angle-left Nafarroako hamaika udalerritako mila ikasle murgiltze linguistikoaz gozatuko dute uda honetan Hezkuntza eta CNAIren eskutik

Zirauki, Iguzkitza, Leitza, Sesma, Olloki, Los Arcos, Tafalla, Lizarra, Tutera, Barañain eta Iruña. Eguneko kanpaleku horiek antolatzeko eskatu dute, eta nahi duten udalerri guztiek ditzakete.

2021/06/11

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailari atxikitako Centro Navarro de Autoaprendizaje de Idiomas (CNAI) sozietate publikoak, berriz ere, 2021eko udan ingelesean eta frantsesean murgiltzearen aldeko apustua egiten du, eskatzen duten Erkidegoko herri guztietan.
CNAIren programa guztiak bezala, udako kanpaleku hauek Nafarroako herri guztietan -landatarretan-, APYMAS edo nahi duten ikastetxe guztietan emateko diseinatuta daude, hizkuntza-prestakuntza jaso ahal izateko, edozein delarik ere haien tamaina edo kokapen geografikoa. Eginkizun garrantzitsu hori Nafarroako gizarte eta lurralde kohesioari dagokionez azpimarratuz, gaur egun hamaika udalerrik herritarren eskura jarri dute ikastaro horiek egiteko interesa -Zirauki, Iguzkitza, Leitza, Sesma, Olloki, Los Arcos, Tafalla, Lizarra, Tutera, Barañain eta Iruñea-.
Dagoeneko 919 ikaslek eman dute izena programan, eta ekainaren 28tik irailaren 3ra egingo da, 5 eguneko txandatan. Nahi den astean eman daiteke izena. Ikastaroetako ordutegia 9:00etatik 14:00etara da, eta haurtzaindegi zerbitzua eta jantokiko ordutegi zabaldua eskaintzen dira.
Eguneko hezkuntza-proposamen horien helburu nagusiak dira ikasleek ingelesez eta frantsesez dituzten komunikazio-gaitasunak hobetzea eta udan familia eta lana uztartzen laguntzea. Halaber, ahozko trebetasunetan eragin eta hobetu nahi da, ikastetxeetan egiten den ikaskuntza-prozesuaren osagarri gisa; gizarte-kontzientzia handiagoa sustatu nahi da zeharkako edukien bidez, eta belaunaldi berriak sartu nahi dira kultura arteko gaitasunean eta tradizio anglosaxoi eta frantsesetan. Aldi berean, autonomia, sormena, talde-lana, errespetua eta aniztasuna bezalako balioetan prestakuntza sustatzea du helburu ikastaroak.

Helburu horiek guztiak jarduera dinamiko eta ludiko ugariren bidez bideratzen dira, eta astero hainbat gairen inguruan ibiliko dira: arte plastikoak, sare sozialak, gastronomia, bidaia espazialak, zientzia, musika edo antzerkia, besteak beste.

Azpimarratu behar da aurreko edizioetan gurasoek oso positiboki baloratu zituztela hezkuntza-ekimen horiek. Programaren ordutegi-malgutasuna, programatutako jolas-jardueren motibazio-ikuspegia eta irakasleen profesionaltasuna eta hurbiltasuna dira alderdi positiboenetako batzuk. Gainera, CNAIk antolatzen dituen ikastaro guztiek covi-19ren aurkako protokolo zorrotza dute eta orain arte ez da kutsadurarik erregistratu.

Kanpaleku bakoitzaren ezaugarriei buruzko informazio zehatzagoa nahi izanez gero, jo CNAIra info@cnai.es helbidera edo deitu 948.20.73.43 telefono-zenbakira. Era berean, kanpaleku horiek antolatzeko interesa duten Nafarroako herriek informazioa eskuratu eta eska dezakete telefono berean edo cnaicbaliabideak@cnai.es helbidean.
Lehenengo txandan izena emateko epea ekainaren 21era arte egongo da zabalik. Eta hurrengo txandetarako, ikastaroa hasi baino bi aste lehenago eman daiteke izena, edo ikaspostuak bete arte.

Hiri kanpalekuen datak:


•1. astea: ekainaren 28tik uztailaren 2ra. Ingelesa.
•2. astea: uztailaren 5etik 9ra. Ingelesa.
•3. astea: uztailaren 12tik 16ra. Ingelesa.
•4. astea: uztailaren 19tik 23ra. Ingelesa.
•5. astea: uztailaren 26tik 30era. Ingelesa.
•6. astea: abuztuaren 2tik 6ra. Ingelesa eta frantsesa.
•7. astea: abuztuaren 9tik 13ra. Ingelesa eta frantsesa.
•8. astea: abuztuaren 16tik 20ra. Ingelesa.
•9. astea: abuztuaren 23tik 27ra. Ingelesa.
•10. astea: abuztuaren 30etik irailaren 3ra. Ingelesa.

 

CNAI, hizkuntzen ikaskuntza sustatzeko kalitatezko zerbitzu publikoa
Nafarroako Hizkuntzen Autoikaskuntzarako Zentroa (CNAI) Nafarroako Gobernuaren sozietate publikoa da, Hezkuntza Departamentuari atxikia eta Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoan (CPEN) sartua. 2001ean sortu zen, hizkuntzen ikaskuntza errazteko eta sustatzeko. Nafarroako nazioarteko posizionamendua optimizatzen lagunduko zuten hizkuntza-berrikuntzako proiektuak bideratu eta bultzatzeko sortu zen, hizkuntza ezberdinetan komunikatzeko gaitasuna hobetuz.
Bere 20 urteko ibilbidean, eragin handiko proiektu europarretatik eta tokiko programetatik abiatu da, eta ikastaroak eskaini ditu, bai ikasleentzat, bai irakasle, enpresa eta prestatzaileentzat. 2019an, 7.230 parte-hartzailek egin zuten beren prestakuntza-programetako bat, eta sozietate publikoak Nafarroako 35 herritara zabaldu zuen bere jarduera.
Funtsezko helburu pedagogikoaz gain, CNAIren programa guztiek zeregin garrantzitsua dute gizarte- eta lurralde-kohesioan, herri guztietan eskaintzen baitira, bereziki landa-eremuetan, APYMASetan eta eskatzen duten Nafarroako enpresetan.
Gaur egun, programa gehiago ditu, eta xehetasun gehiago www.cnai.es helbidean