angle-left Gobernuak 1.500 ekipo informatiko berri jarri ditu ikasleen eskura, konexio digitalik gabe

Horrez gain, ikastetxeak bere ekipamenduak uzten ari da familiei, irakaskuntza ez-zuzenekoa bermatzeko, eta mila SIM txartel inguru banatzea ere aurreikusi da

2020/04/03

 

Nafarroako Gobernuak, Hezkuntza Departamentuaren eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren bitartez, ikasleen arteko eten digitala murrizteari ekin dio, koronabirusaren krisiagatik arlo horretan kalte gehien jasan dutenengan eragindako inpaktua gutxitzeko xedez.

Zehazki, Hezkuntza Departamentuak 1.500 ekipamendu informatiko jarri ditu konexio digitalik ez duten ikasleen eskura, eta ikastetxeak bere ekipamenduak uzten ari da familiei, irakaskuntza ez-presentziala bermatzearren.  Bestalde, Eraldaketa Digitaleko Departamentuak mila SIM txartel inguru banatzea aurreikusten du, eta telefoniako operadoreekin negoziatzen ari da Interneteko konexiorik ez duten ikasleei konexioa jartzeko ikasturtea on line egiten jarraitzeko helburuarekin. 


 

Neurri hauek eta beste batzuk gaur goizean azaldu dituzte prentsaurrekoan Carlos Gimeno Hezkuntzako kontseilariak, eta Juan Cruz Cigudosa Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak, hurrenez hurren.  Informazioa emateko ekitaldi honetan parte hartu du, orobat, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko lehendakariordea den Javier Remírezek.

1.500 ekipamendu informatiko ikasleentzat

Hezkuntza Departamentuak konektibitate digitala gehitzen jarraitzen du hezkuntza-arreta ez-presentziala Nafarroako sare publikoko ikasle guztiei bermatzeko, eta, ildo horretan, 1.500 ekipamendu informatiko banatzen ari da (chromebookak, eramangarriak eta tabletak) sareko ikasleen artean.

Chromebookak Google-ren sistema eragilea duten ordenagailu eramangarriak dira, eta horiekin ikasleek urruneko ikaskuntzarekin jarraitzeko eduki pedagogikoetara sartzeko aukera dute.

Azken urteetan, ikastetxeek zentroaren hornidura gisa 5.000 ekipamendu informatiko baino gehiago jaso dituzte, chromebook eta eramangarrien artean, ikasleen eskura jarri ahal izateko edo jada jarrita dituzte.

Horiei gehitu behar zaizkie DBHko lehen eta bigarren ikasmailetako ikasleek eta DBHko hirugarren eta laugarren ikasmailetako ikasle askok pertsonalki esleituta zituzten 10.000 ekipamendu.

 


 

Era berean, ekipamendu horiei gehitzen zaizkie ikastetxeetako ordenagailuak, familia askoren esku jartzen ari direnak banaketa-prozesuan, kaltetuak diren ikasleen eten digitala ahalik eta gehien murriztearren.


 

Halaber, Hezkuntza Departamentuko IKT Teknologien eta Azpiegituren Zerbitzua lanean ari da ikasleen konektibitatea, SIM txartelak, 4G routerrak hobetzeko, operadoreekin hitz egitearekin batera familiei datuak gehitzearren.

Hezkuntza komunitateko ikasle gehienak jada klaseak etxean jasotzen ari dira Internet bidez, eta sare publikoko ikasle guztiak dagozkien ikastetxeak artatzen ditu.  On line konexiorik oraindik ez dutenek material didaktiko guztiak eskuan jasotzen dituzte, eta pertsonalki artatzen ari dira kasu askotan udal langileek bermatzen dituzten bidalketa eta entregen bitartez. Lan horretan parte hartzen dute zenbaitetan, baita ere, udaltzainek, Foruzaingoak edo Guardia Zibilak eta bestelako erakundeek edo herri bakoitzeko boluntario-taldeek, besteak beste, DYA, Gurutze Gorria edo Ijitoen Idazkaritza bezalako erakundeen babesarekin ere.

