angle-left Hezkuntza Departamentuak irakasleei banakako laguntzak emateko deialdia egin du, euskara ikas edo hobe dezaten

Unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publiko eta itunduetan jardunean dauden irakasleek jaso ahal izango dute dirulaguntza

2023/10/27

Unibertsitateaz kanpoko irakasleek euskara ikas edo hobe dezaten banakako laguntzen deialdia argitaratu du Hezkuntza Departamentuak NAOn. Diruz lagunduko dira 2023ko irailaren 1etik 2024ko abuztuaren 31ra bitartean egindako edo amaitutako ikastaroak.

Diru-laguntzaren xede diren ikastaroak ikastetxe publikoetan edo helduei euskara irakasteko ikastetxe pribatu homologatuetan egin ahal izango dira. Helburu bakarra euskara ikastea duen prestakuntza baizik ez da diruz lagunduko. Aurrez aurreko ikastaro estentsiboak zein intentsiboak finantzatuko dira, baita barnetegiak, ikastaro erdi-presentzialak eta online ikastaroak ere. Eduki metodologikoko ikastaroak ez dira diruz lagunduko.

Jardunean dauden unibertsitateaz kanpoko irakasleek jaso ahal izango dituzte laguntzak. Matrikularen zenbatekoaren %50 ordainduko da, eta ostatuaren eta mantenuaren %50, barnetegi-erregimeneko ikastaroen kasuan.

Hezkuntza Departamentuak 10.000 euro erabiliko ditu, guztira, helburu horretarako. Horietatik %75 ikastetxe publikoetako irakasleentzat izango da, eta gainerako %25 itunpeko ikastetxeetako irakasleentzat. Eskabideak aurkezteko epea 2024ko irailaren 2tik 16ra bitartekoa izango da.