angle-left Hezkuntza Departamentuak LHko eta Arte Plastiko eta Diseinuko sari berezietarako deialdia egin du 2020-2021 ikasturterako

Azken ikasturtean erdi-mailako eta goi-mailako 8,5eko batez besteko nota eta oinarrizko LHko 7,5eko batez besteko nota lortu duten ikasleentzat dira

2022/01/05

Nafarroako Gobernuak Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko aparteko sariak deitu ditu (2020-2021), ikasketak amaitu dituzten ikasleentzat. Batez besteko nota gutxienez 8,5 izan behar da erdiko eta goiko mailetan, eta 7,5 oinarrizko LHn.

Lanbide familia bakoitzeko sari bat ezarri da goi mailako eta erdi mailako ikasleentzat, eta aparteko hiru sari, bat familia profesionalen talde bakoitzeko, Oinarrizko Lanbide Heziketako heziketa zikloetan. Hauek dira familiak: administrazioa eta kudeaketa, merkataritza eta marketina, informatika eta komunikazioak, arte grafikoak; nekazaritza, ostalaritza eta turismoa, irudi pertsonala, elikagaien industriak, ehungintza, jantzigintza eta larrugintza; eraikuntza eta obra zibila, elektrizitatea eta elektronika, fabrikazio mekanikoa, instalazioa eta mantentze-lanak, zura, altzariak eta kortxoa, eta ibilgailuen garraioa eta mantentze-lanak.

Arte Plastikoetako eta Diseinuko sariei dagokienez, goi eta erdi mailako heziketa zikloetarako sari bat ezarri da, hurrenez hurren, Nafarroan eskaintzen diren lanbide arloetako bakoitzeko.

Sariek 300 euro izanen dituzte goi mailarako, 250 euro erdi mailarako eta 200 euro oinarrizko LHrako. Aparteko saria lortzen duten goi mailako ikasleek, gainera, LHko sari nazionalen deialdian parte hartzen ahalko dute.

Eskaerak Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integrazioko Zerbitzura bidali beharko dira urtarrilaren 10etik 18ra, biak barne. Hezkuntza Erregistroan, Nafarroako Gobernuko erregistro orokorrean edo Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legean ezarritako edozein bide erabiliz aurkeztu ahal izango dira.

Izangaiek, eskabidearekin batera, NANaren fotokopia eta ikasketa espedientea aurkeztu beharko dituzte. Halaber, Europako Curriculum Vitae-aren eredua ere aurkeztu ahal izango dute. Hori nota akademikoan berdinketarik izanez gero bakarrik baloratuko da.