angle-left Hezkuntzak arte dramatikoan trebatzeko konpromisoa berritu du Nafarroako Antzerki Eskolarekin hitzarmen berri bat sinatuz

2022rako 45.000 euroko diru-laguntzak eskolako ikasleei eta Foru Gobernuaren zerbitzura dauden irakasleei egingo die mesede

2022/05/17

Gil Sevillano, Hezkuntzako zuzendari nagusia eta Fuensanta Honrubia, Nafarroako Antzerki Eskolako zuzendaria hitzarmena sinatzen.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak finantzaketa-hitzarmen bat sinatu du Nafarroako Antzerki Eskolarekin (ENT). Horren bidez, 45.000 euroko diru-laguntza eman da arte dramatikoaren arloan prestakuntza-jarduerak egiteko, bai ENTeko ikasleentzat bai Nafarroako Gobernuaren zerbitzuko hezkuntza-etapetako irakasleentzat, 2022 aurrekontu-ekitaldi honetan.

Nafarroako Antzerki Eskola, 1985ean sortua Vianako Printzea Erakundearen eskariz, irabazi asmorik gabeko kultur elkartea da. Nafarroako Foru Komunitatean berezia den zentro honek arte dramatikoarekin lotutako jarduera sorta zabala garatzen du. Horien artean, batetik, artearen eta kulturaren hedapenarekin zerikusia dutenak eta, bestetik, prestakuntza eta hezkuntza arloekin zerikusia dutenak bereiz daitezke.

Hezkuntza zuzendari nagusiak, Gil Sevillano Gonzálezek, eta Eskolako zuzendariak, Fuensanta Honrubiak, sinatu duten hitzarmenaren ondorioz, Hezkuntza Sailak ENTekin hartutako aurrekontu-konpromisoa berritu da. Bi erakundeek ahaleginak batu dituzte eta interesa duten herritar guztiei kalitatezko prestakuntza artistikoa eskaintzen diete. Prestakuntza horrek, aipatutako antzerki espezialitatean, ez du irakaskuntza arauturik Nafarroan.

Hitzarmenaren xedea da arte dramatikoa Nafarroako Foru Komunitateko hainbat sektoreren artean zabaldu, ezagutu eta praktikatzea, esparru horretan hezkuntza jarduerak garatzen lagunduz.

Aurten ere arte irakaskuntzekin zerikusia duten ikastetxeetako irakasleentzako hainbat ikastaro eskainiko dira, ikastetxe bakoitzaren beharren arabera, hainbat arlotako tresna eta baliabideak eskaintzen dituzten edukiekin (interpretaziorako teknikak, antzerkirako hastapenak, ahozko teknika edo teoria).

Hezkuntza Saila 2002an hasi zen ENTrekin elkarlanean. Martxoaren 18ko 61/2004 Foru Aginduak erakunde horrekin hitzarmen bat egitea onartu zuen, arte dramatikoaren arloan hainbat prestakuntza jarduera garatzeko. Hitzarmen hori urtero berritzen joan zen, hasiera batean isilbidez eta gero berariaz, 2010. urtera arte. 2011n, bi aldeen arteko lankidetza-hitzarmenaren testu berria onartu zen, eta gauza bera egin zen 2012rako. 2013., 2014. eta 2015. urteetan, Nafarroako aurrekontu orokorretatik desagertu zen ENTerako zuzeneko diru-laguntzaren partida. Hala ere, 2016. urtean 45.000 euroko zuzkidura izan zuen, eta hurrengo aurrekontuetan gaur arte iraun du.