angle-left Gimeno kontseilariak espainiako ACESEA elkartearen batzordean etorkizuneko Ikasketa Artistikoen Legeak sektorearekin duen “zor historikoa” kitatuko duela nabarmendu du

Hezkuntza Departamentuko titularra musika, dantza, arte plastikoak, arte dramatikoa zein diseinuaren arloko 67 ikastetxe publiko eta pribatuak biltzen dituen elkartearen batzarraren irekiera ekitaldian parte hartu du

2023/01/13

ACESEA elkartearen batzordearen hasieran. Ezker eskuin: Pablo Iglesias, ACESEAko lehendakaria; Gimeno kontseilaria; eta Julio Escauriaza Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorikoko zuzendaria.

Carlos Gimeno Hezkuntza sailburuak gaur goizean esan du Hezkuntza eta Lanbide Heziketaren Ministerioa prestatzen ari den Goi Mailako Arte Ikasketen Lege berriak “zor historikoa” duela sektorearekin.

 

Gimeno sailburuak parte hartu du Arte Ikasketen Goi Mailako Ikastetxeen Espainiako Elkartearen (ACESEA) Batzarra irekitzen, Iruñeko Musikaren Hirian egiten dena eta Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren parte dena. Elkarte horretako kideak Nafarroako hiriburuan bildu dira Goi Mailako Arte Ikasketei buruzko hurrengo Legeari eta haren ondorengo arau-garapenei buruzko alderdiak aztertzeko.

Gaur egun, Espainian goi-mailako arte-irakaskuntzak ematen dituzten 67 ikastetxe publiko zein pribatuk osatzen dute ACESEA. Halaber, ACESEAko lehendakari Pablo Iglesiasek eta Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioko zuzendari Julio Escauriazak parte hartu dute irekitze-ekitaldian.

 

Hezkuntza Saileko titularrak ongietorria eman die parte-hartzaileei, eta nabarmendu du “administrazioek ACESEArekin partekatu behar dutela ikastetxeen interesak defendatzeko eta haien kalitatea sustatzeko helburu komuna, betearazpen-eginkizunetik hasita”. Etorkizuneko Goi Mailako Arte Irakaskuntzei buruzko Legeari dagokionez, Gimeno sailburuak garrantzia eman dio “une historikoari”, batzar hau egiten den uneari, bai eta bere kideen erantzukizunari ere, etorkizuneko araudiari eta irakaskuntza arautzen duten arauetako lankidetza-lanari lotutako alderdiak eztabaidatu eta adosteko orduan. Ikasleek unibertsitateko beka eta laguntzak jasotzeko eskubide berberak izanen dituzte.

 

Zentzu horretan, Gimenok zehaztu duenez, lege berriaren oinarrizko testuak aurreratzen du posible izango dela ikastetxeak Arteen Campusean elkartzea, organikoki unibertsitatetik kanpo ezarriz, baina unibertsitatearekin lotuta. Gainera, kontserbatorioek, eskolek eta goi-mailako arte-irakaskuntzetako beste zentro batzuek autonomia-maila handiagoa izango dute, bai kudeaketan bai esparru pedagogikoan, gutxieneko katalogo batetik abiatuta, eta ikasketa-planak eskainiko dituzte zentro bakoitzak maila artistiko eta profesionalean dituen berezitasunen arabera, museoekin, antzokiekin, orkestrekin eta dantza-konpainiekin lankidetzan aritzeko formulekin. Gainera, Gimeno sailburuak lege berriaren ikerketa-alorraren aintzatespena nabarmendu du.

 

ACESEA 1996. urtean sortu zen eta musika, dantza, arte dramatikoa, diseinua, arte plastikoak eta ondasunen kontserbazioa eta zaharberritzea irakasten dituzten zentroak biltzen ditu. Gaur egun, hiru ataletan dago antolatuta: Musika (goi-mailako 26 musika-kontserbatorio ditu), Arte Eszenikoak (arte dramatikoko goi-mailako 20 eskola eta dantzako goi-mailako kontserbatorioak barne) eta Arte Plastikoak (guztira 21 diseinuko goi-mailako eskola, kontserbazioko eta sukaldaritzako goi-mailako eskolak eta zeramikako eta beirazko arte plastikoetako goi-mailako eskolak).