angle-left Hezkuntzak eta Nafarroako Antzerki Eskolak hitzarmen berri bat sinatu dute arte dramatikoko prestakuntza-jarduerak garatzeko

Dirulaguntza hau Eskolako ikasleentzat eta Nafarroako Gobernuaren zerbitzura dauden hezkuntza-etapa desberdinetako irakasleentzat da

2023/05/12

Hezkuntza zuzendari nagusiak, Gil Sevillano Gonzálezek, lankidetza-hitzarmen bat sinatu du maiatzaren 12an Nafarroako Antzerki Eskolarekin. Horren bidez, Hezkuntza Sailak 45.000 €-ko diru-laguntza emateko konpromisoa hartu du Arte Dramatikoaren arloan prestakuntza-jarduerak egiteko, bai Eskolako ikasleentzat bai Nafarroako Gobernuaren zerbitzuko hezkuntza-etapa desberdinetako irakasleentzat. Bi erakundeek ahaleginak batu nahi dituzte, eta interesa duten herritar guztiei kalitatezko prestakuntza artistikoa eskaini nahi diete, aipatu antzerki espezialitatean Nafarroan irakaskuntza arauturik ez duena.

 

Nafarroako Antzerki Eskola, 1985ean sortua Vianako Printzea Erakundearen eskariz, irabazi asmorik gabeko kultur elkartea da. Nafarroako Foru Komunitatean berezia den zentro honek arte dramatikoarekin lotutako jarduera sorta zabala garatzen du. Horien artean, batetik, artearen eta kulturaren hedapenarekin zerikusia dutenak bereiz daitezke; bestetik, prestakuntza eta hezkuntza arloekin zerikusia dutenak.

 

Hitzarmenaren xedea da Nafarroako Foru Komunitateko sektore guztiei arte dramatikoa zabaltzen, ezagutzen eta praktikatzen laguntzea, esparru horretan hezkuntza jarduerak garatzen lagunduz.

 

Aurten ere arte irakaskuntzekin zerikusia duten ikastetxeetako irakasleentzako hainbat ikastaro eskainiko dira, ikastetxe bakoitzaren beharren arabera, hainbat arlotako tresna eta baliabideak eskaintzen dituzten edukiekin (interpretaziorako teknikak, antzerkirako hastapenak, ahozko teknika edo teoria).

 

Hezkuntza Saila 2002an hasi zen ENTrekin elkarlanean. Martxoaren 18ko 61/2004 Foru Aginduak erakunde horrekiko hitzarmena onetsi zuen, arte dramatikoaren arloan prestakuntza jarduerak garatzeko. Hitzarmen hori urtero berritzen joan zen, hasiera batean isilbidez eta ondoren espresuki, 2010. urtera arte. 2011n, bi aldeen arteko lankidetza-hitzarmenaren testu berria onartu zen, eta gauza bera egin zen 2012rako. 2013., 2014. eta 2015. urteetan, Nafarroako aurrekontu orokorretatik desagertu zen ENTerako zuzeneko diru-laguntzaren partida. Hala ere, 2016. urtean 45.000 euroko zuzkidura izan zuen, eta hurrengo aurrekontuetan gaur arte iraun du.