angle-left Hezkuntza Departamentuak Nafarroako Lanbide Heziketako sari bereziak deitu ditu

Hautagaitzak urtarrilaren 20tik 31ra bitarte aurkez ditzakete 2023-2024 ikasturtean prestakuntza-zikloa amaitutako ikasleek

2025/01/13

Hezkuntza Departamentuak, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiaren bidez, lanbide heziketako oinarrizko, erdi eta goi mailako zikloetako eta arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketetako erdi eta goi mailako zikloetako sari berezietarako deialdia egiteko ebazpena onetsi du. Hori guztia, 2023-2024 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatean prestakuntza zikloa bukatu duten ikasleentzat.

 

Deialdi irekia da, ikastetxe publiko, itunpeko edo pribatuetako ikasleentzat, modalitate guztietan: modalitate presentzialean, erdipresentzialean eta online modalitatean, eta, gainera, deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituztenentzat.

 

Eskaerak aurkezteko epea 2025eko urtarrilaren 20tik 31ra izango da, biak barne. Sari berezia jaso nahi duten ikasleek eskaera bat aurkeztuta eman behar dute izena. Deialdian eskatzen den dokumentazioa atarian argitaratutako izapide-fitxaren bidez kontsulta daiteke www.navarra.es. Eskaerak Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integrazioko Zerbitzuko zuzendariari zuzenduko zaizkio, aipatu dokumentazioarekin batera, eta Hezkuntza Departamentuko erregistroan bertan, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean, telematikoki, erregistro orokor elektronikoan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezarritako edozein bideren bitartez aurkezten ahalko dira.

 

2025eko otsailaren 18an, onartutako pertsonen behin-behineko zerrendak argitaratuko dira fitxan. Eta erreklamatzeko epea igarota, bide berberak erabiliz jakinaraziko dira behin betiko zerrendak.

 

Norgehiagoka-araubidea

Sari berezietarako deialdia norgehiagokako araubideari jarraikiz eginen da, eta Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emanen ditu, hautapen batzordeak proposaturik. Horretarako, prestakuntza-zikloko espediente akademikoaren batez besteko nota hartuko du kontuan, eta, berdinketarik egonez gero, beste merezimendu batzuei emandako puntuazioa (hizkuntzak, atzerriko prestakuntza-egonaldiak, titulazioarekin lotutako prestakuntza edo beste prestakuntza batzuk).

 

Berdinketak jarraitzen badu, Hautaketa Batzordeak curriculumean aurkeztu eta egiaztatutako beste alderdi batzuen arabera erabakiko du berdinketa, hala nola, lan-esperientzia, sariak, bekak edo egoki iritzitako beste batzuk. Ez dira kontuan hartuko curriculumean adierazitako merezimenduak, agiri bidez egiaztatuta ez badaude.

 

Sari berezia lortzen duten ikasleek Hezkuntza Departamentuaren aitorpen ofiziala jasoko dute, baita sari hori aitortzen duen diploma egiaztatzailea ere, eta saria lortu dutela egiaztatzen duen eginbidea jasoko dute beren ikasketa espedientean.

 

Gainera, goi-mailako saridunek Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak egiten duen Lanbide Heziketako Sari Nazionalen deialdian parte hartu ahal izango dute.