angle-left Nafarroako Gobernuak zehaztu ditu unibertsitateaz kanpoko irakasleen 414 plazaren espezialitate- eta hizkuntza-ezaugarriak

Hezkuntza Departamentuaren egonkortze-tasakoak dira, eta guztira 766 plaza eskainiko ditu, atzerriko hizkuntza-eskakizuna duten 352 barne

2022/10/13

Nafarroako Gobernuak gaur onartutako foru-dekretuaren bidez, unibertsitateaz kanpoko irakasleen 414 plazaren espezialitate- eta hizkuntza-ezaugarriak ezarri ditu. Plaza horiek maiatzaren 25ean onartutako egonkortze-tasari dagokion enplegu publikoaren eskaintza partzialean aurreikusi ziren. 

Aipatu enplegu publikoaren eskaintzatik, 314 plaza salbuespenezko merezimendu-lehiaketaren sistemaren bidez deitu dira eta beste 100 plaza egonkortzeko lehiaketa-oposizio sistemaren bidez. Gainera, maiatzaren 25eko 59/2022 Foru Dekretuan, unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen 352 plaza sartu ziren, hizkuntzak ikasteko programetarako, eta horietatik 211 salbuespenezko merezimendu-lehiaketaren bidez deitu dira eta 141 plaza egonkortzeko lehiaketa-oposizio sistemaren bidez. 

414 plazak honela banatzen dira irakasleen arabera: 27 plaza Musika eta Arte Eszenikoetako katedradunentzat; 81 plaza Maisuentzat; 3 plaza Arte Plastikoetako eta Diseinuko tailerreko maisuentzat; 9 plaza Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleentzat; 13 plaza Lanbide Heziketako Sektore Berezietako irakasle espezialistentzat; 11 plaza Musika eta Arte Eszenikoetako irakasleentzat; 4 plaza Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleentzat; eta 266 plaza Bigarren Hezkuntzako irakasleentzat. 

Nafarroako 2022ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 18/2021 Foru Legearen Hamabigarren Xedapen Gehigarrian aurreikusitakoaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko unibertsitateaz kanpoko irakasleen enplegu publikorako eskaintzak zehazteko, irakasle-kidego bakoitzeko plaza-kopuru osoa ezarri behar da. 

Enplegu-eskaintza horietan sartutako plazen ezaugarriak (edonola ere, espezialitatea eta hizkuntza), berriz, plantilla organikoa aldatzeko foru-dekretu batean ezarri behar dira, sartzeko hautapen-proben deialdia egin aurretik.

Lege-aurreikuspen horri jarraituz, maiatzaren 25eko 59/2022 Foru Dekretuaren bidez onartu zen Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako unibertsitateaz kanpoko irakasleen enplegu publikoaren 2022ko eskaintza partziala, egonkortze-tasari dagokiona, egonkortzeko prozesuak egiteko neurriei buruzko maiatzaren 23ko 2/2022 Foru Lege Dekretuaren arabera; prozesu horiek Nafarroako Administrazio Publikoetan, enplegu publikoaren behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legetik eratorritakoak dira. Orain, espezialitatearen eta hizkuntzaren ezaugarriak onartu dira. 

Prentsaurrekoa osorik