angle-left Sarriguren BHIn eraikin berri bat eraikitzea esleitu du Hezkuntzak 6,2 milioi euroko aurrekontuarekin

Gainera, Caro Baroja institutua handitzeko lanei berehala ekingo die 1.017.791,50 euroren truke.

2022/05/30

Hezkuntza Departamentuak Sarriguren BHIn eraikin berri bat egiteko obrak esleitu ditu, ikastetxe horretan aurreikusitako matrikularako behar den irakaskuntza eremua osatzeko. Riovalle construcción y obra pública S.L.U. enpresari esleitu zaizkio obrak. 6.282.464.01 euro eta hamabi hilabeteko epean. Obra 2023ko uztailean bukatzea aurreikusten da, 2023-2024 ikasturtea hasi baino lehen.

Sarriguren BHIk 2019-2020 ikasturtean hasi zuen bere ibilbidea, eta bolumen berria izango du, hiru mailatan banatua (beheko solairua, lehenengoa eta bigarrena). Guztira 3.277,35 m2-ko azalera eraikia izango du, eta bertan honako espazio hauek garatuko dira: beheko solairuak tailer, laborategi, musika eta kirol guneak (gimnasioa eta aldagelak) hartzen ditu.

Azken horiek zentrotik kanpo erabiltzeko aukera dute. Goiko bi solairuak antzekoak dira eta banaketa bera dute, lehen solairuko instalazioen espazioak eta solairu berean gimnasioak hartzen duen altuera bikoitzeko bolumena izan ezik. Lehenengo eta bigarren solairuek sei ikasgela arrunt, berariazko gela bat, hiru banaketa eta departamentu bana dituzte. Komunak eta komunikazio bertikaleko guneak ere badituzte.

Bolumena bi zatitan banatuta adierazten da: zokalo testurizatu bat, kolore berdexkakoa, lurrari lotua, eta testura eta kolore neutroko gelak hartzen dituen bolumen handiagoa. Baoak zerrenda horizontal jarraituak dira, espazioen barruan argiztapen eta aireztapen homogeneoa ahalbidetzen dutenak.

Caro Baroja institutua handitzea

Gainera, Departamentuak datozen zortzi hilabeteetan Nafarroako hiriburuko Caro Baroja Bigarren Hezkuntzako Institutua handituko du. Handitze horretan, beheko solairuan, gela bat eta χ-tailerra, patiorako sarbide berria eta eskailera berria jarriko dira. Eskailera azpiko espazioa aprobetxatzen da lorezaintzako gela bat eta biltegi txiki bat izateko.

Caro Baroja BHIaren handitzea 1.017.791,50 euroan esleitu zaio Construcciones Oses, S.L.ri. Obrak 2023ko udaberrian bukatuko dira eta 2022-2023 ikasturtea bukatu baino lehen has litezke.

Goiko bi solairuek, lehenengoak eta bigarrenak, konfigurazio espazial bera dute. Bi ikasgela arrunt dituzte, eta ikasgela bakoitzak bitan banatzeko gela bat, horiek lotzen dituen eskaileraz gain. Goiko solairu bakoitzeko korridorearen amaieran jarri behar dira bi gelak, eta beirazko irristailuen bidez lotu behar dira elkarrekin. Hala, gaur egun dauden espazio ireki, konektatu eta gardenen planteamenduari jarraituko zaio. Eskailera berriak bitan banatu behar du, solairu trinko bat osatuz. Gainera, handitzeak larrialdietarako eskailera berri bat izanen du, eta hori, era berean, solairuaren irteera gisa erabiliko da eraikinaren gainerakoentzat.

Azkenik, Hezkuntza Departamentuak bi jarduketa aurreikusi ditu Iruñeko Donapea Lanbide Heziketako ikastetxe integratuan, guztira 313.981,49 euro, eta datorren ikasturtea hasi baino lehen gauzatuko dira. Alde batetik, ikastetxeko estalki bat zaharberrituko da. Obra hau Revimpe, S.L.ri esleitu zaio. 196.982,66 euro eta 30 eguneko exekuzio epea. Bestetik, COYSER Construcciones y Servicios, S.L.ri esleitutako euste-horma sendotzea aurreikusi da. 116.998,83 euro eta 3 hilabeteko epean.