angle-left Nafarroako Gobernuak gaztelaniazko maisu-maistren kidegoko 108 plazen Lan Eskaintza Publikoa onartuko du euskarazko irakasleen plazak bertan behera utzi zituen epaia betez

Hala, 108 langile publikoek euren plaza mantenduko dute

2020/09/10

5/2006 Foru Dekretuan sartutako euskarazko 108 irakasle plaza baliogabetzen zituen Nafarroako Auzitegi Nagusiaren epai irmoa –AFAPNAk errekurtsoa jarri zion Foru Dekretuari- betetzeko agindua emateko akordioa onartu du Nafarroako Gobernuak gaur eginiko bilkuran.

Epaia betetze aldera, Nafarroako Gobernuak gaztelaniako maisu-maistren plaza-kopuru bera eskainiko du, Hezkuntza Departamentuak zehaztutako espezialitateetan.

Exekutiboaren ustez, Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia aplikatuta, epai hori betearazteak ez du berekin ekarri behar 2016ko lan-eskaintza publikoan plaza lortu zuten euskarazko 108 maisu-maistren funtzionario-izaera galtzea; izan ere, bestela, “kalte egingo litzaieke interes publikoari eta jada funtzionario izendatu eta epaiak eraginda ikusi diren 108 pertsonaren eskubideei”.

Ez dute plazarik galduko euskarazko 108 irakaslek

Nafarroako Gobernuaren arabera, funtzionario-izaera galtzeak “ez lioke inolako onik egingo sistemari, 2016an euskaraz deitutako plazak gaur ere euskaraz beharrezkoak izaten jarraitzen baitute”.

Horrez gain, ez litzateke ona deialdira aurkeztutako beste pertsonentzat ere, plazak espezifikoki euskaraz deitu zirelako eragindako espezialitate zehatzetan, eta horietan ez dago gaztelaniako parte-hartzailerik; hots, onuradun izan daitekeenik.

Foru Exekutiboak azpimarratu du eragindako 108 irakaslek hautapen-prozesua garatu zutela meritua eta gaitasuna erakutsiaz berdintasun-baldintzetan. Horrela, deialdia normaltasun osoarekin garatu zen, eta Funtzio Publikoan sartu ziren, orain ere parte diren Euskarazko Maisu-maistren Kidegoan sartuaz.

Era horretan, Nafarroako Gobernuaren ustez, ezin zaie egotzi administrazioaren jarduera baliogabetzeko arrazoia, eta gogoratu du Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia hor dagoela eta funtzionario izendatutako pertsonen eskubideak babesten dituela.

Bilera kaltetutakoen ordezkariekin

Pasa den astelehenean, Lehendakaritzako zuzendari nagusia, Joseba Asiáin, eta Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi, kaltetutako 108 irakasleren ordezkariekin bildu ziren erabakiaren berri emateko, ikuspegi tekniko-juridikoan oinarrituta eta horren arabera azalduaz.

Era berean, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak jarraitutako jarduera-ildoarekin jarraitu da, eta, horrela, tarteka kaltetutakoekin bildu da gertatu diren berrikuntzen eta administrazioaren jardueren egoeraren berri emateko. Modu horretan, zuzendari nagusia egun berean harremanetan jarri zen kolektiboaren ordezkari gisa jardun duen kaltetuetako batekin, epaiaren betearazpenaren ebazpenaren eta jarraitu beharreko prozeduraren berri emateko.