Helduarora Igarotzeko hezkuntza Programak 16 eta 22 urte arteko gazteak hartuko ditu - Helduarora Igarotzeko hezkuntza Programak 16 eta 22 urte arteko gazteak hartuko ditu - Dpto
Behar bereziak dituzten ikasleek beraien garapenerako trebetasunak garatzea du helburu ekimenak
2019/06/18
Hezkuntza Departamentuak NAOn argitaratu du hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei zuzendutako Helduarora Igarotzeko Programaren arautegia. Programa, lau ikasturtetan garatuko da ikasleak 22 urte bete bitartean eta helburu du ikasleen egokitzapen trebetasun batzuk garatzea, ikasleen garapen pertsonala, ongizate fisikoa eta natur-inguruneetako parte hartzea sustatzea, horrela bizi kalitatea hobetuz.
Azken urteetan desgaitasuna duten pertsonak ikusteko modua aldatu da, eta arreta eskaini zaio pertsona horien bizi-kalitateari eta ez hainbeste haien zailtasunei. Horrela, Hezkuntza Departamentuak beharrezkotzat jo du Helduarora Igarotzeko Programak (HIP) berrikustea, aldatzea eta eguneratzea, araudiaren eta prestakuntzaren aldetik. Era horretan, curriculuma egokitu du funtsezko alderdi moduan bizimodu independentea (pertsonalki nahiz gizartean), irisgarritasun unibertsala edo egokitzeko trebetasunak finkatuaz. Programa, gainera, ikasle bakoitzaren premietara eta horrek banako lan-planean garatzen duen esperientzia-eremura egokituko da.
Helduarora Igarotzeko Programan zehar, desgaitasun intelektuala eta garapen-arlokoa medio hezkuntza-premia bereziak eta iraunkorrak dituzten ikasleek oinarrizko jarduera hauetarako trebetasunak hartuko dituzte: norberaren zaintza, elikadura eta hidratazioa; komunikazioa eta autodeterminazioa; beste pertsonekin erlazionatzea; aisiaz eta denbora libreaz gozatzea eta horietan parte hartzea; edo lanerako trebetasunak hartzea.
Behin Oinarrizko Hezkuntza Derrigorrezkoko ikasketak amaituta, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleek ondorengo prestakuntza egiten jarrai dezakete hezkuntza-eszenatoki ezberdinetan, Nafarroako hezkuntza bereziko lau zentrotan edo HIPeko ordezko gelan.
Programara sartzea
HIPeko programan sartu ahal izango dute oinarrizko irakaskuntza hezkuntza bereziko zentro batean edo hezkuntza bereziko zentroaren ordezko gelan egin duten 16 eta 18 urte arteko ikasleek. Programa lau ikasturte akademikotan zehar emango da, eta gehienez 22 urtera bitarte parte hartu ahal izango dute. Gainera, programa honetan esku hartu ahal izango dute beste komunitate, hezkuntza-sistema edo eskolatze-modalitate bateko ikasleek.
HIPeko talde bakoitza gutxienez hiru eta gehienez bost ikaslekoa izango da. Taldeak 5 parte-hartzaile izanez gero, zentroari jada esleitutako baliabideak osatzeko baliabide gehiago esleitzea aztertuko du Hezkuntzak. Programa Pedagogia Terapeutikoko irakasleek emango dute.
Hezkuntza Departamentuak baimena emango du HIP Programa emateko ikastetxe publikoetan eta itunduetan, ikasleen hezkuntza-premien arabera. Programa amaitzen duen ikasle bakoitzak egiaztatzeko ziurtagiria jasoko du.