Nafarroako Hezkuntza Departamentuak aditzera ematen du Zubiarte Euskaltegi Publikoak euskara-ikastaroetan izena emateko epe berria urtarrilaren 20tik 25era izanen dela. - Nafarroako Hezkuntza Departamentuak aditzera ematen du Zubiarte Euskaltegi Publikoak euskara-ikastaroetan izena emateko epe berria urtarrilaren 20tik 25era izanen dela. - Dpto
2021/01/20
Aurtengo kanpainaren leloa: Euskara Bizigai-Ziurtasun osoz
Uharte herrian kokaturik dagoen Zubiarte Euskaltegi Publikoak 2020-2021 ikasturterako antolatutako euskara-ikastaroetan izena emateko epe berria urtarrilaren 20tik 25era izanen da. Epe berri honetan ikasturtean zehar martxan diren taldeetan sortu diren hutsuneetan izena emateko aukera izanen du euskara ikasi nahi duenak. Horretaz gain, A1-hasiera taldea ere badago.
Euskaltegiak maila guztiak eskaintzen ditu: A1, A2, B1, B2 eta C1. EGA eta C1 mailako azterketak prestatzeko ikastaro bereziak ditu.
Ikastaro presentzialak goiz, arratsalde eta gaueko ordutegietan dira. Txandaka joateko aukera dute ikasleek. Ikas-prozesua auto-ikaskuntzan egiteko modalitatea ere badago maila guztietan. Halaber, mintzamena lantzeko berariazko ikastaroa B2 mailan. Hainbat kanpo-talde ere baditu.
Euskaltegiak aurten eskaintza zabaldu du eta ohikoak diren ikastaroez gain, bi ikastaro berri eskainiko ditu: modalitate mistoa EGA/C1 mailan, klase presentzialak eta ikasgela birtualean eta C1 mailan 4 orduko ikastaroa asteko egun bakar batean.
Unibertsitatekoak ez diren irakasleek ikastaro hauek egin ahalko dituzte eskola ordutegitik kanpo eta dohainik Hezkuntza Departamentuko Prestakuntza Planaren parte baitira.
Oro har, saioak aurrez aurrekoak izanen dira, baina osasun-egoeraren arabera, edota beharrezkoa bada, etxetik bertatik egiteko aukera izanen dute ikasleek ikasgela birtuala erabiliz. Betiere segurtasun osoz.
Informazio osoa Euskaltegiaren web orrian. Izen-ematea on-line egingo da. Aurrez aurre egin nahi izanez gero, 848431010 telefonoa deitu behar da hitzordua eskatzeko edo euskaltegiko postara idatzi.