angle-left Hezkuntzak positiboki baloratu du Lanbide Heziketako I. Plan Estrategikoak konferentzia sektorialean jasotako babesa

Gimeno kontseilaria pozik agertu da Ministerioak autonomia-erkidegoen artean aurkeztutako lurralde-lankidetzarako planak eta programek harrera ona izan dutelako

2020/07/20

Nafarroak, gainerako autonomia erkidegoekin batera, Lanbide Heziketako I. Plan Estrategikoaren alde agertu da gaur egin den Hezkuntzako Konferentzia Sektorialean. Carlos Gimeno sailburuak positiboki baloratu du jaso duen laguntza, eta nabarmendu du Planak hobetu egiten duela Foru Komunitateak lanbide-prestakuntzako beharrei ematen dien erantzuna, eta Lanbide Heziketa Nafarroako hazkunde ekonomikorako palanka bihurtzen duela.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako kontseilari Carlos Gimenok parte hartu du gaur goizean, gainerako autonomia-erkidegoetako gainerako sailburuekin batera, Hezkuntzako Konferentzia Sektorialean, Isabel Celaá Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministroa buru izan delarik.

Bileran, Gimeno sailburuak jakinarazi du planak “LHko plazak gehitzea eta eskaintza hobetzea ahalbidetuko duela”. Hain zuzen, datorren ikasturtean beste ziklo batzuk sartu dira, jasotako eskaerei jarraiki, eta plazak gehitu egin dira. Gainera, % 10 handitu da on line prestakuntzaren eskaintza, eta handitu egin da prestakuntza erdipresentzialaren aukera (Espainiako programa bakarra). Gainera, programa modular bat abian jartzen hasi da, eta 2021-22 ikasturtean eskaintza %40raino handitzeko plangintza egiten ari dira.

Horrekin batera, LHko graduatuentzako espezializazio programen aukera aztertzen da, eta bat berariazkoa unibertsitarioentzat. Programa horien xedea izanen da ikasketak zehatzago egitea, gero lan merkatuan sartzeko.

Berrikuntza

Lanbide Heziketako Plan Estrategikoari dagokionez, sailburuak azpimarratu du “Plan honen izaera estrategiko eta berritzailea, ardatz nagusiak modernizazio teknologikoa eta digitalizazioa baitira”.

Lau ekintza berritan oinarritzen da plana: izena emateko, informazioa emateko, hautagaiak zabaltzeko eta erakartzeko kanpaina, enpresei berariazko programak eskaintzea produkzio-sistemen arabera eta langileen kualifikazio-mailaren arabera. Gainera, Gimenok azpimarratu du “digitalizazioan aurreikusita dagoen prestakuntza eta eten digitala konpontzeko jardunak”.

Bestalde, Gimeno sailburuak nabarmendu du garrantzitsua dela LHn ekintzailetza-gelak egituratzea eta ikasgelak teknologia aplikatuen gune bihurtzeko aukera izatea. Ekonomiaren eta gizartearen hazkunderako eta enplegagarritasuna sustatzeko Lanbide Heziketako Planeko jardueretarako Lurralde Lankidetza Bereziaren Programari esker garatuko da alderdi hori. Gai hori Hezkuntzako Konferentzia Sektorialean aztertu da.

Gainera, planak gaitasunak egiaztatzeko prozedurak eta Lanbide Heziketako tituluak eta Profesionaltasun Ziurtagiriak lortzeko prozedurak lotuko ditu. Hori guztia LHko ikastetxe integratuetako giza baliabideen eta baliabide materialen kudeaketa optimizatuz, irakasleen parte-hartzea sustatuz.

EVAU eta Kontingentzia Plana

Beste gai batzuei dagokienez, Gimeno sailburuak nabarmendu duenez, “EVAUri aurkeztutako ikasleen %16 gehitu da eta gaindituen antzeko ehunekoa lortu da”. Horri dagokionez, eskertu egin du “irakasle taldeek beren erabakiak hartzeko izan duten malgutasuna, ebaluazioari, sustapenari eta titulazioari dagokienez duten gaitasun esparrua errespetatuz”.

Datorren ikasturterako, Gimeno sailburuak adierazi du garrantzitsua dela Kontingentzia Plan “bizia eta malgua” izatea, “betiere Osasun Publikoaren ikuskaritzapean”, epidemiologia-, prebentzio-, higiene- eta segurtasun-adierazleei egokitzeko.

Azkenik, eta Lanbide Heziketari dagokionez, Hezkuntza Saila eta Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioa bat etorri dira programazio didaktikoak berrikusi eta egokitzeko beharraz, ebaluazio-txostenetara egokitzeko, eta, era berean, Nafarroan hezkidetzako programa inklusiboekin lotuta egongo den errefortzu- eta laguntza-planaren aurreikuspenaz; esaterako, “irakaskuntza partekatukoekin”.