angle-left Hezkuntzak euskara irakasleentzako abestiak bildu ditu webgune batean

Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako A eta D ereduetako zein euskaltegietako irakasleei dago zuzenduta

2021/04/14

Euskara irakasleei Interneten eskuragarri dauden abestiak erabiltzen lagunduko dien tresna sortu du Nafarroako Hezkuntza Departamentuak. Osotara, 350 kantatik gora bildu eta sailkatu ditu EIBZk (Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroak) sites honetan.

Haur eta Lehen Hezkuntzako abestiak gaika sailkatuta daude, irakasleen bilaketak errazteko asmoz. Horrela, irakasleek ikasgelan landu ohi dituzten gai eta jarduerak laguntzeko abestiak topatuko dituzte: zenbakiak eta letrak, animaliak, urtebetetzeak, emozioak, gaixotasunak, janariak, kirolak, zaletasunak, jaiak, zotz egiteko abestiak, eta abar. 

Bigarren Hezkuntzako eta helduentzako abestiak, berriz, lantzen diren hizkuntz egituren edota hiztegiaren arabera sailkatuta daude. Askotan, hizkuntza egitura jakin bat lantzen ari garenean, kanta bat egitura hori barneratzeko edo automatizatzeko modu ezin egokiagoa izaten ahal da.

EIBZ-ko kideek azaldu dutenez, “abestiak hizkuntzak ikasteko baliabide bikainak dira: ikasleen arreta bereganatzeko, motibazioa pizteko, eredu egokiak eskaintzeko, ahoskera lantzeko eta hitzak memorian gordetzen laguntzeko balio dute, hori guztia gozamenari uko egin gabe”. “Jakina da, gainera, musika dela gazteek euskal kulturarekin duten lotura indartsuena eta, batzuetan, bakarra. Horregatik, kultur transmisioa eta ikasleen motibazioa areagotzeko tresna paregabea dugu musika”, gaineratu dute.

Horretaz jabeturik, D eta A hizkuntza ereduetako nahiz euskaltegietako irakasleentzat erabilgarri izan daitezkeen abestiak biltzeari ekin zion Hezkuntza Departamentuko Euskara Atalak.

Kantak banan ikus daitezke EIBZren webgunean, ikuspegi orokorra izan nahi izanez gero, dokumentu honetan guztiak ageri dira.