Hezkuntza departamentuak eta Tuterako udalak Fernando Remacha Kontserbatorioaren finantzazioa bermatzeko hitzarmena sinatu dute - Hezkuntza departamentuak eta Tuterako udalak Fernando Remacha Kontserbatorioaren finantzazioa bermatzeko hitzarmena sinatu dute - Dpto
370.300 euroko finantzazioa izango du kontserbatorioak 2020ra bitartean
2018/06/28
Silvia Cepas, hezkuntza zinegotzia; Eneko Larrarte, Tuterako alkatea eta María Solana, Hezkuntza kontseilaria.
Hezkuntza kontseilari Maria Solanak eta Tuterako alkate Eneko Larrartek sinatu dute Tuterako udaletxean Fernando Remacha Musika Kontserbatorioaren kudeaketa eta finantzazioa bermatzeko hitzarmena. Era horretan, 2020ra arte bermatuta geratu da udal kontserbatorioaren finantzazioa, 370.330,84 euro, urtero .
Hitzarmenak bi helburu ditu. Batetik, zerbitzuaren beraren funtzionamendu egokia bermatzea, musika irakaskuntza profesionalari dagokionez; bestetik, finantzazio egokia segurtatzea, 2020ra bitartean. Era horretan, oinarrizko arauak jasotzen dituen musika espezialitate guztiak ezartzeko konpromisoa hartu du Tuterako udalak eta Hezkuntza departamentuak, berriz, zerbitzua diruz lagunduko du.
Hezkuntza kontseilari Maria Solanak azpimarratu duenez, "aurrez ezarritako helburua lortu dugu, hau da, kontserbatorioaren finantzazioaren %100 bermatzea. Aurretik ikerketa sakona egin behar izan da, herriko eta erkidegoko eskariari erantzun ahal izateko". Halaber, gogora ekarri du Departamentuak konpromisoa hartu zuela "kudeaketa arduratsua" egiteko eta horrela jasota geratu dela hitzarmenean, "derrigortu egiten baitu honekin hasi ginenean aurkitu genituen antzeko egoerak saihesteko" eta modu horretan "datuak ordenatu eta argitzeko, lehenago ez baitzen aurreko legegintzaldietan egindako kudeaketaren inolako jarraipenik egin. Are gehiago, harritu egin gintuen zegoen informazio faltak", gehitu du Solanak.
Tuterako alkate Eneko Larrartek, bestalde, eskertu egin du bai hezkuntza zinegotziak, bai departamentuak egindako lana, "horrek ekarri baitu kontserbatorioaren benetako kostua ezagutzea eta finantzazioa bermatzeko akordioa lortzea". Larrartek gogora ekarri nahi izan ditu "bere egunean hezkuntza komunitateak, guraso elkarteak eta kontserbatorioko profesionalek egindako mobilizazioak, Tuteran musika ikasketak bermatu eta finantzatzeko".
Adostutako finantzazio-gastua Nafarroako gobernuko aurrekontuen diru-partida zehatz bati zenbatuko zaio, eta 2020ra bitartean 370.334,84 euro bermatuko ditu urtero, bi zatitan: 30.854,97 euro gastu orokorretarako eta 339.475,87 euro pertsonalerako.
Lortutako akordioari jarraipena egiteko batzordea eratuko da, udalak eta departamentuak izendatutako kideez osatuta. Batzordea urtero elkartu beharko da ikasturtea amaitu eta berria hasi baino lehenago.