angle-left Hezkuntzak IkasNova gelak izateko guneak birmoldatzeko diru-laguntzen deialdia argitaratu du

Toki erakundeek uztailaren 5 bitartean izango dute eskaerak aurkezteko aukera

2023/06/05

Hezkuntza Departamentuak IkasNova gelak izateko guneak birmoldatzeko diru-laguntzen deialdia argitaratu du gaur Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Ikastetxeetako titularrek eskaerak aurkezteko aukera izango dute, modu telematikoan, uztailaren 5a bitartean.

 Hezkuntza Sailak 300.000 euro erabiliko ditu eremu horietan ikaskuntza aktiborako hobekuntza-lanak egiteko. Lanen helburua IkasNovaren helburuetara egokitutako espazioa lortzea izango da, besteak beste, espazio irekiak, malguak eta mugikortasun handikoak sortzea, esperientzia-, partaidetza- eta digitalizazio-lanak ahalbidetzeko. Ikasgela horiek Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, Lehen Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe mistoetan daude.

Birmoldaketa egin nahi duten ikastetxeek IKT Hezkuntzako Teknologia eta Azpiegituren Zerbitzuak onetsitako proiektu pedagogikoa izan beharko dute aldez aurretik. Diruz lagunduko dira, gehienez ere 20.000 euro zentro bakoitzeko, honako jarduera hauek: korridorean kristalezko zuloak irekitzea, lanpostuak jartzea, espazio berria sortzeko bateratu beharreko guneetako trenkadak eraistea, espazioa hosgabetzea eta IkasNova gelarako beharrezkoak diren beste batzuk. Ez da diru-laguntzarik emanen ekipamendua erosteko, ez eta eraikinaren eta haren instalazioen mantentze-lan arruntetarako ere.

Eskaerak baloratzeko, honako hauek hartuko dira kontuan: ACNEAE indizea (Hezkuntza Premia Bereziak dituzten Ikasleak), ikastetxearen matrikula aktibo osoa, 16 urtetik beherakoen pobrezia erlatiboaren arrisku-tasa, pobrezia larriaren arrisku-tasa eta erroldatutako populazioa.

IkasNova jardunaldiak

Datorren astelehenean, ekainak 12, IkasNova I. Jardunaldia egingo da Hezkuntza Departamentuko areto nagusian. 99 ikastetxetako ordezkariek hartuko dute parte. Ikastetxeetako zuzendaritzako langileei eta Ikasnova ikasgeletako koordinatzaileei zuzendutako hitzorduan, José Antonio Casasek ziberbizikidetzari buruzko hitzaldia emango du.

Gainera, lantegi praktiko bat egingo da ikastetxeetako IkasNova geletako esperientziak trukatzeko. Robotikako material teknologikoak, kamerak edo bistaratzaileak erakutsiko dira jardunaldian.

 

IkasNova gela

ikasNOVA Gela ikastetxeetan gauzatzen ari den hezkuntzaren eraldatze prozesuaren ondorioa da. Espazioen erabilera aldatuz, teknologia integratuz eta ikaskuntza aktiboa sustatuz, XXI. mendeko gaitasunak garatu nahi dira, ikasle guztien gaitasun digitalari arreta berezia eskainiz.

European Schoolnet-eko Future Classroom Lab (FCL) delakoan oinarritutako ikaskuntza-ingurune berri horri esker, ikasleek eta irakasleek altzari malguak eta teknologia integratua dituen espazio batean sortu, ikertu, aurkeztu eta elkarreragin dezakete.

 

Hezkuntza azpiegitura horien helburuetako bat da ikaskuntza aktiboa eta pertsonalizatua ahalbidetuko duten estrategia pedagogikoak sustatzea, eta arreta berezia jartzea Ikaskuntzaren Diseinu Unibertsalean (DUA), ikasle guztiek ikasteko aukerak izan ditzaten, ikasle guztien partaidetza eta aurrerapena bultzatuko duten metodologiak, irakaskuntza partekatua, ABP, ikaskuntza kooperatiboa, maila anitzeko irakaskuntza, lan-estazioak eta ikaskuntza bezalako metodologiak.

IkasNOVA guneetan dauden espazioak eraldatzeak gela malguagoak sortzen ditu, garatu beharreko jardueraren arabera altzariak dituztenak (aurkezpenak eta eztabaida, lan kooperatiboa, lan pertsonala eta autohausnarketa, sorkuntza analogikoak eta digitalak, informazioaren bilaketa eta ikerketa), eta ikasgela ikastetxeko gainerakoei, hezkuntza-komunitateari eta, oro har, gizarteari irekitzea.

2022-2023 ikasturtetik, Nafarroak Lehen eta Bigarren Hezkuntzako 36 ikastetxe publiko ditu, ikasNOVA gelekin, eta ikasteko ingurune berri bat eskaintzen die 1700 irakaslek gidatutako 10.000 ikasleri.