prestakuntza-bilera egin du, Imarkoaingo Energia Berriztagarrien Zentroan, Nafarroako LHko 22 ikastetxeetako (horietatik, 19 ikastetxe integratuak dira) zuzendaritzekin. Besteak beste, LHko ikastetxeek COVIDari dagozkion alderdi espezifikoez jardun dute, baita ere 2020-2021 ikasturterako onarpen-prozesuaz, ikasturtea hasteko jarraibideez, trebakuntza-planez, berrikuntza-proiektuez eta ikasle eta irakasleen mugikortasunaz.    

Departamentuak gogora ekarri du familiei zuzenduriko kontingentzia-planei buruzko informazio-jarduketak irailaren 18a baino lehen burutu behar direla. 

Bi saioetan nabarmendu da epidemiaren agertokia aldakorra dela eta baldintzatu egiten duela hezkuntza-agertokia, epe luzeko aurreikuspenak egitea eragotzirik. Aurreikuspen horiek Hezkuntza Departamentuarekin adosturiko Osasun Publikoko irizpideen araberakoak izanen dira.