Aldi berean, Hezkuntza Departamentua etengabe ari da lanean familien eskura ekipamendu informatiko gehiago jartzeko eta konexio-gaitasuna areagotzeko, egunetik egunera linea gehiago, konexiorako gaitasun gehiago eta ordenagailu eramangarri gehiago jarriz.

Hezkuntza Departamentuak gogorarazi nahi du Batxilergoko bigarren ikasmailan Unibertsitatean Sartzeko Batxilergoko Ebaluazioa egitera deituta dauden ikasle guztiek badutela jada on line konexioa. Modu horretan, aste hauetan irakasleekin eta ikastetxeekin Internet bidez konektatuta ikasten dute, Departamentuak haien eskura jarritako errefortzu-ekipamenduei esker.

Gainerako zikloei dagokienez, Hezkuntzak premien mapa egiten jarraitzen du, Interneterako sarbiderik ez duten ikasleen kopurua eta kokapena jakiteko banatutako inkestari erantzunez ikastetxeak bidaltzen ari diren datuak ordenatuta.

Eraldaketa Digitaleko Departamentua telefonia operadoreekin negoziatzen ari da Internet konexioa jartzeko konexiorik ez duten ikasleentzat

Bestalde, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentua telefonia operadoreekin negoziatzen ari da Internet konexioa jartzeko konexiorik ez duten ikasleentzat, ikasturtea on line jarraitzearren.  Hezkuntza Departamentuarekin batera koordinatutako ekimen honen helburua da eten digitala arintzea eta koronabirusaren krisiak gehien kaltetutako biztanle-taldeengan inpaktua gutxiagotzea.

Horretarako, hilabeteko 40 GB eta 60 GB arteko gaitasuneko SIM txartelak banatuko dira eta haririk gabeko beste 400 router (Mifi gailuak), aktibo egongo direnak salbuespen-egoera honek irauten duen bitartean.

Ikastetxeek zehaztuko dute nahi duten ikasleentzat beharrezkoak dituzten gailuen kopuru zehatza.  Nahiz eta txartelak, batik bat, Hezkuntza Departamentuak zehaztutako ikasleen artean banatuko diren, Eskubide Sozialetako Departamentuak horietako batzuk baztertzeko arriskuan aurkitzen diren pertsonen artean banatuko ditu, horiek ere gailuak behar baitituzte haien hezkuntzarekin edo oinarrizko zerbitzuekin on line jarraitzeko.

Zehazki, Euskaltelek 50 GB-ko 500 SIM txartel eman ditu eta Orangek 53 GB-ko 200 txartel, haririk gabeko beste horrenbeste router-erako sarbidea errazteaz gain.   Telefónicak, berriz, 40 GB-ko 101 txartel utzi ditu, eta Profuturo-k (antzinako Nafarroako Kutxaren fundazioa barne duen Telefónica Fundazioak eta La Caixa Fundazioak osatutakoak) 140 tablet ematea aurreikusten da.

Horrez gain, Vodafonek 60 GB-ko 75 txartel eman ditu, eta horiei 200 Mifi gailutara sartzeko kudeaketak gehitu behar zaizkie. Bestalde, Hezkuntza Departamentuak Batxilergoko 2. ikasmailako ikasleen artean detektaturiko premiak bete ditu.

Eten digitalaren aurkako borroka

Neurri hau Nafarroako Gobernua eten digitalaren aurkako borrokan ematen ari den beste urrats bat da, eta herritar guztiek hezkuntzarako eta baliabideetarako aukera-berdintasuna izatea bermatu nahi du, bereziki egungoa bezalako krisi-egoeran.

Nafarroako Gobernuak eskerrak eman nahi dizkie operadoreei osasun-krisiaren une hauetan emandako erantzunarengatik, eta adierazi du “ezohikoa dela urtean zehar negoziatzen ibiltzen diren erakundeek Gobernuaren helburuen alde egitea eta egoera honi alde positiboa ateratzeko gai izatea eskuzabaltasun eta konpromisoarekin”.

Exekutiboak honela gogoratu du: “desparekotasunaren egoera larrienak aurkezten dituen etena eten sozioekonomikoa da; beraz, gure ahalegin guztia egingo dugu eraldaketa digitalerako urratsa pandemian zehar bizkortu dadin, atzean inor ez uzteko”.