angle-left Hezkuntza Departamentuak euskarazko mintzapraktika tailerrak eskainiko ditu Lehen Hezkuntzako D eta A ereduetako ikasleentzat

"Euskaraz solas eta jolas" ekimenak ikasleen ahozko adierazpena eta ulermena hobetzea du xede

2020/09/09

Hezkuntza Departamentuak D, A eta B ereduetako Lehen Hezkuntzako ikasleen artean mintzamena lantzeko tailer trinkoak antolatu ditu. Mintzapraktika trinkoa sustatuz eta talde dinamiken bitartez euskararen ulermena eta mintzamena hobetzea helburu duen ‘Euskaraz solas eta jolas’ ekimena 2020ko urritik abendura eskainiko da.

Programan parte hartu nahi duten Lehen Hezkuntzako ikastetxeek irailaren 23a bitartean aurkeztu ditzakete eskaerak (D ereduko eskaera eta A ereduko eskaera). Tailerrak aire librean egingo dira, ikastetxeen ohiko ordutegian, ikastetxean bertan edo inguruko beste toki publiko batean. Tailerretan parte hartzeko 15 ikasleko talde egonkorra izan behar da, gutxienez

Astero bost ikastalde hartu ahal izango dituzte hezitzaileek. Ikastaldeak erdibitu egingo dira; horrela, jostaldira bitarte ikasleen erdiak hezitzailearekin ariko dira, beste erdiak gelan ohiko irakaslearekin gelditzen diren bitartean. Atsedenaldiaren ondoren ikasleak trukatuko dituzte hezitzaileak eta ohiko irakasleak.

“Euskaraz solas eta jolas” tailerrak Arantza eta Beintzako aterpeetan aritzen diren hezitzaileek eskainiko dituzte. COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz 2020ko udazkenean ezingo dira egin Euskaraz bizitzeko egonaldiak, hala han aritzen diren hezitzaileak hurbilduko dira ikastetxeetara, bi helburu nagusirekin: batetik, D, B eta A ereduetako ikasleen ahozko ulermena eta adierazpena lantzea eta, bestetik, euskararen erabileran eta ikasleen motibazioan eragitea, gure hizkuntza bizipen gustagarriekin lotuz.

Jakin badakigu Nafarroako ikasle askorentzat eskola dela euskaraz mintzatzeko ingurune nagusia eta, batzuetan, bakarra. Martxoan aurrez aurreko eskolak bertan behera gelditu zirenetik, inguru erdaldunetan bizi diren ikasleek euskaraz mintzatzeko askoz ere aukera gutxiago izan dute. Euskararen erabileraren inguruko kezka nabarmena da 2020-21 ikasturteko hasiera honetan. Euskara Atalaren deialdi honek kezka horri erantzuten dio.

Guztira hamar txanda eskainiko dira, urriaren 5etik abenduaren 11ra bitarte. Txandan astebetekoak izango dira, astelehenetik ostiralera, jaiegunak daudenean izan ezik. Horregatik, 5 eguneko 7 txanda eskainiko dira, 3 eguneko 2 eta 4 eguneko txanda bakarra.