angle-left Gobernuak 175 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu ikastetxe publikoetan aldi baterako irakasleak eta laguntzaileak kontratatzeko datorren ikasturterako

207 pertsona gehiago joan den urtean baino; horietatik 189 irakasleak dira eta 18 laguntzakoak

2020/06/24

Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, 175.457.359 euro bideratuko ditu ikastetxe publikoetan 2020-2021 ikasturterako irakasleak eta laguntzaileak kontratatzeko. 

Langile-kopuruaren aurreikuspenetik abiaturik, Hezkuntza Departamentuak kalkulatzen du 3.888 pertsona baliokide kontratatuko dituela, aldi baterako langileek hartuko dituzten eta funtzionarioek betetzen ez dituzten postuetan.

2019/2020 ikasturtean jadanik dagoen 3.681 pertsona baliokideren beharrari 2020/2021ko behar berriak gehitu behar zaizkio, 207 orotara, 189 irakasle eta 18 laguntzaile baturik.   

Beharrak handitu izanaren arrazoietako bat gehikuntza begetatiboa da, aurreikusiriko taldeen gehikuntzaren ondoriozkoa (13 Haur eta Lehen Hezkuntzako zikloetan; 30 DBHn eta Batxilergoan, eta 5 Lanbide Heziketan), eta guztira 104 irakaslekoa dena. Gainera, kontuan izan behar da ikasle berriak etorriko direla egitura espezifikoetan oinarritua dagoen aniztasunari arreta emateko eskolaratze barneratzaileko eredura, horrek gehikuntza baitakar ikasgela alternatibo, trantsizio-unitate, curriculum bereziko unitate, LH bereziko talde eta helduaroranzko trantsiziorako taldeei dagokienez; gehikuntza hori 40 irakaslekoa da. Azkenik, kontuan izan behar dira 55 urte baino gehiago dituzten Haur Hezkuntzako zikloko irakasleak, eta espezialitate guztietan 58 baino gehiago dituztenak; alde horretatik, 5 irakasle kontratatzeko beharra dago.

Horri guztiari gehitu egin behar zaio Europako Gizarte Funtsak (EGF) finantzaturiko Proeducar-Hezigarri programa, Hezkuntza eta Lanbide Heziketa Ministerioaren eta autonomia-erkidegoen artean beharrezkoak diren lankidetza-mekanismoak sortzeko xedea duena, 2020ko europar estrategian finkaturiko helburuak lortze aldera. Horretarako, irakaskuntza eta heziketa goizegi uzten dutenen kopurua murrizteko hezkuntza-arloko politikak ezarriko dira, hezkuntza-sistemaren kalitatea eta ekitatea bermatuko duten mekanismoak diseinatuz. Testuinguru horretan, programa horren esparruan garatu den eta 2020/2021 ikasturterako 39 irakasle izateko beharra eragiten duen partekaturiko hezkuntzako jarduketarako baizik ez da finantzazioa beharko.

Ikastetxeetako laguntzaileez den bezainbatean (zaintzaileak, musikari laguntzaileak, zeinu-hizkuntzaren interpreteak eta fisioterapeutak), aurreikusiriko langile-kopuruak barne hartzen du honezkero, eta orain arte, hezkuntza-sisteman sartu diren ikasleei arreta. 15 zaintzaile dira, hezkuntza-beharrizan espezifikoak dituzten ikasle berriak artatzeko. Era berean, erantzuna emanen diete eskolaratze-ereduari buruzko erabakiaren zain dauden ikasle berriek ikasturtea hastearen ondorioz sor litezkeen premia berriei; Programa-akordioan ezarririko barneratze-printzipioa errespetatuz, profesional horien aldetik arreta egokia eskaini behar zaie ikasle horiei. Horrek 3 fisioterapeuta gehiago behar izatea dakar.