SKOLAE hezkidetzarako programa, l'Académie de Bordeaux-n aurkeztu dute - SKOLAE hezkidetzarako programa, l'Académie de Bordeaux-n aurkeztu dute - Dpto
Urriaren 12an ospatutako Erasmus Day egunaren harira, Hezkidetza Bulegoa Bordelen izan da lan-jardunaldi batean
2022/10/21
Arantxa Agirreurreta, Erasmus + SKOLAE-GAT-eko koordinatzailea, eta Amelia Fernández de Monje, Hezkuntza departamentuko Hezkidetza Ataleko burua.
Nafarroako Hezkuntza departamentuak parte hartu du l’Académie de Bordeaux Akitaniako hezkuntza-administrazioak Erasmus + GATE (Gender awareness tackling stereotypes in Education - Hezkuntzan genero-estereotipoei aurre eginez) proiektuari buruzko topaketa-jardunaldian, Erasmus Day egunean, pasa den urriaren 12an. Nazioarteko proiektu honen baitan, Frantzian aurrera eraman diren ekimenen emaitzak partekatzeko bildu dira Erasmus+ GATEko kide diren irakasleak, ikertzaileak, ikuskatzaileak, l’Académie-ko eta Nafarroako Hezkuntza Departamentuko arduradunak.
Jardunaldian zehar, GATEn parte hartu duten irakasleek mugaz gaindiko ekimenean parte hartzera eraman dituzten motibazioak azaldu dituzte, haien parte-hartzea zertan oinarritu den azaldu dute, eta proiektuko kideek diseinatutako proposamen didaktikoak praktikan jartzean izan dituen erronkak zehaztu dituzte.
Irakasleez gainera, Edith Maruejouls geografoak, generoan aditua eta eskola-patioen eraldaketan erreferentea denak, hainbat ikastetxetan egindako esperientzien emaitzak azaldu ditu. Viviane Albenga Bordeaux Montagneko Unibertsitateko Literaturako irakasleak eta Marie Louise Petersen, Danimarkako eTwinning enbaxadorea eta generoari buruzko eTwinning taldearen sustatzaileak ere haiek abiatutako ekimenen eta egindako ikerketen berri zabaldu dute.
Testuinguru horretan, Amelia Fernández de Monje eta Arantxa Agirreurreta Hezkidetza Bulegoko buru eta aholkulariak, hurrenez hurren, SKOLAE programaren helburuak eta oinarriak aurkeztu dituzte. Egungo prestakuntza plana ere azaldu dute, eta 2017an abiatu zenetik, programa honen garapenaren mugarri nagusiak berrikusi dituzte. Ikasturte honetan, Nafarroako etapa guztietako ikastetxeen %81ek hartzen dute parte SKOLAEn, eta martxan jarri zenetik, 7.500 irakaslek baino gehiagok jaso dute hezkidetzari buruzko prestakuntzaren bat programa honen baitan.
“SKOLAE programaren garapen mailak eta etapa guztietan lortzen duen sistematizazioak zirrara eragin digute. Europako gainerako herrialdeekin lankidetzan jarraitu behar da, berdintasuna gure eskoletan errealitate izan dadin; izan ere, adituek jardunaldi honetan zehar azpimarratu dutenez, aurrera egin behar dugu eskola mistotik berdintasuna bermatzen duen beste eskola batera igarotzeko”, adierazi du Camille Mallezek, GATE proiektua koordinatzaile eta France Education International-eko ordezkariak.
Bost herrialdetako bost erakundek hartzen dute parte Erasmus+ GATE proiektuan: Finlandiako Abo Akademi unibertsitatea, Danimarkako KP University College Copenhagen unibertsitatea, Frantziako Bordeleko Académie de Bordeaux, Bulgariako European Institute eta Nafarroako Hezkuntza Departamentua.
2019an hasi zirenetik, bazkide parte-hartzaileek hezkidetzako praktika onak bildu dituzte, irakasleentzako prestakuntza proposamenak diseinatu dituzte eta 7 eta 12 urte bitarteko ikasleekin aurrera eramateko ekimen didaktikoak irudikatu eta aplikatu dituzte. Nafarroan, bost ikastetxek eta 15 irakaslek hartu dute parte genero-estereotipoei aurre egitea helburu duen SKOLAE -GATE europar proiektuan. Esperimentazio fasea amaitu ondoren, azaroko lehen hamabostaldian, Erasmus+ GATEko bazkideek ebaluazio-mintegi batean parte hartuko dute Bulgarian.
Halaber, proiektua amaitu baino lehen, 2023ko maiatzean, hedapen-jardunaldi bat egitea aurreikusi da Iruñean. Bertan parte hartuko duten irakasleek eta gainerako erakunde parte-hartzaileen ordezkariek parte hartzea espero da.