Altsasu BHIk Erasmus+ programan hasi du bere ibilbidea - Altsasu BHIk Erasmus+ programan hasi du bere ibilbidea - Dpto
2025/10/03
«Besteek martxan dutena ikusi, gurea hobetzeko» / «Ver lo que otros tienen para mejorar lo nuestro» – entrevista a la coordinadora de proyectos Erasmus+ en el IES Altsasu
Institutuko Erasmus+ proiektuen koordinatzaileak, Hiart Leitzak, Guaixe Altsasu aldizkariari emandako elkarrizketa honetan laburbildu ditu bere irakasle batzuek atzerrian egindako egonaldiak, institutuko ateak ireki baitizkiote nazioartekotzeari.
Eskaintza hobetzeko helburuz, institutuak Europako Erasmus+ programa horretarako sarbidea lortu du. Irakasle eta ikasleak Europan barna doan bidaiatuko dute. Hiart Leitza Razkin da ikastetxeko programako arduraduna.
Lorpen handia eskuratu du Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutuak: Erasmus + programan onartu dute. Nazioartekotzerako pauso horrek ikastetxea eta bere hezkuntza proiektua hobetzeko baliatuko dute.
Zer da Erasmus+ programa?
Programak ahalbidetzen du ikasle eta irakasleek Europako ikastetxeetara bidaiatzea. Bidaiak finantzatzen ditu eta doan egin ditzakegu.
Nola lortzen da?
Eskaera handia da, urtero ematen dituzten "pasaporteak" gero eta gutxiago dira. 2024an 65 eman zituzten, gu 9. gelditu ginen. Ez da erraza. Beraz, oso-oso pozik gaude. Beste toki batzuetatik ere hots egin ziguten nola lortu ote genuen galdezka. Finantzazioa lortzeko, eskaera eta plana egin behar dira. Programa zabala da eta hainbat aukera eskaintzen ditu. Esaterako, proiektu motzak daude. Guk orain arte proiektu jakin baterako laguntza eskatzen genuen, urtebeterako. Bitan eskatu eta ez genuen lortu.
Zazpi urtetarako plan bat aurkeztu eta, onartuz gero, urteroko bidaietarako finantzazioa ziurtatzen duzu. Azken hori lortu dugu: zazpi urtez nahi ditugun proiektuak egiteko aukera. Programa 2021ean sortu eta 2027ra arte indarrean egonen da. Guk akreditazioa, bidaiak egiteko "pasaportea" ilbeltzaren 23an lortu genuen. Programa 2027an bukatzen denez bi urterako dugu. Ziurtatuta dugu bidaia horiek eginen ditugula. Gu ziur gaude programa horrek segida izanen duela, horren inguruan sekulako azpiegitura dagoelako muntatuta, herrialde bakoitzak bere nazio agentzia du. Pentsatzen dugu horiek segituko dutela. Beraz, guk 2027ra arte, baina ez dakigu zenbat luza daitekeen. Pozik gaude bidaia horiek egiteko oinarri sendo bat dugulako.
Noiz hasi zineten honekin bueltaka?
Duela bi urte hasi ginen ideiarekin. Nazioartekotze plana lastailean aurkeztu genuen.
Bidaia horiek, zertarako?
Ez dira ongi pasatzeko bidaiak, gure proiektuak hobetu ahal izateko baizik. Guk hemen proiektu batzuk martxan ditugu. Kanpora atera, besteek martxan dutena ikusi, gurea hobetzeko. Hori da helburu nagusia. Baita Europar Batasunetik heldu diren laguntzen asmoa ere. Aldi berean, Europako hainbat ikastetxeren arteko hartu-emana sustatu nahi dute, europartasuna bulkatu.
Zer aurkeztu zenuten?
Gure errealitatean oinarritu ginen. Hau da, hemen ditugun proiektuak aurkeztu genituen. Lau ardatzen ingurukoak dira, gure institutuko ardatzak ere badirenak: metodologia berriak eta digitalizazioa; aniztasuna eta herritar aktiboak; ingurumen programak eta inklusioa. Lau irizpide horien gainean ditugun proiektuak aurkeztu genituen.
Beste ikastetxeekin harremanetan hasi zarete?
Bai. Askotan, proiektu horiek elkarlanean eginen ditugu. Guk beste ikastetxeari egiten ari garena aurkeztu eta elkarrekin zer nolako kolaborazioa izan dezakegun aztertuko dugu. Gu hara joanen gara, baina haiek ere hona etorriko dira. Esaterako, hiru irakasle Alemaniako Stuttgartera joanen gara lastailaren erdialdean. Han Lanbide Heziketako ikastetxe bat bisitatuko dugu. Hango ikasleak gurera noiz etorriko diren eta bestelakoak zehaztuko ditugu. Ondoren proiektua proposatuko diegu eta haiek gure ikastetxea hobetzeko zer egin dezaketen aztertuko dugu. Martxoan ikasleekin joanen gara hara. Ez dugu zehaztuta zenbat joanen diren bizpahiru irakaslerekin batera. Hango irakasleak eta ikasleak ere gurera etorriko dira.
Zein ardatz landuko duzue?
Aurten digitalizazioa eta ingurumena izanen dira ardatz nagusiak. Proiektu bat aurkeztuko diegu: Sakana 360. Ibarrean barna ibilbide birtuala egin asmo dugu. Herrien inguru birtuala sortu nahi dugu, bakoitzaren berezitasunak azalduz. Sakana balioesteko. Eta gure kultura, ohiturak, ondarea zein den erakusteko, baita etorkizuna ere.
Bidaiak eginak hasiak zarete, ezta?
Turkian izan ziren hiru irakasle. Robotika eta digitalizazioari lotutako gauzak landu zituzten. Beste hiru Esloveniara joan ziren. Biak maiatzean. Ingurumen arloko gaiak landu zituzten. Eta hizkuntza kontuekin beste bat Irlandan izan zen agorrilean. Bidaietan ikasitakoa gure programazioetan eta ikasgaietan integratzen saiatuko gara. Gurea hobetzea baita helburu nagusia.
Lan hori guztia zeinek egiten du?
Denon artean. Irakasleok lan handia dugu, eta hau guztia gehituz gero... Baina guztiaren atzean ilusioa dago. Gauzak ongi egiteko gogoa. Eta institutua behar duen tokian jartzeko gogoa, jendeari esateko gure institutura etortzeak merezi duela.
Laguntzarik izan duzue?
Horiek egin ahal izateko aholkularitza, denbora... Ez. Guk geuk, etxean, arratsaldetan eta ahal dugun moduan egin dugu. Ikastetxeak ordu batzuk ditu. Horietatik tiraka ateratzen dira musikala, Sakana 360, Erasmus+ eta abar.
Zer ematen dio Erasmus + programak institutuari?
Lehenik, gauzak hobetzeko aukera. Kanpora ateratzea irakasle eta ikasleendako pizgarri bat izan daiteke. Kanpoko jendea ezagutzeko ilusioa. Eta, jakina, lehen aipatutako ardatzak garatu ahal izatea.
Xehetasun gehiago: https://etwinning.educacion.navarra.es/2025/10/03/el-ies-altsasu-comienza-su-andadura-en-el-programa-erasmus/
Kontaktua: Elisa Echenique
Mezu elektronikoak: eechenie@navarra.es
Telefonoa:848426975