angle-left “Musikariak ikastetxeetan” programak lehen aldiz eginen du bere tour-a Nafarroako ikastetxeetan

Gaztetxoek aurten, euskal musikariekin zuzeneko harremana edukiko dute non eta ikasgelan, Hezkuntza Departamentuak abian jarri duen “Musikariak Ikastetxeetan” programa aitzindariari esker. 14 eta 18 urte bitarteko ikasleek musikarien bisita jasoko dute, zentroan bertan. Programan parte hartu nahi duten ikastetxeek irailaren 27ra arte egin dezakete eskaera.

2018/09/21

Musikari eta abeslariek kantu bat eskaini dute zuzenean

Gaztetxoek aurten, euskal musikariekin zuzeneko harremana edukiko dute non eta ikasgelan, Hezkuntza Departamentuak abian jarri duen “Musikariak Ikastetxeetan” programa aitzindariari esker. 14 eta 18 urte bitarteko ikasleek musikarien bisita jasoko dute, zentroan bertan. Programan parte hartu nahi duten ikastetxeek irailaren 27ra arte egin dezakete eskaera.

Helburu garbia du “Musikariak ikastetxeetan” programak: ikasleei euskal musikaren tradizioaren ibilbidea ulertzeko tresnak eman, eta, horrela, hizkuntzarekiko identifikazioa sustatzea. Bide batez, zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izanen dute ikasgeletan.

Dena euskaraz ikasten duten edo euskara ikasgai moduan daukaten DBHko 3. eta 4. mailako zein Batxilergoko ikasleei zuzenduta dago programa. Hezkuntzako Euskara Atala arduratu da antolaketaz eta guztira 88 saio aurreikusi ditu Nafarroa osoko ikastetxeetan. Saio bakoitzak 90 bat minutuko iraupena izanen du eta bertan, musikariak edo kantariak euskal musikaren ibilbideari buruzko sarrera bat egingo du eta ondoren, bere musikaren jatorria eta eboluzioa azalduko die gazteei. Halaber, letrak osatzeko idazleekin edo poetekin izan ohi duten harremanaren berri emanen die eta bere musika euskal musikaren tradizioaren baitan kokatuko du. Azalpenak zuzeneko musikarekin tartekatuko dituzte gainera.

Hizkuntzaren transmisioa, gazteek “eredutzat” dutenen ahotik

Ikastetxeetara joanen diren musikarien artean, euskal kantagintza berrienaren izen ezagun ugari dago, besteak beste: Amorante, Eñaut Elorrieta, Gorka Urbizu, Iker Lauroba, Ines Osinaga, Inun, Jon Basaguren, Joseba B.Lenoir, Joseba Irazoki, Jurgi Ekiza, Keu Agirretxea, La Basu, Maria Rivero, Mikel Markez, Miren Narbaiza, Olatz Salvador, Pantxix Bidart, Pelax, Petti, Rafa Rueda, Tristtan Mourguy, Xabi San Sebastian eta Zuriñe Hidalgo.

 

“Kulturaren eta hizkuntzaren transmisioaren mezularia da musika”, azpimarratu du Hezkuntza Departamentuko kontseilari Maria Solanak, “Musikariak ikastetxeetan” programaren aurkezpenean. Ekitaldian bertan zuzenekoa eskaini dute bertaratu diren abeslariek.

Solana kontseilariak gaineratu duenez “Hezkuntza Departamentuaren funtzioen artean dago euskaraz ikasten duten ikasleen hizkuntzarekiko identifikazioa eta euskal kultura tradizioaren transmisioa eta ezagutza sustatzea, kantagintza oso baliagarria izan daiteke horretarako, horregatik musikariak eta kantariak ikasgeletara hurbiltzeko programa diseinatu eta martxan jartzen ari gara”.

Hezkuntza Departamentua ohartuta dago musikaren kontsumoak zer nolako garrantzia daukan gazte eta nerabeen artean. Atxikimendu hori pedagogikoki eta kulturalki aprobetxatzeko proposamena da “Musikariak Ikastetxeetan” programa. Gogoko musikaria edo kantaria bertatik bertara ezagutzeaz gain, gazteek musika horren esanahi kulturalaz gehiago jakiteko aukera izanen dute, bai eta beste euskal musikariekin dauden loturak ulertzeko ere. Azken finean, hizkuntzaren transmisioa eginen die gazteak identifikatzen diren kantari-musikari ezagun batek. Helburua erdiesteko bitartekari ezin hobea delarik mezularia bera.

2018ko urritik abendura bitartean antolatuko dira saioak. Ikastetxeek saio bat baino gehiago edukitzeko aukera izanen dute, ikasmaila bakoitzean dagoen matrikula kopuruaren arabera. Saioa antolatu ahal izateko, ikasmaila horretan gutxienez 15 ikasle beharko dira. Saio bakoitzean, bestalde, ez dira 40 ikasle baino gehiago egonen, oro har.

Programan parte hartzeko epea astelehena irailak 17tik zabalik da eta ikastetxeek irailaren 27ra arte dute izena emateko aukera. Behin eskaera guztiak jasota, Euskara Atalak eta programaren kudeaketaz arduratuko den Digitalidadea SL enpresak saioak banatuko dituzte ikastetxeetan. Programaren aurrekontua 29.920€koa da.

Kontaktua: Hezkuntza Kabinetea