angle-left Hezkuntza Departamentua, Administrazio Publikoetako Eraldaketa Digitalaren @ASLAN saria 2021

Saritutako proiektua María Ana Sanz Administrazio, Merkataritza eta Informatika Zentro Integratuan garatu da, AEG Arroka zentroarekin eta Flytech enpresarekin elkarlanean

2021/06/10

Tomas Rodriguez Garraza LHko zuzendari nagusiak eta Patxi Martinez Lanbide Kualifikazio, Enpresa eta Enplegu Zerbitzuko zuzendariak @ASLAN saria jaso dute, Madrilen

Hezkuntza Sailak Eraldaketa Digitalaren @ASLAN 2021 Saria irabazi du Administrazio Publikoetan, Azpiegituren Birtualizazioa IT kategorian, ‘STEAM ikastetxeetan birtualizazio-laborategiak ezartzea’ proiektuarekin. Proiektua María Ana Sanz CIk garatu du, Arroka AEG zentroarekin eta Flytech enpresarekin batera.

Irabazi asmorik gabeko @ASLAN elkartea berrikuntza digitala sustatzen duten 130 enpresa teknologikok baino gehiagok osatzen dute, eta horren bidez, Administrazio Publikoetan digitalizazioa bultzatzeko izandako esperientzia arrakastatsuen berri eman nahi da, herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak eta horien eraginkortasuna hobetzeko.

Hamahirugarren edizio honetara 55 enpresa eta erakunde publikoren 59 kasu arrakastatsu aurkeztu dira, 12 kategoriatan sailkatuta. Horietatik guztietatik, @ASLANeko enpresek eta Administrazio Publikoekiko Harremanetarako Batzordeak aukeratu dituzte irabazleak. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua finalisten hirukote batean hautatu zuten Valentziako Udalarekin eta Murtziako Osasun Zerbitzuko Los Arcos del Mar Menor Unibertsitate Ospitale Orokorrarekin batera.

Tomás Rodríguez Garraza Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak eta Patxi Martínez Lanbide Kualifikazio, Enpresa eta Enplegu Zerbitzuko zuzendariak jaso dute saria, Madrilen egindako ekitaldi batean.

Lankidetza-proiektua

Proiektu irabazlea, ‘STEAM ikastetxeetan birtualizazio-laborategiak ezartzea’, María Ana Sanz Administrazio, Merkataritza eta Informatikako Zentro Integratuan garatu da, AEG Arroka zentroarekin eta Flytech enpresarekin lankidetzan, proiektuaren bazkide teknologiko gisa.

Birtualizazio proiektu honekin, María Ana Sanz Zentro Integratuak enpresa handiek sistema aurreratuari dagokionez duten azpiegituraren antzekoa eskuratu du. Horri esker, ikasleei digitalizazioarekin eta 4.0 industriarekin lotutako gaitasun profesional berrienen aplikazio praktikoa eta garapena eskainiko zaizkie, eta arreta berezia jarriko zaie zibersegurtasunari, arlo horretako lan-merkatuaren eskaera berrienekin bat etorriz.

Proiektu hori bat dator Espainia Digitala 2025ekin, estrategiarekin. Estrategia horren bidez, eraldaketa digital bat planteatzen da, hazkunde iraunkor eta integratzaileari behin betiko bultzada emateko.

Estrategia horretan sartzen da, hezkuntza-administrazioaren ikuspegitik, ikasleei, oro har, behar diren gaitasun digitalak ematea, egungo eremu teknologikoetan eta eguneroko bizitzan moldatzeko. Lanbide heziketaren esparruan, gaur egun eskatzen zaizkien gaitasun aurreratuak dituzten profesionalak prestatzeko eskakizunari erantzuten dio, gero eta konplexuagoak diren tresna digitalak erabiltzea eskatzen baitu.