angle-left Hezkuntza Departamentuak 266 irakasle kontratazio berri egin ditu urtarrilaren 14tik 20ra

Joan den 10az geroztik egindako 545 kontratuei gehitu behar zaizkie, eta zentroek eskatutako bajen % 84 dira

2022/01/24

Hezkuntza Departamentuak, urtarrilaren 14tik 20ra bitartean, 266 irakasle-kontratazio berri egin ditu, urtarrilaren 10ean hezkuntza-jarduera presentzialari berriro ekin zitzaionetik egindako 545 kontratuei gehituta.

Aste honetan, ikastetxeek irakasleen 317 baja eskatu dituzte guztira. Egindako kontratuekin eskatutako bajen %84 ordezkatuko da.

Urtarrilaren 10etik 14ra, Hezkuntza Departamentuak 320 irakasle kontratatu ditu, eta kopuru horri urtarrilaren 14an (ostirala) plazak telematikoki esleitu ondoren sartutako 225 kontratu gehitu zaizkio. Kontratu horietatik 141 kontratu enplegua banatzeko kontzeptuaren izenean egin ziren, eta 2022ko uztailaren 31ra bitartekoak izango dira. Gainerako kontratuak, berriz, irakasleen bajak ordezkatzeko egin dira, COVID-19a edo beste arrazoi batzuk direla-eta.

Kontratazio berriak Hezkuntzak 2021-2022 ikasturte honetan mantendu dituen indartze-irakasleei gehitu behar zaizkie, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan nahiz Bigarren Hezkuntzan, ikasleak eskolara joatea bermatzeko ziklo eta etapa guztietako ikastetxeetan, COVID-19aren aurreko prebentzio-protokoloei jarraiki.