angle-left Hezkuntzak 80.000 euro bideratuko ditu ikasleen artean osasuna, jasangarritasuna eta bizikidetza sustatzeko

Ikastetxe publikoek zein itunpekoek datorren ikasturtean garatuko dituzte proiektuak

2023/05/30

Hezkuntza Departamentuak bi diru-laguntza deialdi argitaratu ditu gaur NAOn ikastetxeetan osasuna, garapenerako eta herritartasun globalerako hezkuntza, jasangarritasuna eta ingurumena, zein memoria historikoa, bakea eta bizikidetza sustatzeko. Guztira 80.000 euro bideratuko dira, 50.000 euro ikastetxe publikoentzako eta 30.000 itunduentzako, proiektu horiek finantzatzeko. 

 

Deialdi honetan sartzen ahalko dira Haur eta Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako, Lanbide Heziketako, Araubide Bereziko, Hezkuntza Bereziko edo Helduen ikastetxe publikoak nahiz itunduak. Diru-laguntza jaso ahal izateko, ikastetxe bakoitzak proiektu bat aurkeztu beharko du hautatzen duen laguntza bakoitzeko, eta koordinatzaile bat izan beharko du. Proiektuak 2023-2024 ikasturtean garatuko dira eta datorren urteko maiatzaren 31n bukatu beharko dira.

 

Osasuna sustatzeari dagokionez, ekimenek hainbat alderdi landu ahal izango dituzte, hala nola elikadura, ariketa fisikoa, gorputz eta jarrera higienea, bide segurtasuna eta ikastetxeko arriskuen prebentzioa.

 

Garapenerako hezkuntza eta herritartasun globala sustatzeari dagokionez, justizia soziala eta ekitatea, giza eskubideak edo enpatia, identitatea, autoestimua edo aniztasunarekiko errespetua bezalako balioak landuko dira. Gainera, ikasleek erabakiak hartzeko eta familiek parte hartzeko duten gaitasuna handitzeko lan eginen da.

 

Jasangarritasuna eta ingurumena sustatzeari lotuta, ikastetxeek hainbat ekimen aurkeztu ahal izango dituzte eskola-baratzeekin, hondakinen kudeaketarekin edo bizimodu jasangarriak bultzatzeko jarduerekin lotuta.

 

Azkenik, oroimen historikoaren, bakearen eta bizikidetzaren aldeko hezkuntza programazio didaktikoetan bultzatzeko, tolerantzia, justizia, bizikidetza baketsua edo oroimen historikoa bezalako edukiak integratu ahal izango dira.