Hezkuntza departamentuak 17-18 ikasturteko PAI ebaluaketaren emaitzak bidali dizkie ikastetxeei - Hezkuntza departamentuak 17-18 ikasturteko PAI ebaluaketaren emaitzak bidali dizkie ikastetxeei - Dpto
PAI programa daukaten ikastetxeetako 6. mailako 706 ikaslek parte hartu dute ebaluaketan
2018/06/01
Hezkuntza departamentuak PAI programa duten ikastetxeei helarazi die 2017-18 ikasturtean Lehen Hezkuntzako 6. mailan aritu diren ikasleen Gaitasun eta Trebezien Ebaluaketa Txostena.
Ingeleseko hizkuntza gaitasunaren frogak Hizkuntzen Erreferentziazko Europako Eremu Amankomunari egokitutako mailak ditu oinarri eta lau trebezia ebaluatzen ditu: ahozko ulermena (listening), idatzizko ulermena (reading), idatzizko adierazpena (writing) eta ahozko adierazpena (speaking).
Ikasturte honetako ebaluaketaren arabera, PAI programan ari diren Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleen %73 idatzizko ulermenean A1 mailatik gora dago eta %62k A1 maila gainditzen du ahozko ulermenean. Era berean, PAI ikasleen %64 A1etik gora dago ahozko adierazpenean eta bakarrik %43k gainditzen du A1 maila idatzizko adierazpenean.
Ingelesa Ikasteko Programaren Gaitasun eta Trebezia Ebaluaketa 2015/16 ikasturtean hasi zen egiten, PAI programetan ari ziren Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleen ingeleseko gaitasun linguistikoa eta gaitasun zientifikoa gainerako ikasleen emaitzekin alderatzeko.
Hurrengo bi ikasturteetan (16/17 eta 17/18) era horretako azterketa konparatiborik egin ez bada ere, lau trebezien gaineko ebaluaketa egiten jarraitu da PAI ikastetxeetan, kanpo diagnosi gisa, ikastetxeen hobekuntza planei begira tresna baliagarria delako.
Era horretan, hiru ikasturte hauetan zehar, batez besteko adierazle bat ezartzea lortu da lau trebezia horiei dagokienez. Orain arte egindako hiru ebaluaketen emaitzak aintzat hartuz, ikusi da PAI programan ikasten duten ikasleen %76k idatzizko ulermenean A1 maila gainditzen dutela, %65k ahozko ulermenean gainditzen dutela, %59k ahozko adierazpenean eta idatzizko adierazpenean, berriz, %37k gainditzen duela A1 maila.
Beraz, PAI ikastetxeetan ingeleseko gaitasun linguistikoaren ebaluazioaren emaitzetan nolabaiteko eboluzioa antzematen da. Hala, ahozko ulermenean beheranzko joera ahula sumatzen da. Idatzizko ulermenean, aldiz, ez dira ezberdintasun adierazgarriak antzematen ikasturtearen arabera lortutako mailetan. Idatzizko adierazpenari dagokionez, emaitzek hobekuntza arin bat erakusten dute. Azkenik, ahozko adierazpenean, emaitzen eboluzioak ez du joera argi bat adierazten eta gorabeherak antzematen dira emaitzetan, hobekuntza puntualekin azkeneko ikasturtean.
Hurrengo ebaluaketak
Datozen ikasturteetan ez dira aldaketa nabarmenak espero ingeleseko garapen linguistikoan. Hala ere, 2021/22 ikasturtetik aurrera, 2013/14 ikasturtean PAIn hasi ziren ikasleak Lehen hezkuntzako 6. mailara iritsiko direnez, aldaketa gerta daiteke. Izan ere, ikasturte horretan 20 ikastetxetako 700 ikasle baino gehiago gehitu ziren PAIra. Ordutik aurrera, eta legegintzaldi aldaketa egin zen arte, PAI ikastetxeak gehitzen joan ziren, kasurik gehienetan, Hezkuntza departamentuko Ingeleseko Atalaren eta Ikuskaritza Zerbitzuaren irizpidearen kontra. 13/14, 14/15 eta 15/16 ikasturteetan PAIra gehitu ziren ikastetxe publikoen %30ek bakarrik izan zuen Ikuskaritza zerbitzuaren aldeko txostena eta ikastetxeen publikoen %5ek bakarrik zuen (40tik 2k) Ingeles eta Atzerriko Beste Hizkuntzen Atalaren txosten positiboa. Horregatik, PAI programa ezartze masiboa irizpide tekniko eta zorrotzik gabe egin zelako, gomendagarria da ebaluazioa berreskuratzea 2021/22 ikasturtean.