angle-left Lanbide Heziketaren Nafarroako Kontseiluak titulazio eta egiaztagiri berriak onartu ditu gaur

Hezkuntza departamentuak, halaber, Lanbide Heziketa Plan Estrategikoaren betetze mailaren inguruko datuak partekatu ditu kontseilu-kideekin

2019/05/09

Hezkuntza kontseilari Maria Solana Aranak ireki du gaur arratsaldean Lanbide Heziketaren Nafarroako Kontseiluaren bilera, Eskubide Sozialen lehendakariorde Miguel Laparra, Landa Garapena, Ingurumena eta Tokiko Administrazioko kontseilari Isabel Elizalde eta Hezkuntza zuzendari orokor Roberto Perez ondoan zituela. 

Hezkuntza ordezkariak hitza hartu du gogorarazteko astelehenean bertan ireki zela lanbide heziketan izen-ematea eta azpimarratu du lanbide heziketaren kalitatea  etengabeko apustua izan dela Nafarroako Espezializazio Adimentsuko Estrategiarekin lerratuta. 

Ondoren, Kualifikazio profesionalen atalburu Patxi Martinez Ciak lanbide heziketako titulu berrien egitura eta curriculuma arautzen duten foru dekretuak azaldu ditu eta ondotik, Hezkuntza zuzendari orokor Roberto Perezek, Lanbide Heziketaren Plan Estrategikoaren betetze mailaren inguruko hainbat datu azaldu ditu. Izan ere, azkeneko ikasturteetan, eta Planaren helburuekin bat eginez, hazi egin da lehenengo urtean eskaintzeko ziren plazak (%13,5eko igoera), baita euskaraz nahiz gazteleraz eskaintzen diren heziketa zikloak ere (39 ziklo berri gehitu dira). Dual modalitatea ere aipatu du: gaur egun 38 ziklo eskaintzen dira Dualean eta ikasleen % 6,2 ari da modalitate horretan ikasten.

Azkenik, Kontseiluak adostu du Akreditazio batzordeari eskatzea azter dezala Acciona Energiak egindako eskaria; alegia, zentral hidroelektrikoan ari diren profesionalak akreditatzeko eman beharreko pausuen bideragarritasuna aztertzea.