angle-left “Urpealdia” musikalak ikusleak hunkitu ditu Altsasun

2026/05/29

Altsasuko Institutua-k “Urpealdia” musikala estreinatu zuen joan den maiatzaren 7an eta 8an, Iortia Kultur Gunea-n arrakasta handia lortuz. Guztira 3 emanaldi izan ziren. Ostegun eta ostiral goizetako saioak Sakanako ikastetxeetako ikasleei zuzendu zitzaizkien, eta ostiral arratsaldeko emanaldia publiko guztiarentzat izan zen. Hiru saioek aretoa bete zuten, 300 ikusle ingururekin emanaldi bakoitzean.

Ordubete eta hamar minutuko ikuskizunean 53 ikaslek hartu zuten parte, eta eszenatokian musika jo, kantatu, dantzatu eta antzeztu zuten. Proiektuaren atzean, berriz, urte osoan zehar ikasleekin lanean aritu den irakasle talde sendo baten lana egon da.

Ikusleen erantzuna ezin hobea izan zen. Emanaldia “harrigarria” eta “hunkigarria” izan zela nabarmendu zuten askok. Bertaratutakoek bereziki goraipatu zituzten istorioaren indarra, argiak, dekoratuak, jantziak eta koreografiak. Ikusle askok aitortu zuten emanaldia malkotan amaitu zutela, emozioak gainezka eginda.

Ikuskizunaren aurretik eta ondoren, gainera, photocall berezi bat ere prestatu zuten antolatzaileek, ikusleek musikaleko pertsonaia nagusiekin argazkiak ateratzeko aukera izan zezaten.

“Urpealdia” musikalak etorkizun distopiko batera eramaten du ikuslea: poloen urtzearen ondorioz, Sakana urpean geratu da eta itsaso zabal bihurtu da. Gizateria bi uharte nagusitan banatu da: Beriainen eta Aralarren. Beriainen teknologia eta adimen artifiziala dira nagusi; Aralarren, aldiz, natura eta tradizioa. Bi zibilizazioen arteko tentsioak eta lankidetzaren beharrak gidatzen dute istorioa.

Musikalak gaur egungo hainbat gai jorratzen ditu, hala nola larrialdi klimatikoa, baliabideen erabilera arduratsua, adimen artifizialaren erronkak, genero-berdintasuna, hizkuntza eta kultura ondarearen babesa, inklusioa, bizikidetza eta maitasuna.

Proiektuak hainbat erakunde eta enpresaren babesa izan du. Musikalaren babesle izan dira Altsasuko Udala, Lakuntzako Udala, Nafarroako Gobernua, Sakana Group kooperatiba eta Ikus-arte Visual Art enpresa.