Hezkuntzak eta Elhuyar Fundazioak D ereduko irakasleei prestakuntza emango diete STEAM metodologia zabaldu eta proiektu bidezko irakaskuntza sustatzeko - Hezkuntzak eta Elhuyar Fundazioak D ereduko irakasleei prestakuntza emango diete STEAM metodologia zabaldu eta proiektu bidezko irakaskuntza sustatzeko - Dpto
Asteazken honetan, hilak 16, prestakuntza saio bat antolatu da Elhuyar Zientzia Azokan parte hartuko duten irakasleentzat
2020/12/14
STEAM irakaskuntzaren oinarriak ezagutarazi eta proiektu bidezko euskarazko irakaskuntza bultzatzeko, Hezkuntza Departamentuak eta Elhuyarrek prestakuntza emango diete D ereduko Teknologia eta Zientzietako irakasleei, eta tutoretza telematikorako aukera eskainiko diete Elhuyar Zientzia Azokan parte hartzen duten irakasleei. Hain zuzen ere datorren hilaren 16an prestakuntza-saio bat antolatu da irakasleentzat.
Elhuyarrek urteak daramatza Zientzia eta Teknologia irakaskuntza bultzatzen euskaraz. Nafarroan, Iruñeko Planetarioarekin eta hainbat ikastetxerekin batera, Elhuyar Zientzia Azoka bultzatu nahi izan du, eta Hezkuntza Departamentuak, Euskara Atalaren bidez, proiektu horretan euskararen presentzia indartu nahi du. Horretarako, interesgarritzat jotzen da proiektuak gelaratzeko teknikak ikastea eta ikasleen artean STEAM ikaskuntza zabaltzea. STEAM akronimoak zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikak biltzen ditu eta diziplinartekotasunean lantzen ditu gai horiek STEAM hezkuntzak.
STEAM hezkuntzak unean uneko erronkei erantzuteko beharrezko metodologiak erabiltzen ditu, eta, beraz, etengabeko garapenean dago. Ikasleek XXI. mendeko konpetentziak garatzen dituzte, egungo eta etorkizuneko erronkei era autonomoan aurre egiteko. Ikaslea erdigunean jarri eta elkarlanean aritzen dira, proiektuetan lan eginez eta ikasten dutenaren baliagarritasunaz jabetuz, maila teorikoan landutakoa euren eguneroko erronketan aplikatzen baitute.
Abenduaren 16ko saioan, Elhuyarreko prestatzaileek erakutsiko dute nola bultzatu proiektu bidezko irakaskuntza eta nola gelaratu kontzeptu teorikoak. Prestakuntzaren helburuak dira, beraz, STEAM irakaskuntza ezagutzea eta euskaraz lan egiten duten Teknologia eta Zientziako irakasleak harremanetan jartzea.
Saio honen osagarri, Elhuyar Zientzia Azokan parte hartzen ari diren irakasleei tutoretza telematikoa eskainiko zaie, garatu ditzaketen proiektuetan bideratzeko eta kanpoko adituen laguntza eta babesa izan dezaten. Halaber, Nafarroan Teknologia eta Zientzia Azoka martxan jartzeko lehen urratsak eman nahi dira. Elhuyar Zientzia Azokak Eusko Jaurlaritzak eta Innobasquek antolatutako STEAM Euskadi saria irabazi berri du.