angle-left Hezkuntza Departamentuak Hizkuntza Trataera Bateratuaren gaiarekin parte hartu du Udako Ikastaroetan

Hezkuntzaren trataera, berez, euren zentroko proiektuan jasota eduki behar dute ikastetxeek. Horregatik, era askotariko formazioa antolatzen ari da Hezkuntza. Hurrengo hitzordua heldu den urriaren 6an izanen da eta Hizkuntza Trataera Bateratuaz azalpenak emanen zaizkie irakasleei

2018/09/21

Udako ikastaroetan ere Hizkuntza Trataera Bateratua izan du Hezkuntza Departamentuak mintzagai. Izan ere, sentsibilizazio prozesuan sartua dago departamentua aspaldi HTB (Hizkuntza Trataera Bateratua) garatzeko helburuarekin. Iragan apirilean eginiko eleaniztasunaren inguruko jardunaldiekin hasi zen prozedura hau eta oraingo ikasturte hasierako jarraibideetan (ebazpena), Hizkuntza Proiektua egiteko mandatuan isla izan du. Aurrerantzean, atzerriko hizkuntzen programa ez daukaten haur, lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxeetara eginkizuna zabalduko da eta horretarako, foru agindua karrikaratuko da. Hizkuntzen Trataera Bateratuaren helburua erdiesteko, hainbat trebakuntza saio, hedapen jardunaldi eta bestelako ekintzak burutuko dira.

HTBa Nafar zentroen proiektuetan jasota egon dadin ari dira aipaturiko formazio saioak egiten. Hurrengo hitzordua urriaren 6an izanen da, goizeko 9:30etan hasita Musikaren Hirian eleaniztasunaren inguruko “bertatik mundura” izeneko jardunaldiarekin

Era berean eta erronka gisara, epe ertainerako prozesu parte-hartzaile gidatua eta estrategikoa abiatuko da bertako hizkuntzetatik abiatuko den benetako trataera bateratu bat xede duela.

Hizkuntzen trataera, udako ikastaroen gaurko gaia

 

Nafarroako unibertsitateen udako aurtengo ikastaroen barruan, UNED eta Nafar Ateneoak Hizkuntzen Trataera Bateratua (HTL) hezkuntzan gaia izan dute hizpide, gaurko saioan “Ingelesa ikasi euskaraz, gaztelaniaren bidez: Hizkuntzen Trataera Bateratua eskolan” izeneko hitzaldiarekin.

Saioan Eleaniztasuna eta Irakaskuntza Artistikoen Zerbitzu zuzendari Hasier Morras Aranoak parte hartu du. Nafarroako hezkuntza sisteman hizkuntzen irakaskuntza nola garatzen den azaldu du. Gainera, etorkizuneko erronkak testuinguruan jarri ditu, Hizkuntzen Trataera Bateratuaren printzipio metodologikoaren aplikazioa aintzat hartuz, “Hizkuntza politika Nafarroako hezkuntza sisteman : HTB, eleaniztasuna eta hizkuntza aniztasuna” izeneko hitzaldian zehar.

Gaian adituak diren EHUko Itziar Elortza irakaslea, Lizarrako ikastolako irakasle Maider Etxaniz eta Berritzegune Nagusiko aholkulari Iratxe Renteria ere han izan dira. Eurek izan dute HTBren onurak azaltzeko ardura eta Ikastetxeko Hizkuntza Proiektuaren garrantzia azpimarratu dute, hizkuntzen irakaskuntzan hobetzeko tresna gisa.

Ikastaroa gaur hasi da eta bihar arratsaldez jarraituko du, Nafarroako gobernuak diruz laguntzen duen ikastaroen barruan euskaraz egiten den saioetako bat da.