angle-left Nafarroako Gobernuak Hezkuntza Departamentuko Haur Eskolen Zerbitzu berria sortzea onartu du

Iraida Salaverri Nieto izango da Zerbitzuaren zuzendaria

2021/05/26

Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, Hezkuntza Departamentuan zerbitzu berria sortzea onartu du; hau da, Haur Eskolen Zerbitzua, Hezkuntzako Zuzendaritza Nagusiari atxikita egongo dena. Zerbitzu horren eginkizunen artean aurkitzen dira, besteak beste, Haur Hezkuntzako lehen zikloko antolamendu-araudia egitea eta proposatzea, ziklo horretako hezkuntza-eskaintza planifikatzea eta onartzea, curriculum-edukiak lantzea eta kudeaketa ekonomikoa planifikatzea.

Halaber, Exekutiboak gaur onartu du Iraida Salaverri Nieto, orain arte Hezkuntza Departamentuko 0 eta 3 urte arteko Atalaren eta Landa-eremuko Eskolen burua dena, Haur Eskolen Zerbitzuaren zuzendari izendatzea.  Haren ardura izango da, baita ere, landa-eskolak kudeatzea, proposatzea, artatzea eta antolatzea, dagokion Atalaren bitartez.

Hezkuntza Departamentuko Haur Eskolen Zerbitzua arduratuko da egutegia antolatzeaz, 2021-2022 ikasturtean, Eskubide Sozialetako Departamentuaren titulartasuneko zazpi haur-eskolak Hezkuntza Departamentuaren mende geratu daitezen. Horietako bost Iruñean daude, bat Burlatan eta zazpigarrena Corellan.

Zerbitzu hori sortzea aurrerapauso bat da 0-3 urte bitarteko hezkuntza-ziklorako, bizikidetza, berdintasunezkoa, berritzailea eta aurrerakoia izango den legegintzaldi baterako programa-akordioak ezartzen duen bezala.

Zerbitzu berria sortu ahal izateko, Exekutiboak urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretua aldatzea onartu du; hots, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuena. Aldaketa horrekin batera, Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiaren eginkizun eta eskuduntza jakin batzuk aldatuko dira, prestakuntza egiaztagarriaren, eskumenen egiaztapenaren eta erreferentzia nazionaleko zentroen arloko eskumenak eskualdatu ondoren; halaber, Ikastetxeetako Informazio Sistemen Negoziatua, Hezkuntzako Informazio Sistemen Zerbitzuari atxikia, Ikastetxeetako Informazio Sistemen Garapen eta Arkitektura Atal bilakatuko da, Departamentuaren eskumen berriak hartzeagatik eskatutako informazio-sistemen garapen berriei aurre egin behar izatearen ondorioz.