angle-left Gimeno kontseilariak Alaitz BHIko Arte Eszenikoen, Musikaren eta Dantzaren Batxilergoko instalazio berriak ezagutu ditu

Barañaingo institutua errefentzia da Nafarroa osoan euskarazko irakaskuntzan; 128 ikasle ditu 

2022/02/11

Carlos Gimeno, Hezkuntzako kontseilaria, Barañaingo Alaitz BHIn izan da gaur eguerdian eta institutuan Arte Eszenikoen, Musikaren eta Dantzaren Batxilergoa irakasteko eraikitako espazio berriak ezagutu ditu. Ikastetxea errefentziazkoa da Nafarroa osorako arlo horretako ikasketak D ereduan eskaintzen.

Iosu Mena zuzendariak lagunduta, kontseilaria 200m2-ko azalera erabilgarriko erabilera eszenikoen areto handira joan da, baita 80m2 eta 60m2-ko bi musika-gela berrietara ere; horiek, beste espazio osagarri batzuekin batera (40m2-ko azalerako estudio bat, esaterako), Alaitz BHI handitzeko proiektua osatu dute, eta, horri esker, estalitako ataripe handi bat sortu da instituturako.

Kontseilariak ikastetxeko zuzendaritza eta ikasleak zoriondu ditu Alaitz BHIko hezkuntza-komunitateak luzaroan eskatutako instalazioen kalitateagatik, azkenean Gobernuak bultzatu, esleitu eta eraiki baititu. Ikasturte honetan espazio berriak martxan jarri arte, ikasleek ez zuten entseguetarako gela egokirik, ez zuten areto eszenikorik eta gorputz-hezkuntzako pabiloia erabiltzera behartuta zeuden.

Hezkuntza Departamentuak finantzatutako Alaitz BHI handitzeko proiektuak 683.980,26 euroko kostua izan du guztira, eta horietatik 250.000 Foru Parlamentuan zeuden talde politiko guztiek babestu zuten aurrekontu-zuzenketa batetik datoz. Obrak 2020ko urriaren 15ean hasi eta 2021eko uztailaren 1ean amaitu ziren. Gune guztiak ikasturte honetan estreinatu dira.

Arte Eszenikoen, Musikaren eta Dantzaren Batxilergoko modalitate horrek eskaera asko handitu du azken urteetan.

Gaur egun, Alaitz BHIk 381 ikasle ditu D ereduko ikasketak euskaraz egiten. Horietatik 235ek Batxilergoan ikasten dute, eta 128k, zehazki, Arte Eszenikoetako, Musikako eta Dantzako Batxilergoa (58 lehenengo mailan eta 70 bigarrenean).